Bermeoko (Bizkaia) bost familiak salaketa publikoa egin dute: 2-3 urteko seme-alabak dituzte, herriko San Frantzisko eskola publikora eraman nahi dituzte, eta hala adierazi zuten aurrematrikula egiterakoan; alabaina, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak «zaurgarritzat» hartu ditu, eta, horregatik, herriko bi itunpeko zentroetara bideratu ditu. Familiak, baina, ez daude ados, eta, hori salatzeko, prentsaurrekoa egin dute gaur eskola publikoaren atarian. Ainhoa Fernandez da gurasoetako bat, eta hitza hartu familien izenean: «Familiok ez dugu edozein ikastetxe aukeratu, eskola publikoa aukeratu dugu; hau da, guztion eskola, baztertzen ez duen eskola. Eta ulertezina iruditzen zaigu eskola publikoa aukeratu dugun familioi doako hezkuntza publikorako sarbidea ukatzea eta gogoz kontra itunpeko ikastetxera bideratzea».
Auziaren atzean, azken ikasturteetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ezarritako neurriak daude. Administrazioren esanetan, segregazioa murriztea da horien helburua. Aurrematrikula egiterakoan, familiei inkesta bat betearazten diete, eta horrekin zehazten dute ume bat «zaurgarria» ote den edo ez. Familien egoera «sozioedukatiboa» ebaluatu nahi izaten da inkestarekin. Aurrematrikulazioa egiteko gainerako agiriekin batera bete behar dute gurasoek. Datu horiek aztertuta, zenbait familiak ez dute aukerarik izaten aukeratutako lehen ikastetxean matrikulatzeko seme-alabak. Eskoletako zaurgarritasun indizea orekatze aldera hartzen dira neurri horiek, Hezkuntza Sailaren arabera.
Bermeoko familien kasuan, azaldu dutenez, aurrematrikulazioan eskola publikoa hautatu zuten, eta, Hezkuntza Sailaren galdetegia bete zutenean, administrazioak ebatzi zuen beraien umeak «zaurgarriak» direla. Gero, behin-behineko zerrendak argitaratutakoan, ikusi zuten itunpeko sarera bideratu zituztela, eta jarri zituzten erreklamazioak, baina, familien esanetan, ez zieten erantzun. Hala, behin betiko zerrendak argitaratu zituzten, eta ez zieten aldaketarik egin. Orain, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dute. Hezkuntza Sailari galdetuta, hark erantzun du araudi bat dagoela «zaurgarrien ikaspostuei» dagokienez, eta hori bete egin behar dela.
«Ez dugu nahi gure seme-alabak itunpeko ikastetxe batera joatea, ez ikastolara, ez Kristau Eskolara. Ez da bidezkoa familiak itunpeko ikastetxeetara bideratzea aukeratu ez badira, horrek ekonomikoki eta baliabide aldetik dakarren guztiarekin»
AINHOA FERNANDEZ
Semea eskola publikoan matrikulatu nahi duten gurasoetako bat
Bost familiak ez daude ados irizpide horiekin: «Aurrematrikulan bete genuen galdetegiaren arabera, zaurgarritzat hartzen gaituzte, baina ez dugu uste zaurgarritasuna neurtzeko tresna eraginkorra denik; oso subjektiboa da, eta, okerrago, baita manipulagarria ere». Eta, areago, izan ditzakeen ondorioez ohartarazi dute: «Zaurgarritasunaren izenean, gure seme-alabei hezkuntza eta eskola publikorako sarbidea ukatu zaie, eta, intentzioa ez bada ere, gure umeak bizitza guztirako zaurgarri moduan markatuta egoteko arriskua dago».
Hainbat arrazoi
Bermeoko familiek uste dute badaudela salaketa publikorako arrazoiak; izan ere, aldarrikatu dute eskola publikoan ikasteko eskubidea dutela: «Ez dugu nahi gure seme-alabak itunpeko ikastetxe batera joatea, ez ikastolara, ez Kristau Eskolara. Ez da bidezkoa familiak itunpeko ikastetxeetara bideratzea aukeratu ez badira, horrek ekonomikoki eta baliabide aldetik dakarren guztiarekin».
Eskola publikoa aukeratzeko eskubidea dutela nabarmendu dute. «Guk herriko eskola aukeratu dugu, hezkuntza eta euskal eskola publikoa defendatzen ditugulako eta eskola hau gure printzipioetara hurbiltzen den eskola bakarra delako: denona, askotarikoa». Gainera, gustuko dute San Frantzisko eskolako metodologia: «Amara Berri sistemaren aldeko apustua egin dugu, eta sistema hori ez dago beste ikastetxeetan». Aipatu dute matrikulatu nahi dituzten zenbait umeren gurasoak ikastetxeko ikasle ohiak direla, umeek San Frantziskon ikasteak kontziliazioa errazten diela eta ume batzuk jada Bermeoko haur eskola publikoan daudela.
Horiek horrela, Hezkuntza Sailari eskola publikoaren alde apustu egiteko eskatu diote, baita beren kasu zehatza konpontzeko ere: «Gure helburua Hezkuntza Sailak behin betiko esleipena baliogabetzea da, familion erabakia errespetatzeko eta etorkizunean beste familia batzuk ez daitezen pasatu prozesu hain desatsegin batetik».