Voxen ekitaldiari ezohiko neurri batekin erantzungo ziola erabaki zuen joan den astean EHUko errektoretza taldeak: bertan behera utzi zituzten gaurko eskolak, eta horren ordez, telematikoki eman dituzte saioak, itxi egin dituzte fakultateetako ateak, eta baita pasealekuko aparkalekuak ere. Eta Joxerramon Bengoetxea errektoreak gaur adierazi duenez, erabakiok «egokiak eta eraginkorrak» izan dira liskarrak eragozteko, komunitatearen segurtasuna bermatzeko eta totalitarismoari «hesia» jartzeko.
Ikusi gehiago
Bengoetxeak hedabideak deitu ditu gaur hartutako neurrien balorazioa egiteko. Azpimarratu duenez, eskolak «normaltasun osoz» ematen ari dira telematikoki, «inolako gorabeherarik gabe». Haren hitzetan, campusa fisikoki hutsik egon da, «ez, ordea, geldirik».
Errektorearen esanetan, unibertsitate komunitatearen segurtasuna bermatzeko hartu diren «neurri prebentiboak egokiak eta eraginkorrak izan dira», eta helburua bete dute: «Ez da inolako istilurik izan».
Halaber, uste du erabakiak balio izan duela unibertsitatearen balioen aurkako «mezu totalitarioen» aurrean «hesi» bat ezartzeko. Bengoetxeak berretsi du EHUk ezagutzaren, pentsamendu kritikoaren eta aniztasunaren aldeko konpromisoa duela, eta hartutako neurriak norabide horretan kokatu ditu.