Beste behin agertu da hitza euskara eskakizunekin zerikusia duen sententzia batean: «Neurrigabea». Eibarko Udalaren aurkako epai baten berri eman du gaur EFE albiste agentziak, eta azaldu du ebazpen judizial horrek ezeztatu egin duela sei udaltzain postu adjudikatzeko prozesu batean udalak ezarritako hizkuntza irizpidea: hain justu ere, C1 euskara maila izateko derrigortasuna ezarri zuen postu guztietan. Hori egokia ez delakoan, ordea, eskakizun hori ezeztatu egin dute orain epai horren bitartez. Eskakizun hori aski «oinarriduna» ez dela argudiatu dute, eta, beraz, atzera bota behar dela. Gipuzkoako administrazioarekiko auziekiko auzitegi batena da ebazpena.
B2 maila duten hiru udaltzainek jo zuten auzitara eskakizunaren kontra, eta arrazoi eman diete sententzian. Langile horiek helegiteak jarri zituzten udaltzainak hautatzeko deialdiaren kontra, baita deialdi horretako irizpideak kontuan hartuta hautatu ziren eta hautatu gabe geratu ziren izangaien zerrenden kontra ere. Eta epaian oso-osorik onetsi dituzte langileek helegitean emandako argudioak. Aurrez ere EAEko Justizia Nagusiak tankerako hainbat epai eman ditu, eta, beraz, euskararen ezagutza egiaztatzeko hizkuntza eskakizunen kontrako meta handitu eta sendotu egin du epai horrek.
Sententzian jaso dutenez, lan deialdi horretan ezarritako hizkuntza eskakizunen bidez Eibarko Udalak kolokan jarri zuen «hizkuntzarengatik inor baztertu gabe» enplegu publikorako sarbidea bermatzea. Eta hainbat datu eman dituzte udal horretan euskarazko arta bermatzeko baliabideak badirela azaltzeko: 275 lanpostu daudela esan dute, eta euskara nahitaez jakin beharra dagoela 206 postutan. Postuen %74 direla esan dute, eta horrek gainditu egiten duela berez derrigortasun indizea kontuan hartuta ezarri beharko litzatekeen ehunekoa: %63,1.
Sententzian jasota dago, era berean, propio azken epai horretan aztertu dituzten udaltzain postu gehienen jardunik «gehiena» oro har «barrukoa» dela; hori da, hain justu ere, guztiei hizkuntza eskakizuna eskatzea desegokia dela ebazteko argudioetako bat.
Legearen mugak
Euskal Enplegu Publikoaren erreformaren gaineko eztabaida puri-purian dagoela iritsi da epaia. Erreforma hori egiteko bi proposamen daude Eusko Legebiltzarrean: EAJk egindakoa da bata, eta EH Bilduk egindakoa bestea. Bietan, gaur egungo legearen mugak gainditzea dute xede, oraingo legediaren kontra ebatzi diren sententzia ugariek kolokan jarri dituztelako administrazio publiko askok funtzio publikoan euskara sustatzen jarraitzeko ezarri nahi dituzten hizkuntza irizpideak.
Gaiaren gaineko akordio bat lortzeko ahaleginetan, jeltzaleek hilabeteak egin zituzten PSE-EEko ordezkariekin negoziatzen. Agerian geratu zen, ordea, desadostasun handiak dituztela. Orain ikusteko dag EH Bildu eta EAJ kapaz izango diren akordio bat lortzeko. Mugimendua badago. Jatorrizko erreforma proposamenei buruzko lan taldean, EH Bilduk jeltzaleen aldeko keinua egin zuen atzo: abstenitu egin zen EAJren zuzenketak jatorrizko testuan txertatzeko bozketan. «Negoziazioetan» jarraitzeko egindako keinua izan zela esan zuten EH Bilduko kideek. Erakundeen, Gobernantza Publikoaren eta Segurtasunaren Batzordera helduko da gaia ostiral honetan. Hor ikusiko da, berriro, zein den talde bakoitzaren jarrera.
Bi erreforma proposamenek aldaketa bultzatzeko helburua dute, baina bakoitzak bere erara. EH Bilduk oraingo sistema iraultzea nahi du, eta hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko derrigortasuna zabaltzea funtzio publikoko lanpostu guztietara. EAJren aldaketaren funtsa, berriz, gaur egun ezartzen den derrigortasun indize orokorra ezabatzea da.