Baztanen erabaki nahi dute

Aroztegiari buruz erabakitzeko Baztan osorako herri galdeketa egiteko eskatu dute Elizondon

Elizondoko udaletxe plazatik abiatuta egin zuten manifestazioa, atzo. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Elizondo
2016ko apirilaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aroztegiko hirigintza proiektuak harrabotsa eragin du Baztanen. 228 etxebizitza, hotela eta golf zelaia egiteko proiektuak zuzen-zuzenean Lekarozko herriari eragin arren, bailara osoari ere eragingo dio, eta, horregatik, Baztanen herri galdeketa egiteko eskatzen du Aroztegia... eta gero zer? plataformak. Atzo arratsaldean Elizondon antolatutako manifestazioan 1.500 herritar inguruk bat egin zuten eskaera horrekin. Amaieran Jon Elizetxe plataformako kideak adierazi zuenez, gainera, herri galdeketa eskatzeko 700dik gora sinadura bildu dituzte jada. «Ez gara Aroztegiko hirigintza proiektuari buruz bakarrik ari, herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko eskubideari buruz baizik», aldarrikatu zuen Miren Meoki Lekarozko alkateak manifestazio amaieran.

Ordu laurdeneko atzerapenarekin ekin zion manifestazioak Elizondoko udaletxeko plazan. Lagun ugari elkartu ziren Aroztegia... eta gero zer? plataformak egindako deialdira. Nahiz eta manifestarien artean Baztandik kanpoko lagunen batzuk izan, gehienak bailarakoak ziren, eta horrek esan nahiko luke populazio helduaren %15 inguru elkartu zela atzo. Aurpegi ezagunen artean, han ziren Joseba Otondo Baztango alkatea, Garbiñe Elizegi alkate ohia, EH Bilduko Adolfo Araiz eta Arantza Izurdiaga, Juan Carlos Longas parlamentari ohi etaNUPeko irakaslea, Itxaro Borda idazlea eta Asisko Urmeneta marrazkilaria.

Aroztegia proiektuaren aurkako eta Geroa Bairen aurkako makina bat mezu irakur zitezkeen karteletan: adibidez, Geroa Bai=UPN, desberdine aurpegi berdine; Geroa Bai, Baztan ez dago salgai; Baztan saldu nahi dute lau sosen truke eta Baztan D'or Mordor. Manifestazioak giro lasaian egin zuen aurrera, eta Aroztegiaren aurkako oihuak entzun ziren.

Hasi zen plazan amaitu zen. Miren Meokik hartu zuen hitza, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria egin zuen. «Aroztegiko proiektua nazioartekoa dela dioten horiei erran nahi diegu erabakitzeko eskubidea ez dela mugatzen zein naziotako biztanleak izan nahi dugun erabakitzera». Haren esanetan, bizitzako arlo guztietara eraman nahi dute eskubide hori.

Hala, Aroztegiko hirigintza proiektua Lekarozen denez, hasieratik bertako herritarrei galdetzea nahi izan dutela esan zuen Meokik. «Lekaroztarrok argi eta garbi erran dugu Aroztegiko proiektua ez dela gure herriarentzat onuragarria, eta ez dela Lekarozen edota Baztanen nahi dugun garapen eredua». Dena den, «eskuzabal» jokatzeko prest direla adierazi zuen, eta, hartara, plataformak Baztan osoko herri galdeketa egitea aldarrikatzen du. Meokiren ustez, proiektuak «aurrekari arriskutsua» ezar dezake Nafarroan, UGEP udalerriz gaindiko eragina duen planaren bidez Baztango udalaren erabaki ahalmena saihestu duelako gobernuak. «Nola erran dezake gobernu demokratiko batek ez duela herritarren iritzia jakin nahi, edo galdetzea legez kontrakoa dela?». Jarrera hori inposatzailea dela deritzo Meokik.

850 etxe hutsik

Elizetxek gogora ekarri zuen 350 biztanleko herri batean altxatu nahi direla 228 etxe, hain justu, eskualde osoan 850 etxe hutsik direlarik. «Norendako da proiektua onuragarria? Hura nahi ez duten lekaroztarrendako?». Salatu zuenez, hasieran proiektuaren atzean Caixa Galicia zegoen, 9.000 milioi euroko kapital publikoa jaso duena. Era berean, salatu zuen proiektua sustatu duen Palacio de Aroztegia SLko akziodunek Sicaven jabe direla. «Zertarako eta noiz arte segitu behar dugu sistema ustel eta suntsitzaile hau elikatzen? Non dago hainbertze iragarri diguten aldaketa?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.