joxerra senar

Benito Mussolini ere sasi-kazetaria zen

2026ko urriaren 15a
19:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

Benito Mussolini diktadore faxistari buruzko tetralogiaren lehen zatian, Antonio Scurati idazle italiarrak kontatzen du faxismoa nola iritsi zen boterera. Eleberria eta dokumentu historikoa nahasturik, M. Il figlio del secolo izenburuko liburuak —euskaraz, M. Mendearen semea— ederki islatzen du garai hartako Italiako demokraziak nola barneratu eta normalizatu zuen ideologia berri hark zekarren indarkeria basatia. Sistema politikoaren krisi betean, garai hartako instituzioek, eliteek eta alderdiek pentsatu zuten munstroa nahieran erabil zezaketela komunismoaren mehatxuari aurre egiteko, harik eta munstroak guztiak irentsi zituen arte.

Ehun urte geroago, faxismoa beste itxura batekin dator, baina, iraganean bezala, demokraziaren tresnak eta populismoa baliatu nahi ditu, eta, duela mende bat bezala, hortxe dago zalantza: faxismoari nola aurre egin behar zaion modu eraginkor batean. Horren adibide bat ikusi da gaur Iruñean.

Vito Zoppellari Quiles kazetari gisa aurkezten da, eta, kazetari karneta baliaturik, ezagun egin da Espainiako Kongresuko prentsa aretoetan, korridoreetan eta inguruetan politikariei itaunak egin eta jazartzeagatik. Eskuin muturreko ekintzaileak kazetari mozorroa behin betiko kendu du aspaldi honetan, eta orain, Espainiako Gorteetarako hauteskundeen atarian, bere bira hasi du, non-eta Iruñean.

Bitxia da faxismo berri horrek nola tolesten dituen ezkerraren aldarri historikoak. Kubako iraultzaren Patria o muerte (Aberria edo hil) leloa gogoan, Patria o mafia deitu dio bere birari. Egiazki ez da manipulazio berria.

Mussolini Italiako Alderdi Sozialistako kide izan zen, eta Avanti egunkariko zuzendari gisa nabarmendu zen, sozialismo iraultzailearen defendatzaile gisa. Gerora, ezker muturreko taktikak bere mugimendu faxistan txertatu zituen sozialisten eta komunisten kontra egiteko, bai eta demokraziaren beraren kontra egiteko ere.

Antipolitikaren bandera astintzen du Quilesek, baina haren jarraitzaileen artean maiz ikusten dira ikur eta aldarri frankistak. Hark dio berea ez dela jarduera politikoa, kontraesan agerikoan erorita. Duela ehun urteko faxistak ere trebeak ziren hitzak tolesten eta beren asmoetarako erabiltzen. Fenomeno berria dela uste duten despistatuek hobe lukete iraganera begiratu eta ikusi zer ekarri zuen faxismoak, Italian, Alemanian eta Espainian. Eta pertsonaia alderatzerik ez badago ere, gogoan izan Benito Mussolini sasi-kazetari gisa ere iaioa izan zela arau eta mugak hautsiz komunikazioa bere interes politikoen alde erabiltzen.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA