Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek koordinazio mahai bat eratu dute, Bernedoko udalekuetan gertatutakoaz elkarrekin hausnartzeko eta «sistemaren balizko akatsak aztertzeko». Jaurlaritzako Ongizate eta Gazteria sailburu Nerea Melgosak gaur arratsaldean azaldu duenez, Euskal Udalekuek Arabako herri horretan egiten duten jardueraren baimen administratiboari dagozkion «hutsegiteak» aztertu nahi dituzte. Aste amaieran bilera tekniko bat egitekoak dira, «sakonago aztertzeko aisialdiari buruzko araudian zerk huts egin duen».
Izan ere, Melgosaren arabera, udalekuak antolatzen dituen elkarteak «ez zion bere jardueraren berri eman Arabako Foru Aldundiari», eta diputazioak ere ez zuen ezagutzen, Euskal Udalekuek urte askotako ibilbidea duten arren. Edonola ere, baimenik gabe aritzeak bi arau urra ditzake, sailburuak gogora ekarri duenez: udalekuei buruzko 1985eko dekretua eta gazteei buruzko 2022ko legea.
Hala ere, koordinazio mahaia «ardura partekatuan eta hobetzeko borondatean» oinarritzen dela nabarmendu du Melgosak: «Koordinazioa, zorroztasuna eta erantzuteko gaitasuna eskatu dizkigute familiek eta gizarteak. Gertatuaz ikasi nahi dugu, halakorik berriro ez gertatzeko, eta prozedurak indartu, adingabeekiko jardueretan ahultasun egoerak saihesteko». Ildo horretan, protokolo «prebentibo eta proaktiboak» ezarri nahi dituzte, administrazio publiko guztiek aplikatzeko. Era berean, sailburuak oroitu du aisialdiari buruzko araudia «berrikusten» ari dela Jaurlaritza, 1985eko dekretutik «errealitatea aldatu» egin delako eta eragile berriak agertu direlako arloan.
Bide judiziala, aparte
Bide administratibo horrez gain, bide judiziala ere abian dago Bernedoko auzian. Irailean hainbat webgunetan eta hedabidetan zabaldutako testigantzetan, udalekuetan egondako adingabe batzuen gurasoek salatu dute beren seme-alabak dutxa mistoak erabiltzera behartu zituztela eta begiraleak ere dutxetara sartzen zirela. Horren harira, Ertzaintzak joan den astean jakinarazi zuen hamabi salaketa jaso zituela «sexu askatasunaren kontrako» ekintzengatik; eta Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiak hiru adingabe deituak ditu «lekuko-biktima» gisa deklaratzera.
Euskal Udalekuetako hezitzaileek duela bi aste azaldu zuten dutxa mistoen auzia berariaz lantzen dela adingabeekin: «Udalekuen aurretik hezitzaileen artean eta udalekuetan haurrekin eta gazteekin egiten den lanketa sakon baten emaitza da». Ostiralean ere agerraldi jendetsu bat egin zuten Bergaran, haien aurkako «jazarpena» salatzeko. Bertan adierazi zutenez, jaso dituzten kexa guztiak dutxen funtzionamenduari buruzkoak dira, eta ez sexu erasoei lotutakoak.