Euskal Udalekuetan egon diren haur eta gazteen 137 gurasok gutun bat argitaratu dute gaur BERRIAn, eta Bernedoko begiraleei babes osoa adierazi diete. «Guztiz gaitzesten ditugu hezitzaileak jasaten ari zareten jazarpena eta sare sozialen bidez, publikoki zein maila pribatuan egin zaizkizuen akusazioak eta mehatxuak. Aldi berean, arbuiatzen dugu hainbat hedabidek, publikoak barne, aukera baliatu izana egoera magnifikatzeko eta distortsionatzeko eta zuen lana kriminalizatzeko», adierazi dute.
Ikusi gehiago
Halaber, eskerrak eman dizkiete, bertzeak bertze, haur eta gazteei «euskara eta feminismoa ardatz dituzten udalekuak bizitzeko aukera» eskaintzeagatik; belaunaldi gazteei «aniztasuna parez pare» jartzeagatik; «botere harremanen zein pribilegioen inguruan hausnartzeko momentuak» eskaintzeagatik; otordua, higienea eta deskantsua bezalako «oinarrizko momentuak esparru politiko» bihurtzeagatik; eta «pertsona ororen gorputza eremu politikoa dela» argi uzteagatik.
Azken finean, «etorkizun zentzuzkoago eta ederrago baten alde» egindako ekarpenagatik eskerrak eman dizkiete begiraleei, eta indarra eta babesa igorri. «Ez gaituzte diskurtso faltsu, bortitz eta erreakzionarioekin nahastuko. Zuekin gaude. Ez izan zalantzarik. Euskal Udalekuak babestu ditzagun. Aurrera Euskal Udalekuak!», borobildu dute.