EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Joxerramon Bengoetxeak agerraldi bat egin zuen lehengo astean, urriak 28 zituela, salatzeko Eusko Jaurlaritzak 2026rako aurrekontuen proiektuan EHUrako jarriko duen finantzaketa urriegia dela. Justu aurreko egunean onartu zuen Jaurlaritzak proiektua gobernu kontseiluan, eta iragarri zuen 337,4 milioi euro jarriko dituela EHUrako. Urgentziazko deialdi batean atera zen errektorea horren gaineko balorazioa egitera. Eta egoera gordina deskribatu zuen. «Aurrekontu hauek geldialdia ekarriko dute unibertsitatera», ohartarazi zuen. «Unibertsitate bikaina dugu ikerketari eta hezkuntzari dagokienez, baina azpiegitura, lan eta digitalizazio baldintzak erabat prekarioak dira». Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Perez Iglesiasek —EHUko errektore izan zen 2004-2009 aldian— erantzun egin die asteburu honetan Aieruak izeneko bere blogean unibertsitateko buruei: esan die «dialektika hiperbolikoak» ez duela unibertsitatearen finantzaketa hobetuko.
«Ez da sinesgarria esatea gobernuak ikasle bakoitzeko 10.000 euro emateak geldialdia edo kolapsoa ekarriko diola unibertsitateari, arrazoi ekonomikoak direla eta. Ez da; hala balitz, Europako ehunka unibertsitate egongo lirateke amildegiaren ertzean». EHU munduko 400 unibertsitate onenen artean dagoela gogoratu du, eta EHUk berak lehengo astean bertan zabaldutako albiste bat ekarri du gogora. Horren arabera, EHUk gora egin du Stanford unibertsitate entzutetsuak ikertzaile aipatuenak bilduz egiten duen zerrendan: iaz, EHUko 168 ikertzaile agertu ziren rankingean, eta orain 189 dira. Horregatik, EHUren jarrera ulertzeko galderak egin nahi izan ditu sailburuak. «Zeri dagokio errektorearen jarduna?», itaundu du. «Proiektu akademikorik ez dagoela ezkutatu nahi al da? Edo erantzukizuna gauzatzeko eta aurrekontu erabaki zailak hartzeko ezintasuna?». Baliabideak «mugatuak» izaten direla gogoratu du, eta erakundeetako buruen «erantzukizuna» dela beti lehentasunak jartzea eta «aukeratzea».
Hizkuntza hiperbolikoak ez du Euskal Herriko Unibertsitatearen finantzaketa hobetuko. Izenburu horixe jarri dio sailburuak bere testuari. Lehengo astean EHUko buruek beren aldarrikapenak egiteko egin zituzten urratsak aztertu ditu idatzian. Gogora ekarri du hilaren 27an, aurrekontuen proiektua onartu zen egun berean, EHUko errektoretzak prentsa ohar baten bidez zehaztu zuela EHUren beharrak 600 milioi eurorenak direla. Ohar horretan, zehazki, EHUk adierazi zuen, jardun ona bermatze aldera, 607 milioi euroko aurrekontuaren premia duela. Perez Iglesiasek bere testuan gogora ekarri du finantzaketa igoera handia litzatekeela hori; iaz, guztira, Jaurlaritzak 400 milioi euroko ekarpena egin zion EHUri, beraz, 200 milioi gehiago eskatzen ari da orain unibertsitatea.
Sailburuak azaldu du egun horretan bertan EHUko errektorearen dokumentu bat jaso zuela, eta hor «aurreikusitako jarduera gehigarriak» zein diren zehaztu ziola. Horien interpretazio kritikoa egin du: «Proposamenetako ia batek ere ez du eduki akademikorik». Sailburuaren arabera, errektoreak adierazi zion 200 milioi euro gehiago izanda «erdia baino zertxobait gehiago» soldata igoeretarako edo antzeko neurrietarako erabiliko litzatekeela. «Pertsonen zaintza epigrafean dago jasota», azaldu du Perez Iglesiasek. Beste 50 milioi euro azpiegituretarako erabiliko liratekeela azaldu du sailburuak, eta beste horrenbeste «unibertsitate autonomia» izenburupean aurkeztu diren gastuetarako.
Urte batetik bestera
Aurrekontuetan urte batetik bestera aparteko aldaketarik ez dela egoten gogoratu du Perez Iglesiasek bere testuan. «Administrazioak nola funtzionatzen duen dakien edonork badaki ondoz ondoko bi ekitaldiren arteko aurrekontu aldaketak ia inoiz ez direla oso handiak», azaldu du. «Nire esperientziaren arabera, salbuespenezkoa izango litzateke administrazioan %10eko igoera bat. %50eko igoera ezin da imajinatu ere egin. Horrelako proposamen bat egiten denean, helburua ez da adierazten dena. Beste bat da», deitoratu du. Eta aldarrikapenen erabilera gaiztorik ez egiteko eskatu du. «Espero dut ez direla saiatuko unibertsitate publikoa arma politiko gisa erabiltzen».
EHUko gobernu taldearekin akordioak lortzeko «gogoz» daudela esan du sailburuak, baina gauzak esateko modua aldatzea beharrezkoa dela horretarako.