Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriaren ustez, Bernedoko udalekuari lotutako auzian «gertatutakoa ikertzea» da lehentasuna, argitzeko «adingabeen eskubideak urratu ote diren». Hala ere, prest azaldu da «egun indarrean diren arauak berrikusteko», eta zalantzan jarri du «egokienak» ote diren udalekuetan eta bestelako aisialdi jarduera pribatuetan gertatzen dena «zaintzeko». Radio Euskadi irrati katean egin ditu adierazpenak.
Ikusi gehiago
Zupiriak esan du Ertzaintzak lau salaketaren berri izan duela: bat abuztuaren bukaeran aurkeztutakoa, eta beste hirurak irailaren 26koak. Zehaztu duenez, sexu eraso bat eta adingabeen sexu askatasunaren aurkako hiru eraso dira salatu dituztenak.
Carmen Adan EAEko fiskal nagusiak eginiko kritikei buruz galdetuta, sailburuak erantzun du larriena dela «lau familiak zalantzan jarri izana udaleku horren segurtasuna», eta, hortaz, lehentasuna dela «zehaztea eta argitzea ea adingabe horien eskubideak egiazki urratu diren». Gaineratu duenez, hori justiziari dagokio orain, eta Ertzaintza «epaileen eta fiskalen esanetara» egonen da, «egin beharrekoak egiteko».
Hala ere, Zupiriak onartu du «ertz anitzeko auzia» dela Bernedokoa, eta «gogoeta» eskatu du, «argitzeko egungo araudia, indarrean ditugun lege eta dekretuak, egokienak ote diren Euskadiko aisialdi jarduera pribatuen jarraipena egin ahal izateko». Haur eta nerabeen aisialdi ereduen gaineko eztabaida ere galdegin du: «Hau guztia mahai gainean dago uneotan, eta era ordenatuan heldu beharko zaio».
Gipuzkoako aldundia, akusazio
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak iragarri du diputazioa, «ohi duen legez», akusazio gisa ariko dela Bernedoko udalekuaren auzian, «aldundiaren tutoretzapean diren adingabeen interesen defentsan».
Peñak esan du adingabeak babestea dela Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehentasuna, eta ez diela auziaren gaineko xehetasunik emanen hedabideei, azaldu duenez erakundeak «adingabe babesgabeekin eta zaurgarriekin» lan egiten baitu. Hala ere, argitu du aldundiak «egin beharreko urrats guztiak» egin dituela orain arte, eta hala eginen duela aurrerantzean ere.
Arabako Foru Aldundiko ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek gogorrago hitz egin du Bernedoko udalekuen aurka. Adierazi du «praktika onargaitzak» egin izan direla «urteetan», eta horietako batzuk «delitu» izan zitezkeela, «azken egunetan jakin dugunaren argitara». Hala ere, «zuhurtziaz jokatzeko beharra» nabarmendu du Gonzalezek, «auzi honek adingabeei eragiten dielako, eta beharrezkoa delako haiek babestea». Arabako Foru Aldundia «informazioa biltzen» ari da orain, «argitzeko zergatik ezein erakundek ez duen esku hartu denbora honetan guztian».
Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek jakinarazi du aldundiak ez duela jaso «ez kexarik ez salaketarik» Bernedoko udalekuekin lotuta. Hala ere, iritzi dio elkarte pribatuek antolatutako udalekuen gainean administrazio publikoek gaur egun duten eskumena oso murritza dela, eta hori berrikusi beharko luketela.