Tolosako epaitegi batek 180 eta 540 euro bitarteko isunak ezarri dizkie bederatzi laguni, Beasaingo (Gipuzkoa) txosnetatik bi polizia kanporatzea egotzita. Maiatzaren 30etik ekainaren 8ra ospatu zituzten Loinatz jaietan gertatu zen, iaz. Bi lagun absolbitu egin dituzte; dena den, epaia behin-behinekoa da.
ERNE sindikatuak jarri zuen salaketa, eta salatu bi polizia agenteak «zerbitzutik kanpo» zeudela gune horretatik joatera «behartu» zituztenean. Salaketa aurkeztu ez ezik, gertatutakoa gaitzesteko ere exijitu zion ERNEk Beasaingo Udalari. Horren harira, udalak ohar bat kaleratu zuen, EAJren, PSE-EEren eta Elkarrekin Ahal Dugu-ren babesarekin. Ohar horretan, adierazten zuten halako jarrerak ez zetozela bat «gizarte demokratiko batekin».
Hainbat akusatuk, ordea, auzi saioan argudiatu zuten txosnetan «segurtasuna» bermatzeko asmoz hartu zutela erabaki hori, ikusita bi polizien presentziak «giroa gaiztotu» zezakeela.