Vox alderdi ultraeskuindarrak bere mezua zabaldu ahal izan du gaur Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako campusean. EHUko errektoreak fakultate guztiak ixteko agindua eman, Ertzaintzak ingurua hesitzeko erabakia hartu, eta protesta egitera joan diren ikasleak ekitalditik metro batzuetara urrunarazi eta gero, ekitaldia egin ahal izan du eskuin muturreko alderdiak. Are, ekitaldia egin bakarrik ez: Voxeko kideek Martxoaren 3ko gertakarien omenezko pankartak kendu dituzte fakultatearen ataritik, Espainiako banderak erakutsi dituzte, eta aurrean zituzten manifestariei iseka egin diete. Ikasle taldeek eta LAB, ELA eta Steilas sindikatuek, berriz, «antifaxismoa» defendatuz erantzun diote Voxen «gorroto diskurtsoari».
Ikusi gehiago
Goizetik, Ertzaintzak erabat hesitu du EHUko Arabako campusa, Vox alderdiak Farmazia Fakultatean iragarritako ekitaldiaren harira: dozenatik gora furgoneta, txakurrak, droneak eta kalez jantzitako ertzainak nonahi izan dira. Estoldak miatu dituzte, edukiontziak eta inguruko ibilgailuak kendu, eta unibertsitate campuserako sarrera ia guztiak itxita izan dituzte; tren geltokian ere identifikazioak egin dituzte. Goizeko lehen orduan udal garabiek fakultate inguruko aparkalekuak hustu, edukiontzi denak eraman, eta segurtasun pribatuko zaindariak jarri dituzte inguruan.
12:30erako zegoen iragarrita Voxen ekitaldia, eta ordu erdi lehenagorako deitua zuen Ikasle Antolakunde Sozialistak protestara Farmazia Fakultatearen atarian. Ertzaintzak, baina, metro batzuk gehiago urruntzeko agindu die ikasleei, Letren Fakultatearen atzeko aldera hain justu ere. Eremu guztia lau orduz egon da hesituta, eta tarte batzuetan oinezkoen joan-etorria ere eten dute.
Unibertsitatea, «antifaxismoaren gotorleku»
Voxeko kideak agertu baino ordu erdi lehenago, ehunka gazte bildu dira ikasle taldeak egindako deialdiari erantzunez. «Faxismoaren aurka, klase batasuna» eta «ikasle langile, ez zaitez makurtu», garrasi egin dute behin eta berriz protestan, ertzainak eta komunikabide andana gertu zituztela.
Ikasle Antolakunde Sozialistako eledun June Eginok eta Aimar Nuñezek ohartarazi dute Vox alderdiaren asmoa zera dela, «gorroto diskurtso arrazista, klasista eta matxista» zabaltzea: «Ezin dugu utzi alderdi faxista batek bere ekimena normaltasunez eta inpunitate osoz egitea. Faxismoa unibertsitatean normalizatzea eragotzi behar dugu, eta ikasleok eta gazteok aurre egin behar diogu».

Klaseak etetea eta fakultateak ixtea kritikatu dute, neurri horiek ikasle mugimenduaren kriminalizazioa indartu eta Voxen mezuak «normalizatu» egiten dituelako. «Espainiako Poliziak eta Ertzaintzak babestuta etorri dira; berriz ere gu izango gara jazarpena jasango dugunak», gaineratu dute.
Ikasle Antolakunde Sozialistako kideen ustez, unibertsitateak «antifaxismoaren gotorleku» izan behar du, «ez faxismoa zuritzeko edo hari alfonbra gorria jartzeko lekua». Faxismoari aurre egiteko, haren presentzia «desnormalizatu» behar dela azpimarratu dute.
Halaber, Vox frankismoaren oinordekotzat jo, eta «kolektibo minorizatuen» aurkako jarrerak, matxismoa, arrazakeria eta euskararen aurkako politikak sustatzen dituela adierazi dute. Horri aurre egiteko, mobilizazioa eta antolakuntza ezinbestekotzat jo dituzte.
Bestalde, salatu duenez, azken asteetan Poliziaren presentzia handia izan da campusean, eta jarraipenak eta identifikazioak izan dira. Mobilizazio gehiago iragarri dituzte: Bilbon, Donostian, Iruñean eta Baionan protestara deitu dute ostegunerako, eta Gasteizen, martxoaren 3rako.
Selfieak eta banderak
Eguerdian iritsi dira Voxeko ordezkariak campusera, eta Farmazia Fakultatearen ondoan informazio gune bat paratu dute. Ertzaintzak ikasleen aurrean jarritako hesira gerturatu, eta manifestariei argazkiak atera dizkiete, baita beren buruei selfieak atera ere, barrezka; ertzain batzuek atzera egiteko eskatu diete gero. Aurrean zituzten ikasleek, berriz, ikurrinak eta bandera gorriak eskuetan, faxismoaren aurkako oihuekin erantzun diete.

