EAJk irailaren hasieran jakinarazi zuen errelebo bat izango zela Espainiako Senatuan: 2023an Gasteizko alkategai izan zen ordezkariak, Beatriz Artolazabalek, Espainiako Senaturako bidea hartuko zuen, Eusko Legebiltzarrak EAJren proposamena onartzen zuenean. Bada, gaur bertan iritsi da izendapena. Artolazabalek aldeko 39 boto jaso ditu, EAJ eta PSE-EErenak, eta 36 boto zuri, gainontzeko alderdienak. Hala, Estefania Beltran de Heredia ordezkatuko du Artolazabalek Espainiako Senatuan. Alderdiak jakinarazi zuenez, Espainiako Senatuko orain arteko bozeramaile jeltzaleak bere ibilbide politikoari amaiera ematea erabaki du.
Hori horrela, Senatuko Euskal Taldeak beste eledun bat dauka gaurtik hasita. Beltran de Herediak «aspaldian» adierazi ei zuen Sabin Etxean bere ibilbide politikoari amaiera emateko asmoa zuela; Gasteizko alkateorde Artolazabalek hartu du lekuko hori.
Artolazabalek Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu izateari utzi zion 2022an, Gasteizko alkategai izateko 2023ko udal eta foru hauteskundeetan, baina emaitza eskasak atera zituen, eta laugarren geratu zen, EH Bildu, PSE-EE eta PPren atzetik. Ordura arte, EAJ Gasteiz gobernatzen ari zen Gorka Urtaranekin, baina Araba Buru Batzarrak deliberatu zuen Urtaran ordezkatzea eta Artolazabal izendatzea alkategai 2023ko bozetarako.