Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde politikoak ez datoz bat Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren agintaldiko lehen urtearen balantzea egiterakoan. Gobernua sostengatzen duten alderdiek balorazio ona egin dute, eta gaur egungo erronkei erantzuten ari zaiela azpimarratu dute. Aldiz, oposizioan daudenek kontrako iritzia agertu, eta nabarmendu dute Eusko Jaurlaritza hau aurrekoaren bidetik ari dela, arazoei errotik heldu ezinik. BERRIAk balorazioa eskatu die ordezkariei, eta hauek dira erantzunak:
NEREA KORTAJARENA. EH BILDU.
«Gobernu hau ez da hartzen ari garaiak eskatzen duen martxa»
EH Bilduren arabera, Imanol Pradales Ajuriaenera iristeko EAJk eta PSE-EEk egindako ituna bera akats bat da, eta, beraz, lehendakariaren agintaldiko lehen urtearen balorazioak negatiboa izan behar du ezinbestean. Hala azaldu du Nerea Kortajarena indar subiranistaren Eusko Legebiltzarreko kideak: «Gobernu hau arazo batekin jaio zen: gobernua eratzea bera helburu bilakatu izana. Eta horrek eragin du ez izatea elkarrekin herri proiektu konpartitu bat».
Uste du hori agerian geratu dela azken asteetan, gobernu bazkideen artean piztutako krisiarekin, eta ohartarazi du desadostasun horiek «politika publikoak mugatzen eta hipotekatzen» ari direla: «Pradalesen Jaurlaritza ez da hartzen ari garaiak eskatzen duen martxa». Kortajarenak «inprobisazioan» aritzea egotzi dio, eta «modu erreaktiboan» funtzionatzea, «oso epe motzeko begiradarekin». «Urtea pasatu du iragarpenak egiten, zerbait desberdina egin behar den behar horri erantzuteko, baina gero funts politiko gutxikoak dira denak».
Industriaren Defentsarako Taldea jarri du adibide gisa. Iragarri eta martxan jarri zenetik, taldeak bi bilera egin ditu; azkena, apirilaren 9an, AEBetako presidente Donald Trumpek piztutako merkataritza gerrari aurre egiteko neurrien berri emateko. «Denbora pasatuta, inork ez daki zertan ari den talde hori». Kritiko azaldu da industria planarekin ere, eta salatu du enpresa pribatuen esku utzi duela haren diseinua, baita Kultur Sistemaren Legearena ere.
«Oposizioak aurkezten dituen proposamenak mehatxutzat hartzen dituzte, eta ez elkarlanerako aukera gisa»
«Gobernua berria da, bai, baina gobernuan dauden alderdiek urteak daramatzate herri honen zati hau gobernatzen, azken urteak gehiengo osoarekin, gainera. Eta ez dituzte ardurak hartzen; ez dago inolako autokritikarik». Kortajarenak iritzi dio hori Eusko Legebiltzarrean ere islatzen dela, duela bi asteko saio monografikoan ikusi zenez. «Oposizioak aurkezten dituen proposamen guztiak mehatxu edo arriskutzat hartzen dituzte, eta ez elkarlanerako aukera gisa».
Politika egiteko modu horrekin «hautsi» egin behar dela iritzi dio EH Bilduko bozeramaileak, garaiak berak «elkarlanerako dinamikak sortzea» eskatzen dutelako, hala Gasteizko ganberan nola handik kanpo. «Baina horrek eskatzen du identifikatzea zeintzuk izan daitezkeen elkarlanerako espazio horiek, eraginkorrak izan daitezen. Eta, momentuz, hori ez gara ikusten ari», azpimarratu du.
ALBA GARCIA. SUMAR
«Gobernu honek ez dauka proiekturik»
Sumarrek ere ez du ontzat jo Eusko Jaurlaritzaren legealdiko lehen urteko jarduna, eta, aurreko gobernuarekin alderatuta ere, ez du aldaketarik ikusten. «Erabat jarraipenekoa da», esan du Alba Garcia Sumarrek Eusko Legebiltzarrean duen taldearen koordinatzaileak, eta egotzi dio «ideiarik gabe» eta «ekimen legegilerik gabe» jardutea: «Aurreikus daiteke zer egingo duen, eta egin dituen aldaketa gutxi batzuek lotura handiagoa dute marketinarekin, benetako asmoekin baino».