Ertzaintzak Voxeko kideei gogorarazi die errektorearen aginduz ez zela eraikinetara sartzerik, eta ekitaldia Farmazia Fakultateko eskaileretan egiteko eskatu die. Eskuin muturreko alderdiko kideek egoera baliatu dute eraikinean eskegita zeuden Martxoaren 3ko gertakarien pankarta batzuk indarrez kentzeko. Haien ordez, Unibertsitatea guztiona da. Ideologia eta doktrinamendua kanpora zioen pankarta bat jarri dute.
Tentsio uneak egon badira ere, ez da istilu larririk izan. Voxeko kideek alde egindakoan amaitu dute protesta ikasleek ere.
Sindikatuen protesta
Voxek agerraldia egin baino ordu eta erdi lehenago, eta EHUren campusetik urrun, elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek Andre Maria Zuriaren plazan, LAB, Steilas eta ELA sindikatuek deituta. Faxismoaren aitzinean, Euskal Herri antirrazista, feminista eta euskalduna defendatu dute: «Ekitaldi horren kokagune gisa Euskal Herriko hiriburu bateko campus bat aukeratu badu, argi dago zein den haren helburua: istiluak eragin, polarizazioa elikatu eta bere zaleei bazka ematea».
Ezinbertzekotzat jo dute gaur mobilizatzea, «ozen adierazteko» unibertsitatean eta herrian ez dutela faxismorik nahi. «Denon bizitzak erdigunean jarriko dituen, aniztasuna bere egingo duen eta denon eskubideak bermatuko dituen Euskal Herri bat nahi dugu», erran dute.
Voxen gibelean «elite ekonomikoen interesak» daudela seinalatu dute, eta alderdi horren mezu xenofoboei, jarrera patriarkal eta matxistei eta jardun euskarafoboari erantzun behar zaiela erran: konpromiso antirrazista indartuz, eraldaketa feministaren aldeko apustua berretsiz eta Euskal Herri euskalduna eta burujabea defendatuz. «Faxismoaren eraso eta probokazioen aurrean, Euskal Herria eraldatzeko eta askatzeko borroka indartzeko konpromisoa hartzen dugu», gehitu dute.
«Probokazio tresna»
«Adierazpen askatasuna ezin da erabili oinarrizko eskubideak zapaltzen dituzten mezuak legitimatzeko». Ikasgaia ongi ikasia dauka EHUko ikasle kontseiluak, eta gaur ohar bidez esplikatu du «konfrontazioa» eragitera etorriko direla Voxekoak Arabako campusera.

«Arduratuta» agertu da ikasle kontseilua, eta nabarmendu «borroka politikorako kanpo estrategiek» ez lituzketela baldintzatu behar aurrez aurreko eskolak. Izan ere, gaur telematikoki emanen dute eskola, eta itxita egonen dira Arabako campuseko fakultateetarako sarbideak eta aparkalekuak.
Ikasle kontseiluaren irudiko, ez da kasualitatea manifestaziora gaurko egunez deitzea, eta campusean egiteak «argi» uzten du ekitaldia bera «unibertsitateko komunitatea interpelatzeko» mekanismo bat dela. Eta eskaera bat egin du jarraian: «EHUk ezagutzarako, eztabaidarako eta pentsamendu kritikorako leku seguru bat izan behar du aurrerantzean ere, eta, hortaz, fakultateetatik hain hurbil muturreko ideologia bat gorestea ezin da gertaera neutral gisa ulertu».
Era berean, «gorrotoa, diskriminazioa eta bazterkeria sustatzen dituzten mezuak» gaitzetsi ditu ikasle kontseiluak, eta gaineratu «leku seguru baten aldeko lanean» arituko dela hemendik aitzinera ere.