Beste epai bat euskara eskakizunen aurka. Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du Donostiako Udalak ez duela eskatzerik euskaraz C1 maila izatea erdi mailako teknikari izateko 40 postuko lan eskaintza publiko batean. Hain zuzen, atzera bota du Donostiako Udalak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenari jarritako helegitea.
Auziak soka luzea du. Donostiako administrazioarekiko auzien epaitegiak 2024an atzera bota zuen pertsona batek lan deialdi publikoari jarritako helegitea; azaldu zuen ez zuela «abantailarik» izango, pertsona hori ez baitzen aurkeztu ere egin deialdi horretara. Pertsona horrek esan zuen ez zela deialdira aurkeztu ez zeukalako euskarazko C1 maila egiaztatuta.Â
Apelazioa jarri zuen Donostiako epaitegiaren ebazpenaren aurka, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion 2025ean. Derrigortasun indizea %55,87koa zela gogorarazi zuen, eta, horrenbestez, ez zegoela postu guztietarako euskara eskatzerik. Ostean, Donostiako Udalak jarri zuen helegitea, eta, orain, Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du.
Eibarren, protesta
Berriki izan da euskara eskakizunen aurkako beste epairik ere. Hain zuzen, atzo Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zituen Kabiak 49 lanpostutan ezarri zituen hizkuntza eskakizunak. Gorenak ebatzi du eskakizuna lanpostuen %92tan jartzea gehiegizkoa dela.
Horretaz gainera, Gipuzkoako administrazioarekiko auzitegiko epaitegi batek joan zen astean ebatzi zuen «neurrigabea» dela Eibarko Udalak sei udaltzain lanpostu betetzeko lan eskaintza publiko batean sei postuetarako C1 euskara maila eskatzea.Â
Hori ikusirik, Eibarko euskalgintzak erantzun egin du, eta gaur eguerdian protesta egin dute udaletxearen atarian; Euskara ez da oztopoa, eskubidea da! lelopean batu dira zenbait herritar.

Â