Egun argiz eta herritarren eta komunikabideen aurrean. Mugitu mugimenduak berriro margotu du CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkartearen egoitzaren aurrealdea, Iruñean. Aurrekoan bezala, abiadura handiko trenaren kontrako mezua margotu du CENek AHTaren alde jarrita duen olanan: «Bai etorkizunari» dio CENen olanak, gaztelaniaz; «TAV ez» gehitu dio Mugitu mugimenduak. Batzuk margotzen ari ziren bitartean, besteek pankarta bat zabaldu dute. Amalurraren defentsan ekintza zuzena, AHTrik ez! izan da leloa.
Mugitu mugimenduak desobedientzia bultzatzen du AHTaren aurka. Iazko abenduaren 2an ere, goizaldean, margotu zuen CENen egoitzaren aurrealdeko olana. Olana hark zioen etorkizunera joateko maletak egiteko ordua zela, etorkizuna AHTarekin lotuz. Bi pertsona epaitu zituzten atzo Nafarroako Probintzia Auzitegian, margoketa hura egiteagatik. Fiskalak 900 euroko isuna eskatu zuen batentzat, eta 550 eurokoa bestearentzat.
Hurrengo egunean berriro margotu dute AHTaren aldeko olana, CENen egoitzan. Espainiako Polizia eta Foruzaingoa joan dira bertara. Espainiako Poliziak protestan parte hartu duten lagun guztiak identifikatu ditu. Baita pintaketa egin duten biak ere, baina ez ditu atxilotu.
«AHTaren mafia»
Mugitu mugimenduak CENen kontrako ekintzak egin ditu, Nafarroako Enpresaburuen Elkargoak sortu eta bultzatu zuelako Nafarroako AHTaren Aldeko Plataforma. Mugitu mugimenduak salatu du plataforma horrek presioa egiten diela Espainiako eta Nafarroako gobernuei, AHTaren obrak bizkortzeko, «nahi baino motelago doazelako». «AHTaren mafia» deitu dio plataforma horri, gobernuei «presio egiten» dielako «krisi sozial» betean.
Mugitu mugimendua AHTaren kontra dago uste duelako Nafarroako gizartearen parte handi batek ez duela proiektua babesten, ingurumenean izango duen eragina «onartezina» dela, diru publikoa «xahutuko» dela negozio pribatuetarako, eta herritarrek gehien erabiltzen duten tren zerbitzua «suntsitzen» ari direlako «dirudunen klasearen mesedetan».