Ur sarean matxura bat dagoenez, urik gabe daude EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Leioako campusean, eta erabaki dute bertan behera uztea gaur 12:00etatik aurrerako eskola guztiak.
EHUk BERRIAri azaldu dionez, atzo sortu zen matxura hoditerian, eta oraindik ez dute konpontzea lortu. Horregatik, unibertsitateak jakinarazi du «kaltetutako ikastegi eta eraikinetako jarduera presentzial guztiak» eten dituela. Bestalde, ikasleei eta langileei adierazi die «egoeraren berri emango diela egunean zehar».
Finantzaketa eztabaidagai
Aspalditxoan eztabaida eragin du EHUren egoerak, eta, bereziki, haren finantzaketak. Azaroaren 19an, Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak ohartarazi zuen azpiegituren egoera «kezkagarria» zela, eta unibertsitateko eraikinak hondatzen ari direla. Egun horretan, unibertsitatearen premiei aurre egiteko finantzaketa azaltzen duen dokumentua aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarrean, eta adierazi premiazkoa dela 42 milioi inguruko inbertsioa egitea azpiegituretarako.
Urriaren amaieran hasi zen Bengoetxearen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko gatazka. Hilaren 29an, errektoreak salatu zuen Eusko Jaurlaritzak iragarritako aurrekontuek «geldialdia» ekarriko zutela unibertsitate publikora. Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak erantzun zion Bengoetxeari azaroaren 3an: adierazi zuen «dialektika hiperbolikoak» ez zuela hobetuko erakundearen finantzaketa, eta eskatu zuen ez erabiltzeko unibertsitate publikoa «arma politiko» gisa. Hori dela eta, Bengoetxeak premiazko bilera bat eskatu zuen Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin, Noel D'Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuarekin eta Perez Iglesiasekin. Bilera pribatu bat egitekotan geratu ziren.