Euskara ardatz hartuta, beste urte batez elkarlanean arituko dira BERRIA eta Herri Urrats. Igandean ospatuko dute Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaia, Senpereko lakuaren inguruan (Lapurdi). Besteak beste, BERRIAk egun horretako egunkariaren aleak eta Ipar Euskal Herriko Hitza-renak banatuko ditu gosari gunean. «Aliantza honen helburu behinena da Ipar Euskal Herrian euskaraz bizi nahi duten horiei baliabide eta toki komunak eskaintzea», azaldu du Ainara Lasa BERRIAko marketin arduradunak.
Ikusi gehiago
Izan ere, euskaraz bizi ahal izateko badaude oraindik ere oztopoak. Horren erakusgarri, Ipar Euskal Herriko ikasleak baxoko azterketak frantsesez erantzutera behartuta daude. Aurten, Seaskako ikasleek desobedientziara joko dute, eta euskaraz erantzun matematikako azterketan. Egitasmo hori goraipatu du Lasak, eta oroitarazi iganderako dei nazionala egina duela Herri Urratsek arratsaldeko 17:00etan ordu laurdenez festa eten eta aldarrikapenera batzeko.
Aurtengo Herri Urratsen bildutako dirua Donapaleun eraikitzekoa duten lizeo berrirako erabiliko dute. Laku bat orroka abestiarekin arituko da dantzan Senpereko lakuko munstroa, eta zazpi gun antolatuko dituzte eurmaelaren inguruan. Hiru gunetan izango du presentzia BERRIAk: Nafarroa-Badok gunean, Araba-BERRIA gunean eta Lapurdi-Mantangorri eszenan.
'Badok' atariaren laguntza, maketa lehiaketan
Gainera, hirugarrenez, Herri Urratsek maketa lehiaketa antolatu du, Badok atariaren lankidetzarekin. Igandean Nafarroa-Badok gunean joko du Gar taldeak, aurtengo maketa lehiaketako irabazleak.
Badok-ek zerrenda bat osatu zuen lehiaketara aurkeztu zen talde bakoitzaren kantu batekin. Ostean, epaimahaikideek bost abesti hautatu zituzten. Eta epaimahaikideen eta Badok-en botoa eman zuten entzuleen artean erabaki zuten Herri Urratsen III. Maketa Lehiaketaren irabazlea.