Bernedoko (Araba) udalekuei buruzko ikerketari lotuta, hemeretzi salaketa erregistratu dituzte Ertzaintzan, Eusko Jaurlaritzako Ongizate eta Gazteria sailburu Nerea Melgosak gaur adierazi duenez. Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan eman du horren berri, PPk egindako galdera bati erantzunez. Halaber, adierazi du Euskal Udalekuetako antolatzaileek ez ziotela «beren jardunaren berri eman» Arabako Foru Aldundiari, eta, beraz, ez zutela «legea bete». Ordea, aurten 50 urte bete dira Euskal Udalekuak lehenbizikoz egin zituztenetik, eta gaur arte ez da baimenen inguruko gorabeherarik egon.
Melgosak nabarmendu du Jaurlaritzaren helburua «adingabe guztiak babestea» dela, eta horretarako lanean ari direla. Gogoratu du Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek koordinazio mahai bat eratu dutela, Bernedoko udalekuetan gertatutakoaz elkarrekin hausnartu eta «sistemaren akats posibleak aztertzeko». Melgosak berak eman du horren berri asteon egindako prentsaurreko batean. Sailburuaren erranetan, Euskal Udalekuek Arabako herri horretan egiten duten jardueraren baimen administratiboari dagozkion «hutsegiteak» aztertu nahi dituzte.
Hain zuzen, gaur jakinarazi du baieztatu dutela udalekuetako antolatzaileek Arabako Foru Aldundiari ez ziotela beren jardueraren berri eman. «Bernedoko udalekua egingo zutela ezkutatu zuten; hortaz, klandestinotzat jo dezakegun ekimen bat da, legea ez baitzuten bete», adierazi du Melgosak.
Kriminalizazioa
Duela astebete ehun haur, gazte eta heldu baino gehiago elkartu ziren Bergaran (Gipuzkoa). Bertan, salatu zuten udalekuei buruzko «gezurrak eta difamazioak etengabeak» direla, eta lintxamendu pertsonalak ere izan direla, sareetan eta kalean. «Horrez gain, hainbat komunikabidek Abaigarren, Bernedon eta Goñin sortutako eragozpenak ere salatu nahi ditugu, herrietako zerbitzuak eta herritarren ohiko jarduna oztopatu eta baldintzatu baitituzte».
Horri buruz ere mintzatu da Melgosa, eta erran ez duela onartuko «begirale guztiak kriminalizatu eta seinalatzea», eta ez duela parte hartuko «epaiketa paralelo batean».