Behin-behinean artxibatu dute Iruñeko Karpa Unibertsitarioko festan egindako sexu erasoaren salaketa

Urrian lau gizon atxilotu zituzten, baina abenduaren erdialdean aske utzi zituzten, erasoan jasotako laginean aurkitutako DNA ez baitzetorren bat atxilotuenarekin. Ez dute lortu erasotzaileari buruzko informaziorik, eta horregatik artxibatu dute kausa.

 Saretuk eta Itaiak urrian deitutako elkarretaratzea, NUPen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Saretuk eta Itaiak urrian deitutako elkarretaratzea, NUPen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko urtarrilaren 14a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hautsak harrotu zituen urriaren 23an Iruñean egindako Karpa Unibertsitarioko festan gertatutakoak. Media Luna parkean, lagun talde batek emakume bat konortea erdi galduta aurkitu zuen. Poliziari deitu zioten, eta, erietxera eraman ostean, emazteak salatu zuen bortxatu egin zutela. Lau egunen ondoren, Iruñeko udaltzainek lau gizon atxilotu zituzten, bortxaketa eta lapurreta leporatuta. Iruñeko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren arloko epaileak agindua eman zuen atxilotutako lau gizonak behin-behinean espetxeratzeko, «ihes egiteko arrisku handia» atzemanda. Hilabeteren ondoren, gaur, epaileak behin-behinean artxibatu du salaketa, erasotzaileari buruzko informazio gehiago bildu artean.

Auziak zeresan handia eman zuen Nafarroako hiriburuan. Izan ere, biktimak eta haren familiak kasuaren inguruko daturik ez argitaratzeko eskatu bazuten ere, zenbait komunikabidek, eragile politikok eta sare sozialen erabiltzailek gertatutakoaren gaineko xehetasunak zabaldu zituzten, atxilotu zituzten gizonen jatorriari erreferentzia eginez. Iruzkin xenofoboak eta arrazistak egiteko baliatu zuten kasua, eta immigrazioa sexu erasoak ugaritu izanarekin eta segurtasunik ezarekin lotzeko. Are gehiago, Poliziak filtratutako informazioa baliatuz, UPNk eta PPk ontzat jo zituzten akusazioak, eta kargu hartu zioten Herritarren Segurtasun arloko zinegotzi Endika Alonsori, haren dimisioa eskatzeraino. 

Abenduaren 19an, epaileak aske utzi zituen lau gizonak, erasoaren ondoren jasotako laginean aurkitutako gizonezko baten DNA ez zetorrelako bat atxilotuenarekin. Abenduaren 23an udaletxean egindako agerraldian, Iruñeko alkate Joseba Asironek «erantzukizuna eta etika politikoa» exijitu zizkien UPNko Ibarrolari eta PPko Garcia Adanerori: «Kontrastatu gabeko filtrazioei sinesgarritasuna eman, eta behin eta berriro errepikatu zituzten hurrengo asteetan telebista platoetan, irrati estudioetan eta sare sozialetan, mezua nahita anplifikatuz, jakinda biktimari eta hiri osoari kalte egiten ziotela». Areago, Berdintasun zinegotzi Zaloa Basabek «pertsonarik zaurgarrienak kriminalizatuz» «izua» eragin izana leporatu zien UPN eta PPko buruzagiei.

Bada, gaur bertan, epaileak behin-behinean artxibatu du salaketa, erasotzailearen inguruko datuak biltzeko ezintasunagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.