Sumarren iritziz, Imanol Pradalesen gobernuak «ez dauka proiekturik» gaur egungo erronkei erantzuteko, eta azpimarratu du hori Eusko Legebiltzarrean ere islatzen dela. «Gauzak egiten ari diren modua, legebiltzarrera ekartzen dituzten ideiak... ez datoz bat herri honek dituen erronkekin». Eta kritikatu du, halaber, ez dituela garatu aurreko legealdian onartu ziren lege nagusiak, Hezkuntza Legea eta Trantsizio Ekologikoaren eta Klima Aldaketaren Legea, kasurako.
«Gobernu honi ideia berriak eskatzen dizkiogu, eta ez badauka, guk eman diezazkiokegu», azpimarratu du Garciak. Eta gogoratu du, hain justu ere, Sumarrek 54 ebazpen aurkeztu zituela joan den asteko saio monografikoan, baina EAJk eta PSEk ez zituela negoziatu nahi izan. «Etxebizitza arloko premiazko proposamenak ere adabakiak baino ez dira, eta oraintxe behar ditugun politiken aurkako norabidean doaz, ez baitute sakoneko aldaketarik ekarriko».
«Gauzak egiten ari diren modua, legebiltzarrera ekartzen dituzten ideiak... ez datoz bat herri honek dituen erronkekin»
Adostasunak lortzeko gaitasunik eza ere egotzi dio Pradalesen Jaurlaritzari, eta Osasun Ituna erabili du hori arrazoitzeko: «Sentsazioa dugu sarritan iragarpena egin nahi duela soilik, berehala kontsentsuaren titularra atera nahi duela, baina oinarrizko arazoak konpondu gabe». Garciak nabarmendu du Sumarrek ez diela «beldurrik» akordioei, eta prest dagoela itunak egiteko, argazkitik eta titularretik harago joateko badira betiere.
JAVIER DE ANDRES. PP.
«Ez dugu antzeman joera irauliko duen pultsu politikorik»
Alderdi Popularrak egin duen balantzea ere ezkorra izan da. Pradalesen Jaurlaritza «kontinuista» dela iritzi diote popularrek, eta premiazko arazoei erantzun ordez «propaganda egitea» egotzi diote, «dena ongi doanaren itxura emateko». «Ez dugu antzeman joera irauliko duen pultsu politikorik. Ondo funtzionatzen ez zuen zerbaiten jarraipena da gobernu hau», adierazi du Javier de Andresek, PPk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak, Bilbon egindako agerraldian. Azpimarratu du etxebizitzaren, osasunaren, segurtasunaren eta industriaren egoera ez dela ona, eta ohartarazi du iraganeko formulek ez dutela arazoa konponduko.
JOSEBA DIEZ ANTXUSTEGI. EAJ.
«Gobernua martxan dago, eta norabidea ezarrita dauka»
Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiek argi dute: Imanol Pradalesen agintaldiko lehen urtea «emankorra» izan da, eta agerian geratu da haren «lidergoa». Hala nabarmendu du Joseba Diez Antxustegik, jeltzaleek Eusko Legebiltzarrean duten bozeramaileak: «Hauteskundeak irabazteaz gain, gobernu sendo eta egonkor bat osatu du, eta lortu du akordioak egitea. Emaitzak hor daude: aurrekontuak onartu zituen, ituna egin zuen Ertzaintzako sindikatuekin eta hezkuntzakoekin, Osasun Itunerako mahaian akordioa lortu da 24 ildo estrategikoetatik 22etan, Euskal Finantza Aliantzarako mila milioi euro adostu ditu, Industria Plana aurkeztu du...».
«Gauza asko egin dira lehen urte honetan, eta horrek egonkortasuna eman dio gobernuari, eta baita herriari ere», laburbildu du Diez Antxustegik. Erantsi du itun horiek guztiek lehendakariaren gobernantza eredua islatzeaz gain, hurrengo urteetarako bide orria zehazten lagundu dutela: «Gobernu hau martxan dago; herri hau martxan dago: norabidea ezarrita daukagu, eta erritmoa jarri diogu eguneroko jardunari».
