Servinabar eraikuntza enpresaren egoitza miatu zuten Guardia Zibileko UCO Unitate Zentral Operatiboko poliziek atzo sei orduz, arratsaldeko 18:15etik gauerdira bitarte, Iruñeko San Nikolas kalean. Kartoizko bi kutxa handi eta plastikozko poltsa batzuk atera zituzten, eta Gazteluko plazan zegoen ibilgailu batean sartu. Operazioa Abalos auziarekin erlazionatuta dago. Espainiako Auzitegi Gorena ari da auzi hori ikertzen.
Servinabar 2000 SM enpresaren jabea Antxon Alonso enpresaburu elgoibartarra da. Iazko urtarrilean egin zen ezagun enpresa, Nafarroako Gobernuak Belateko tunelak zabaltzeko obrak esleitu zizkiolako. Aldi baterako enpresa elkarte bateko kide gisa aurkeztu zen Servinabar, Acciona eta Oses Construcciones enpresekin batera. 2023ko abenduan adjudikatu zen obra, eta iazko urtarrilaren 23an izenpetu zen 73 milioi euroko kontratua.
Esleipen prozesu horretan irregulartasunak izan zirela salatu zuen UPNk, epaimahaiko bi kidek adierazitakoan oinarrituta. Belateko tunelen obra zer enpresari eman erabakitzeko epaimahaia zortzi teknikarik osatu zuten, horietako bost Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko ordezkariak. Epaimahaiko bi kidek, boto partikular bidez, adierazi zuten enpresek aurkeztutako sei proposamenak aztertzeko orduan azalpen teknikoa ez zela behar bezala arrazoitu. Gainera, adierazi zuten egun batzuez proposamenak sare berezi batean egon zirela, Obra Publikoko Zuzendaritza Nagusiko edozein langilek ikusteko moduan.
Aldiz, Nafarroako Gobernuak beti defenditu du adjudikazioa legezkoa izan dela, eta gardentasunez egina. Hainbat aldiz eman behar izan zituzten azalpenak Nafarroako Parlamentuan Lurralde Kohesioko eta Obra Publikokoko Departamentuko arduradunek. Besteak beste, Pedro Lopez Obra Publikoko zuzendariak argitu zuen prozedura egoki egin zela. Halaber, ikuskaritza bat egin zen sare berezi horretan zeuden eskaintzak nork ikusi zituen begiratzeko, eta Lopezek adierazi zuen egiaztatu zela guztiak prozedurarekin erlazionatuak izan zirela.
Nafarroako Kontu Ganberak prozedura guztia aztertu zuen, eta ondorioztatu zuen ez zegoela ezer legez kanpokorik. Dena den, eman zituen aholku batzuk eskaintza aztertzeko orduan prozedura hobetu dadin eta aukera berdintasuna bermatzeko.
Nafarroako Parlamentuan hainbat aldiz hitz egin da gaiaz, eta handik auzitegietara jo zuen UPNk. Gainera, beste norbanako batek ere salaketa jarri du. Hala, auzia Guardia Zibilaren UCO unitatera iritsi da. Azken asteetan, UCOren balizko txosten bati erreferentzia egin zaio, eta kasua Santos Cerdan PSOEko Antolamendu idazkariarekin eta Abalos auziarekin erlazionatu da.
Hala, maiatzaren 29an, Javier Esparzak aurreratu zuen Guardia Zibila gaia ikertzen ari zela «UPNri esker». Gaineratu zuen Antxon Alonso Santos Cerdan PSOEko Antolamendu idazkariaren «laguna» dela. «Nork aurkeztu zuen Alonso? Baldintza horietan gobernu batek ezin zion obra enpresa hari esleitu». Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak esan zuen azalpen guztiak eman dituztela, eta UPNk «dinamika arriskutsua» hartu zuela, ez zuelako Nafarroako Kontuen Ganberak zioena aintzat hartu. UCOri buruz espekulazioetan aritzea aurpegiratu zion orduan: «Ba al da txostenik? Ez dago».
Astelehenean, berriz, Ramon Alzorriz PSNko presidenteordeak adierazi zuen Belateko tunelak zabaltzeko obrak «Cerdani esker» egin ahal izan direla. Gogora ekarri zuen Europako Batasunak tunelak ixteko mehatxua egin zuela, ez zituelako EBren baldintzak betetzen. Alzorrizen esanetan, PSOEko agintariak presio egin zuen obrak bizkortu eta finantzaketa lortzeko.
UPNren iritzia
Orain, atzoko miaketaren berri izanda, UPNk azeleragailua zapaldu du. «Ikerketa hau UPNk 2023ko irailean egindako salaketari esker egin ahal izan da», nabarmendu du Cristina Ibarrola presidenteak, eta gaineratu du akusazio partikular gisa aurkeztuko dela alderdia. Gainera, Maria Txibiteren premiazko agerraldia eskatu du «azken hamar urteetako obra publiko handienaren arduradun politikoak azalpenak eman ditzan».
Ibarrolak salatu du «orain arte» gobernua eta hura babesten duten parlamentu taldeek adjudikazioa ikertzeko batzordea blokeatu dutela. «Orotariko oztopoak jarri dizkigute, eta prozeduran izandako mezu elektronikoak ikustea galarazi digute». Txibiteri ere galdetu dio ea orain ere esango duten dena legezkoa eta gardena izan dela. Berriro ere Nafarroako Parlamentuan ikerketa batzordea osa dadila eskatuko dute. Nafarroako PPk ere eskaera bera egin du.