Igande goizean Berriozarko Udalaren (Nafarroa) baimenik ez zuen informazio gune bat jarri zuen Vox eskuin muturreko taldeak. Eta eskuin muturrari aurre egin nahi izan zioten gazteen aurka egin zuen Foruzaingoak. Foam balak jaurti zituzten, eta «neurriz kanpoko» oldarraldi horrengatik azalpenak eskatu dizkio Iker Mariezkurrena Berriozarko alkateak Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko Barne kontseilariari.
Voxek euren mezuak banatzeko gune bat jarri zuen igande goizean Berriozarko Etxaburua kalean, 10:00etan. Hari aurre egiteko ehunka herritar bildu zen inguruetan, eta Foruzaingoa bertaratu zen Voxeko kideak babesteko. Oldartu egin ziren. Udalaren arabera, hainbat pertsona zauritu ziren, eta horietariko hiruk medikuen arreta jaso zuten. «Hainbat kalte material izan ziren», gaineratu du udalak. Inguruko etxebizitza bateko atariko kristalak hautsi ziren istiluen ondorioz.
Berriozarko EH Bilduk ohar bat atera du, eta foruzainen jarduera kritikatu du. Gertatutakoaren berri izan ondoren, Iker Mariezkurrena alkatea bertara joan zen eta azalpenak eskatu zituen. «Une horretan Foruzaingoaren arduradunari jakinarazi genion egiten ari zen ekitaldiak ez zuela Berriozarko Udalaren baimenik», aipatu du. «Biziki deitoratzen ditugu igande goizean gure herrian izan ziren gertakariak», esan du alkateak.
Ez da lehen aldia. Larunbatean, antzera gertatu zen Arrotxapean: Voxek propaganda banatzeko gune bat jarri zuen, eta hari aurre egin ziotenen aurka egin zuen Foruzaingoak. Espainiako banderak eta beldurrik ez zutela zioten kartelak ikusten ziren Voxen gune horretan. Eskuin muturraren aurka egin nahi zutenen aurka egin zuen Poliziak.