Akordio horietako batzuk Iñigo Urkulluren gobernuari egindako osoko zuzenketak ote diren galdetuta, Diez Antxustegik ez du uste hala denik. Nabarmendu du nork bere gobernantza eta lidergo ereduak dituela, eta, beraz, taldeak aldatu diren heinean horiek ere aldatu egin direla. «Beste egoera bati aurre egitea tokatu zaio Pradalesi. Argi dago zeintzuk diren gizartearen kezka nagusiak, eta gobernua horiei erantzuteko prest dago».
«Gauza asko egin dira lehen urte honetan, eta horrek egonkortasuna eman dio gobernuari, eta baita herriari ere»
Gobernu bazkideen artean sortutako krisiari ez dio garrantzirik eman Diez Antxustegik. EAJk eta PSEk ildo politiko ezberdinak dituztela nabarmendu du, eta alor askotan iritzi ezberdinak izatea «normala» dela. Zehaztu du, hala ere, desadostasun horiek eskumenen bueltan sortu direla, eta ez hainbeste Jaurlaritzaren jardunari lotuta. «Uste dut jendeari inporta zaizkion gauzetan, egunero kudeatu behar ditugun gauzetan nahiko erraz ados jartzen garela».
Legebiltzarrean ere «giro atsegina» dagoela nabarmendu du, eta eztabaida maila «ona» dutela, «bai forman, bai edukian». Legealdi honetan «lege garrantzitsuak» onartuko dituztelakoan dago. Gogora ekarri du Gardentasun Legea tramitazio bidean dela ganberan jada, baita etxebizitza arloko premiazko proposamenena ere. Horiei ekarpenak egiteko ateak zabalik dituztela gogorarazi dio oposizioari.
EKAIN RICO. PSE-EE.
«Bide onetik goaz; emaitzak onak dira»
Pradalesen agintaldiko lehen urteari buruz PSEkoek egin duten balantzea ere ona izan da. Ekain Rico sozialistek legebiltzarrean duten taldearen idazkari nagusiak adierazi du gobernu programa abian jartzea lortu dutela, eta emaitzak jada bistakoak direla. Hain justu, langabezia datuak, etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko gobernu bazkideek aurkeztutako proposamenak eta Osasun Mahaia nabarmendu ditu: «Bide onetik goaz, eta ildo horri jarraitu behar diogu, emaitza onak ematen ari baita; halere, are hobeak izatea lortu behar dugu».
Horretarako, koalizio gobernua entzuteko prest dagoela berretsi du Ricok, eta azpimarratu «elkarlanerako» borondatea erakutsi duela hasieratik. Oposizioari, berriz, «ekarpenak» egiteko eskatu dio: «Aurreko legealdian ere kritikatu ziguten oposizioari entzungor egin eta gehiengo absolutua baliatzea legeak onartzeko. Ez da egia, lege gehienak hirugarren talde batekin onartu baikenituen», adierazi du. «Gauza bat da esaten dena, eta beste bat errealitatea».
«Gobernu hau buru-belarri ari da lanean herritarren arazoei eta Euskadik gaur egun dituenei erantzuteko»
Aurreko legealdiarekin alderatuta aldaketak egon badaudela aitortu du, baina normaltasunaren barruan kokatu ditu hark ere, jokalekua bera ere aldatu egin delako. «Baina horrek oraindik eta anbiziotsuagoak izateko aukera ematen digu, eta esango nuke bagarela jada. Gobernu hau buru-belarri ari da lanean herritarren arazoei eta Euskadik gaur egun dituenei erantzuteko». Eta adierazi du kopuruz lege gutxiago onartu asmo badituzte ere garrantzi handia dutela horiek ere: «Ez dira iragarpen hutsak».
Gobernuko bazkideen arteko harremanaz galdetuta, berriz, «ona» dela azaldu du. Eta adierazi du adostutako ituna dela Eusko Jaurlaritzaren bide orria, «gai batzuetan desadostasunak izan arren». «Desadostasun horiek azaleratzean ez daukagu albo batera begiratu beharra; bakoitzak bere iritzia ematen du, normala den moduan. Hala ere, erakutsi dugu gai garela ados jartzeko herritarrentzat garrantzitsuak eta funtsezkoak diren gaietan».