Bernardo Zirizak ukatu egin du Belateko tunelaren kontratazio mahaiaren kontrola duela

Lurralde Kohesioko kontseilari ohiak ukatu egin du Santos Cerdanen agindurik jaso izana. «Asmakizun hutsa da hori», adierazi du. Azpimarratu du karguan emandako lau urteetan Servinabarri ez zitzaiola adjudikaziorik egin.

Bernardo Ziriza UPNko Javier Esparzari entzuten, ikerketa batzordean. JESUS DIGES / EFE
Bernardo Ziriza UPNko Javier Esparzari entzuten, ikerketa batzordean. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2026ko otsailaren 3a
13:34
Entzun 00:00:00 00:00:00

Teknikariak eta enpresaburuak igaro ondotik, arduradun politikoen txanda iritsi da Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordean. Bernardo Ziriza Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko kontseilari ohiak azpimarratu du berak ez zuela kontratazio mahaia kontrolatzen: «Jesus Polo, kontratazio mahaiko burua, ez zen nire konfiantzazko gizona, ezta gainerako zazpi kideak ere. Ez dut inoiz haien autonomia zalantzan jarri. Libreki bozkatu eta erabaki dute». 

Zirizak 2019ko abuztuan hartu zuen kargua. «Ofizialki 2004tik ez zen Europako araudia betetzen, eta estraofizialki lehenagotik zekiten hori. Hamabost urte iragan ziren, eta ez zegoen ezer landuta». Zirizak ez du ulertzen zergatik ez zuten ezer egin UPNko gobernuek eta Uxue Barkosenak. «Uste dut utzikeriaz jokatu zutela. Ezin dut ulertu. Erantzukizun zibil eta politikoak izan zitzaketen». 

Gogora ekarri duenez, Europako Batasunak gehienez 1,5eko segurtasun indizea baimentzen du, eta Belatekoak 3,6koa zuen —Almandozek, berriz, 1,2koa—. «Errepide mozketak izaten ziren egunero, istripu ugari, hildakoak... Txikikeriarik txikienagatik ezin nuen lo egin», aitortu du, eta gogora ekarri du Suitzako tunel batean istripu larria izan zela. «Besteek beren gain hartu ez zuten erantzukizuna hartu behar izan nuen nire gain». 

Liskarra UPNrekin

UPNko Javier Esparzak gogor egin dio, eta etengabe moztu diote hitza elkarri. Esparzaren esanetan, PSOEko Antolakuntza idazkari ohi Santos Cerdanen «konfiantza osoa» zuen Zirizak. Kontseilari ohiaren esanetan, Espainiako Gobernuarekin hainbat aldiz bildu ziren Madrilen eta Iruñean herri lan horren proiektuaz eta finantzaketaz eztabaidatzeko. Bilkura horietako batzuetan Cerdan izan zen, eta, horri buruz galdetuta, Zirizak erantzun du «jarrera diskretua» izan zuela. «Guk, berriz, umiltasunez planteatu genituen bilerak, laguntza eskatzera gindoazelako. Ez zen erraza izan». 

Zirizak Pedro Lopez Bera izendatu zuen Herri Lanetako zuzendari. Izendapen hori norekin kontsultatu zuen galdetuta, «pertsona askorekin» hitz egin zuela adierazi du. Ez du zehaztu norekin, baina ukatu egin du PSNko hainbat goi kargurekin hitz egin izana —hala nola Maria Txibite alderdiko buru eta Nafarroako presidentearekin, Cerdanekin, Ramon Alzorriz PSNko idazkariorde nagusi ohiarekin eta Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordearekin—. 

Horrez gain, ukatu egin du Cerdanek inongo agindu politikorik eman izana Belateri buruz. Haren esanetan, Txibitek lehentasun politikotzat jo zuen egitasmoa segurtasun arrazoiengatik, eta Zirizak arazoaren berri eman zien alderdi guztiei Errepide Mahaian. Azkenik, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k 2020ko ekainean hitzartu zuten egitasmoa gauzatzea.

Lizitazioaz arduratu behar izan zuen, eta haren agintaldi amaieran osatu zen kontratazio mahaia. UPNk aurpegiratu dio kontratazioan politikoki esku hartu nahi izana. Horretarako, prozesu hasieran bidalitako mezu elektroniko bat aurkeztu du. Mezu horretan, Herri Lanen zuzendaria izendatzea proposatu zuen Zirizak —legeak debekatu egiten du—. «Ez nekien. Idazkari judizialak esan zidan hori ezin zela egin, eta berehala bota nuen atzera». Haren esanetan, mahaia «plurala» izatea nahi zuten: proiektua egin, lanak zuzendu eta etorkizunean mantentze lanez arduratuko ziren sailetako ingeniariak sartu zituzten bertan. 

EH Bilduko Adolfo Araizek, bere txandan, agerian utzi du eskuinaren kontakizunaren konplexutasuna. «Eskuinak balekotzat jotzen du Cerdanek 2019tik partaidetzat izatea Servinabarren, eta, zantzu horretatik aurrera, Cerdanek hariak mugitu zituen pertsona asko inplikatzeko». Ironiaz, ondorioztatu du ustezko plan antolatu horrek zera eskatzen zuela: Nafarroako Gobernua osatzea, Ziriza kontseilari izendatzea eta gero departamentu barruan hainbat aldaketa egitea. «Erabateko asmakizuna da. Nire agintepean, Servinabarri ez genion obra bakar bat ere esleitu», erantzun du Zirizak. 

Batzordearen erabakiak

Bihar, Pedro Lopez Bera zuzendari ohia igaroko da batzordetik. Gainera, datozen asteetan UCOko guardia zibilak igaroko dira. Agerraldia sekretupean izatea eskatu dute, baina ez da onartu —ezingo da irudirik hartu—. Gainera, UPNren eskariz, Eduardo Montes Accionako iparraldeko arduraduna igaroko da batzordetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.