Bertsoak, eskolatik plazara

Bertso Eguna antolatu dute Gernika-Lumon. Eguerdian, bertso poteoa egin dute; bertso eskolak izan dituzte hizpide, horrelako egun batean «egon beharreko lehengaia» baitira.

(ID_13540239) (Aritz Loiola/@FOKU) 2024-01-27, Gernika-Lumo. Bertso eguna
Bertso Eguneko bertso poteoa atzo, Gernika-Lumon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Gernika-Lumo
2024ko urtarrilaren 28a
05:05
Entzun

Bazkarirako dena prest dago Gernika-Lumoko (Bizkaia) Astran: mahaiak jarrita daude, eta platerak eta edalontziak, banatuta. Hala ere, oraindik ez da bazkaltzeko ordua. Bertsolariek eta bertsozaleek egarria asetzeko aukera izango dute lehenengo, Bertso Egunean bertso poteoa egingo baitute. Eguerdi aldera, trikiti doinua entzun da Astra barrenenetik. Lagun talde batek jarraituta atera da trikitilaria, eta hasiera eman diote horrela bertso poteoari. 

Bertsozale Elkarteak eta Lilibertso bertso eskolak antolatuta, atzo egin zuten Bertso Eguna Gernikan; egun osoko egitaraua prestatu zuten. Aurten, bertso eskolak izan dituzte hizpide. «Plazaren eta gaztetxoen arteko zubi lana egiten dute bertso eskolek», azaldu du Ander Elortegi Lilibertsoko kideak. Eta erantsi du Bertso Egun batean «egon beharreko lehengaia» direla bertso eskolak.

Astratik aterata, tabernetara jo dute bertsozaleek. Lehenengo geldialdian, Itsasuko (Lapurdi) bertso eskolako hiru bertsolarik hartu dute mikrofonoa. Izan ere, poteoaren asmoa izan da taberna bakoitzean lurralde diferenteetako bertso eskolek parte hartzea. Arrazoiak arrazoi, ezin izan dituzte denak ordezkatu: «Arabarrek, esaterako, orain hasiko dute bertsolari txapelketa, eta ezin izan dira etorri». Hala ere, bertso eskoletako kideak izan dira poteoan bertsotan aritu direnak.

«Bizkaian badaude lan itzela egiten duten bertso eskolak; ikusgaitasuna emateko modu bat da hau».

BELATE OLABARRIABizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakaria

Lehenengo tabernatik ateratzean, pandero hotsa gehitu zaio trikitiari. Eta haien atzetik joan dira gainerako herritarrak. Egunak aurrera egin ahala, gainera, gero eta jende gehiago gerturatu da koplak kantatu eta entzutera. Haizea Telleria poteoaren hasieratik ari da bertsoak entzuten. «Inoiz ez dut aukerarik izan Bertso Egunera etortzeko, eta aurten aukera izan dut lagunekin etortzeko eta egunaz gozatzeko», kontatu du. Bertsolaria eta bertsozalea izan arren, ez du uste gaur bertsotan arituko denik: bere kideak entzuteko eguna izango da gaur. 

Egun «bete-betea»

Bertso Eguna Muxikan (Bizkaia) hasi dute herritarrek, eta han izan da Belate Olabarria. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakaria izanik, hasiera ekitaldian hartu du parte. Gero, berriz, «libre» geratu da. Bertso poteoaz gozatzen ari da orain, senideekin eta lagunekin. «Bazkarira goaz gero, baita bertso saiora ere; egun bete-betea dugu gaur».

Bertso Eguna Gernikan
Hiru gazte bertsotan, Gernika-Lumoko bertso poteoan. BERTSOA.EUS

170 lagun inguruk eman dute izena bazkaltzeko. «Jendea bertsotarako gogoz ikusi dugu; giro polita dago», azpimarratu du Elortegik. Arratsaldean, bertso jaialdia izango dute, Amets Arzallus, Etxahun Lekue, Maialen Lujanbio eta Saioa Alkaiza bertsolarien eskutik. Eta, horren ostean, jaiarekin jarraituko dute, DJ Bullekin. Egunaren prestaketa «gustura eta ilusioz» hartu dute Lilibertsoko kideek. «Parranda eta lana uztartzen badakigu, eta horretan gabiltza».

Olabarriaren ustez, «salto ikaragarria» izan da Bertso Eguna tokiz aldatzea erabaki izana. Izan ere, duela gutxi arte, Gipuzkoan egin izan dute urtero. Are, «ohorea» da Bizkaian egitea: «Bizkaian badaude lan itzela egiten duten bertso eskolak; ikusgaitasuna emateko modu bat da hau».

Bertso eskolen garrantzia ere nabarmendu du Olabarriak, ezinbestekoak baitira bertsolaritza kalean eta plazetan ikusteko. Haren iritziz, bertso eskolek lotzen dituzte hezkuntza arautua eta plaza: «Langile asko ditugu hezkuntzan, baina salto egin behar da bertso eskolara, gero plazara joateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.