Abogados Cristianos talde ultrakatolikoak salaketa jarri du Bernedoko udalekuen kontra

Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiak hiru adingabe deitu ditu deklaratzera.

 Euskal Udalekuak Bernedon. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Euskal Udalekuak Bernedon. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko irailaren 30a
20:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bernedon (Araba) egiten diren Euskal Udalekuei buruzko ikerketa judiziala martxan jarri zuten atzo. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak esan zuenez, lau salaketa dauzkate erregistratuta, «sexu askatasunaren kontrako» ekintzengatik guztiak. Bada, gaur, Abogados Cristianos talde ultrakatolikoak beste salaketa bat aurkeztu du. Eta Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiak hiru adingabe deitu ditu «lekuko-biktima» gisa deklaratzera.

Abogados Cristianos taldeak ez du baztertu Arabako Foru Aldundiaren aurkako ekintzak abiatzea, «salaketen berri izanda ere neurririk hartu ez dutelako». Talde horrek Ane Lindaneren kontrako salaketa ere aurkeztu du aurten, Elizako aldare nagusi batean gurutze batekin masturbazio bat simulatzea leporatuta. Duela bi urte, bestalde, Donostiako propaganda ekintza bat salatu zuten, abortua eta Elizako pederastia lotzen zituen kartel baten harira.

Azken egunetan El Correo hedabidean eta zenbait webgunetan zabaldu da udaleku horretan dutxa mistoak ezarri zituztela eta adingabe guztiak elkarrekin dutxatzera «behartu» zituztela, begiraleak ere dutxetan sartzen zirela eta haur eta gazteak hamabortz egunez familietatik «inkomunikatuta» eduki zituztela. Joan den astean, ordea, udalekuko begiraleek ukatu zuten inor besteen aurrean biluztera behartu izana, eta nabarmendu egoera «berariaz» azaltzen dietela haur eta gazteei. 

Hezitzaileek salatu dute dutxa mistoen harira gorroto mezuak zabaldu direla, eta bide publiko eta pribatuetatik eraso transfoboak jasan behar izan dituztela. Horiek horrela, nabarmendu dute Euskal Udalekuetako hezkuntza proiektuak, orokorrean, balio transfeministak dituela oinarri, eta «identitate eta gorputz guztientzako gune seguruak sortzea» duela helburu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.