Gaur beste 61 hildako gehiago izan dira, orain arteko kopururik handiena egun batean. Positiboen kopuruari dagokionez, bi egunez jarraian behera egin ondoren, gaur berriro gora: 711 kutsatu gehiago. Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren kasuan, positiboen igoera probak bikoiztu izanari egotzi dio Jaurlaritzak, eta ospitaletako larrialdietan "presioa jaisten" ari dela nabarmendu du. Munduan, berriz, 40.000tik gora hildako eta 800.000 kutsatu zenbatu dira.
Nolakoa da COVID-19 koronabirusaren eragina Euskal Herrian beste herrialdeekin alderatzen badugu? Handia, Mikel Peruarenak egin duen azterketaren arabera. Munduan heriotza gehien duten herrialdeetan 12.a da Euskal Herria. Are gehiago, biztanleriaren eta hildakoen arteko proportzioari begiratuz gero, laugarren herrialdea da (ia 13 hildako 100.000 biztanleko), San Marino (74), Italia (19) eta Kataluniaren (18,6) atzetik.
Arlo ekonomikotik datoz gaur bestelako datu kezkagarriak. Lana erregulatzeko 26.600 txosten aurkeztu dituzte Hego Euskal Herrian. Guztira, 166.000tik gora langilerengan izango dute eragina. Lurraldeka, Bizkaian aurkeztu dira gehien: 10.945 (69.101 langile). Gipuzkoan, berriz, 7.052 txosten (45.885 langile). Nafarroan, 5.600 txosten (22.000 langile), eta Araba, 2.998 txosten aurkeztu dituzte (29.287 langile).
Konfinamendu osoa ezartzeko moduak kritikak eragin ditu, hainbat enpresari ekoizpenari eusteko aukera eman diolako. Bereziki ELA eta LAB sindikatuak kexatu dira. Espainiako Gobernuko ordezkariari gutun bat igorri diote lehentasuna langileen eta herritarren osasuna zaintzea dela gogoratuz. Oraintxe bertan infekzio foku nagusiak lantegietan daudela nabarmendu dute.
DATUAK: Koronabirusaren azken datuak
MAPA: Koronabirusaren zabalpena herriz herri
ZUZENEKOA: Azken orduko albisteak koronabirusari buruz
Agian honek ere merezi du
Zer egin? Zer egin krisi bati aurre egiteko? Galdera hori egin die Enekoitz Esnaola kazetariak lau lehendakari ohiri: Carlos Garaikoetxea, Jose Antonio Ardanza, Patxi Lopez eta Uxue Barkosi. Denek eman diote garrantzia halakoetan gertutasuna eta sentsibilitatea izateari, baita neurriak hartzeari ere.
Adingabeen itxialdia. Psikologoen aholkuak bildu ditu Edurne Begiristainek haur eta nerabeen itxialdiari begira, lau hormaren artean oreka lortze aldera.
Elkarren zaintza. Koronabirusaren krisiak zaintza arloan sortutako arrakalei erreparatu die gaur Maider Galardik gidatutako BERRIA FM podcast feministak, Bakarrik ezin, elkar zaintzen bai lelopean..