1977ko urriaren 16a. Lazkao eta Beasain. Lehenengo aldiz egin zuten Gipuzkoako ikastolen aldeko Kilometroak jaia, eta milaka euskaltzalek hauspoa eman zieten euskarari eta ikastolen mugimenduari. 2026ko urriaren 4a. Lazkao. Ibilian-ibilian, Lazkaon izango da bueltan jaia: Kilometroak festaren 50. aldia egingo dute; hain zuzen, Ibilian-ibilian, buelta leloaren jiran batu asmo dituzte euskaltzaleak. Gaur eman dituzte urriaren 4ko jaiaren nondik norakoak: lau gune izango ditu, eta egitarau «oparoa».
«Ez da edizio arrunta izango, mende erdiko ibilbidea ospatzeko aukera paregabea baizik, baita urte hauetan guztietan euskararen, hezkuntzaren eta herrigintzaren alde aritu direnak omentzeko eguna ere», aurreratu du Lazkaoko ikastolako lehendakari Irantzu Amundarainek. 50 urte igaro da, mende erdia, bai, baina ikastolak eta Kilometroak jaia oraindik ere behar-beharrezkoak direla nabarmendu du: «Kilometroak ikastola indartzeko tresna dira, komunitatea elkartzen eta belaunaldiz belaunaldi euskararekin konpromisoa pizten eta elikatzen lagundu duen mugimendua. Ikastolak herritik sortu ziren, eta herriarentzat ari gara». Horregatik, urriaren 4an Lazkaok ateak irekiko dizkie herritar guztiei: «Festa, euskal kultura, herrigintza, musika, kirola eta euskararen aldeko elkartasuna uztartzeko egun berezia izango da».
Urriaren 4ko xehetasunak ere eman dituzte. Lau gune atonduko dituzte herrian: ikastola, Iturrialdea, Lazkao Txiki plaza eta Gurutze auzoa. Horietan, 30 ekitalditik gora egongo dira egun osoan: Gozategi, Go!azen-en ikuskizuna, puzgarriak, Nafarroa1512, Eider Saez... Horietaz gainera, Lazkaoko ikastolako euskara taldeko ikasleek Denboraren tunela izeneko egitasmoa prestatuko dute. Jai eremuan bost tunel jarriko dituzte, hamarkadaka banatuta, eta tunel bakoitzaren barruan hamarkada horietako Kilometroak jaien inguruko informazio panelak egongo dira, jendeak bisitatu ditzan. Mara Naldaiz eta Amalur Agirrezabala ikasleek azaldu dutenez, atzera ez ezik, aurrera ere begiratu nahi izan dute: «Seigarren tunela sortu dugu. Bertan, jendearen ekarpenak jasoko ditugu. Guretzat, garrantzitsua izan da 50. aldi honetan nondik gatozen argi edukitzea eta etorkizuneko Kilometroen beharraz jabetzea».
Egunera begira jarrita, zenbait ohar ere eman dituzte. Garraio publikoa erabiltzeko eskatu dute, eta iragarri dute tren eta autobus zerbitzuak indartuko dituztela. Gainera, bizikletentzako aparkaleku itxi eta zaindua ere jarriko dute jai eremuaren erdigunean. Gainera, nabarmendu dute erasorik gabeko Kilometroak nahi dituztela, eta azaldu dute puntu moreak egongo direla gune guztietan.
50. aldiz
50. aldia. Mende erdia. Urteurren borobila du aurten Kilometroak jaiak, eta, horren harira, Gipuzkoako ikastolen aldeko jaiak euskararentzat duen garrantzia nabarmendu du Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari Aitor Elizaranek: «Euskaratik eta euskararentzat egindako auzolan erraldoia da. Euskara komunitatea josteko, aisialdian bizitzeko, kulturan parte hartzeko eta pertsonen egunerokoan presente egoteko hizkuntza izatea nahi dugu. Horretarako, tresna paregabeak dira Kilometroak bezalako jaiak». Herria eta auzolana; euskararekin batera, horiexek dira, Elizaranen esanetan, Kilometroak jaiaren osagaiak: «Kilometroak Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia da, baina, aldi berean, Euskal Herri osoan behetik gora eraikitzen ari garen hezkuntza proiektuaren eta herriaren arteko loturaren erakusgarri ere bada. Ikastolen aldeko beste jaiekin batera, behetik gora herri bat josten dugu urtero».
Eta 50. aldian, «zirrara berezia» eragiten die berriz hasierara, Lazkaora, itzultzeak. Nabarmendu dute aurtengoa ez dela lehen aldi haren «berdina» izango, eta uste dute hori «albiste ona» dela, urte hauetan guztietan ikastolen mugimenduak «gizartearen behar eta erronka berrietara egokitzen» jakin duelako, betiere «hasierako helburuei eta printzipioei» eutsita: «Ikastolak herritik sortu ginen, eta herriarentzat ari gara lanean, herri euskaldunagoa, kohesionatuagoa eta parte hartzaileagoa eraikitzeko; horren isla da Lazkao».