Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Isabel Salud. Elkarrekin Podemos

«Beldurra hedatzen saiatzen ari dira, beldur direlako»

Ezker Anitza eta Ahal Dugu kide dituen koalizioa PPren garaipena ezbaian jartzeko moduan dagoela uste du Saludek; dioenez, ez dute proposatzen «dena hankaz gora» jartzea, eta aldaketa «egingarri» dela uste du.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2016ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Isabel Salud Ezker Anitzako koordinatzaileak (Sant Climent de Llobregat, Katalunia, 1961) Elkarrekin Ahal Dugu koalizioko bigarren postua du Gipuzkoan Espainiako Kongresurako hauteskundeetan. Bilbon ordezkari sindikalekin topaketa bat duela baliatuta, BERRIAren Bizkaiko egoitzara jo du, elkarrizketa hau egiteko.

Zuen koalizioa da kanpaina honetako berrikuntza bakanetako bat. Zergatik izan da orain bideragarria duela sei hilabete ezinezkoa izan zena?

Egia da gu garela berrikuntza, eta, gainera, inkesten arabera, PPrekin lehiatzen ari gara hauteskundeetan garaitzeko. IUk, Alberto Garzon buru delarik, beti esan du batasuna beharrezkoa dela herrialde hau pobreziara eraman duten PPren politikak atzera botatzeko. Beharra objektiboa da, eta hori esan genuen aurreko hauteskundeetan, baita udal hauteskundeetan ere. Gure ustez, batasuna estrategikoa da, luzera begirakoa, eta, oraintxe, hauteskunde koalizioan gauzatzen da. Aurrekoetan, Podemosek ez zuen gaia berdin ikusten, baina guk nahiago dugu atzera ez begiratu. Orain ikusi da koalizioa egingarria ez ezik beharrezkoa ere badela.

Zer iritzi duzu orain arteko kanpainaz? Badirudi zuen koalizioa gainerako alderdien kritiken jomuga izaten ari dela.

Hala da; esaten dute komunistak garela, populistak, venezuelarrak, hondamendia ekarriko dugula eta abar. Nik jendeari esango nioke programa irakurtzeko; 50 pauso agertzen dira hor, eta pauso bakoitzean hainbat neurri, oso labur eta zehatzak. Kea saltzen dugula esaten dute, baina ez da egia; ez gara paradisua agintzen ari, gaur egun guztiz egingarriak diren neurriak baizik.

Beldurra hedatzen ari dira, beldur direlako; hauteskundeetan garaile irtengo garen beldur, hain zuzen. Baina gu oso lasai gaude, jendea lana, etxebizitza, osasun sistema eta irakaskuntza publikoa galtzeko beldur delako, eta hori PPren gobernuarekin gertatu da.

Batzuek zalantzan jartzen dute benetako aldaketa baten aukera Espainiako Estatuan. Zuek, beraz, egingarri ikusten duzue?

Orain arteko logika murrizketena izan da. Gurea logika guztiz desberdina da: diru sarrera publiko handiagoak lortu, gizarte gastu handiagoa egiteko. Hori guztiz egingarria da.

Pablo Iglesiasek esan du zuen programa ekonomikoak «iturburu sozialdemokrata» duela. Ados al zaude?

Ez dakit etiketa hori den, baina bai, beharbada horrela defini daiteke, pausotxo bat ematea dakarrelako. Ez gara ari dena hankaz gora jartzeaz edo iraultza egiteaz. PPk urrats handiak egin ditu murrizketen bidean, eta neurri horiek indargabetzea ere pauso handia litzateke.

Dena dela, aldaketa horretarako, indar gehiagoren beharra izango duzue.

Hori argi dugu, irabazten duenak irabazten duela ere aldea txikia izango baita. Nik espero dutPSOEk bat egingo duela aldaketarekin, zeren beste aukera, PPren eskuineko aliantza handiarekin bat egitea, ikaragarria iruditzen baitzait, eta barne gatazka handia sortuko bailioke.

«Euskal agenda» ahaztu izana leporatzen dizue EAJk.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak dira hauek; Eusko Legebiltzarrerakoak iristen direnean hitz egingo dugu euskal agendaz. Baina gai orokorrei buruz hitz egiten dugunean ere ari gara euskal agendaz mintzatzen. EAJ saiatzen da Euskadiren irudi faltsua ematen, hemen arazorik egongo ez balitz bezala, baina hemen langabezia ere badugu, eta pobrezia; Caritasek esaten du hori, ez guk. Murrizketek guri ere eragiten digute, LOMCEk eta beste lege batzuek ere bai, eta horiek indargabetzea ere bada euskal agendaz aritzea.

Bakearen eta normalizazioaren arloan zer proposatzen duzue?

Aldaketarako gobernu batek gauza asko egin ditzake. Izan ere, PPren politika oso negatiboa izan da arlo horretan. Gu beti egon gara presoak hurbiltzearen alde, gizatasun auzia delako eta gizarteratzea sustatzeko, eta salbuespen legeak bertan behera uztearen aldekoak ere bagara. Aldaketa horiek garrantzitsuak izango dira bakearen arloan; horretaz gain, ETAren amaieraren gaiari eutsi beharko diogu. PPk ez du nahi izan, alderantziz baizik; gobernuek horrelako prozesuetan lagundu beharra dute, baina PPk trabak jarri baino ez du egin.

Ahal Dugu eta Ezker Anitza erabakitzeko eskubidearen alde zaudete, baina prest egongo zinatekete eskubide hori gauzatzeko prozesu bat sustatzeko?

Gure programan diogu tokian tokiko gobernuek galdeketak antolatzeko aukera bideratuko dugula, uste baitugu gaur egungo Konstituzioak aukera hori ematen duela, hori bai, Kongresua ados egonez gero. Ezker Anitza ez da independentziaren aldekoa: eredu federalaren aldekoak gara. Erabakitzeko eskubidearen alde gaude, eta uste dugu gizartean eztabaida handi bat antolatu behar dela horren inguruan. Eta proposamen inklusibo baten alde gaude.

Zer da proposamen inklusiboa?

Oraindik orain antolatu diren galdeketetan, esaterako, independentziaz baino ez zen galdetzen, eta herri honetan aukera gehiago daude. Horrelako galdeketa batean, nik ezin dut baiezko botoa eman, ez naizelako independentziaren aldekoa, baina ezezkorik ere ezin dut eman, nire estatu eredua ez delako Rajoyrena. Gure Esku Dago-rekin eztabaidatu dugu inoiz horretaz.

Eusko Legebiltzarrerako bozetan berriro koalizioa egin asmoa duzue?

Gure asmoa hori da; behin eta berriro esan dugu, eta guk, behintzat, lan egingo dugu koalizioa berriro eratu ahal izateko Ahal Dugu-rekin eta, aukerarik balego, jende gehiagorekin ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.