Ustelkeria. 'Osasuna auzia'

«Beste aldera begiratu zuen»

Patxi Izkok epaileari aitortu zion 2008an «kontseilari batek» Ogasunaren ikuskaritza bat gerarazi zuela.Barcinak eta Goikoetxeak adierazi dute ez dutela gertaera horren berririk

Patxi Izko Osasunako presidente ohia, iragan ostiralean, auzitegian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2015eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Osasuna lehertu zaio oraingoan UPNri. Patxi Izko presidente ohiak Fermin Otamendi epaileari ostiralean egindako deklarazioaren xehetasunak jakin dira azken orduetan. Eta Izkok bertan adierazi zuen Nafarroako Ogasuna jakinaren gainean zegoela 2008-2009 denboraldiko futbol partida bateko iruzurraren inguruan. Une hartan, Ogasunak ikuskapen akta bat hasia zuen Osasunak 500 euroko billeteekin egindako 300.000 euroko diru mugimendu batengatik. Horri buruz galdetuta, Izkok epaileari onartu zion«kontseilari batek» espediente hura geraraztea lortu zuela: «Ogasunak beste aldera begiratu zuen». Garai hartan Alvaro Miranda zen Ekonomia eta Ogasun kontseilari, baina ez da zehaztu nor izan zen.

Izkoren aitorpenak, Osasuna auziaren barruan beste ildo bat ireki du, eta hari horrek berehalako lotura du gobernuarekin eta Ogasunarekin —teorian azken organo horrek gobernuarengandik erabat autonomoa izan beharko luke—. Orain, Osasunako kontuetatik azken bi denboraldietan ateratako eta arrazoitu gabeko 3,7 milioi euroen inguruko ikerketa egiten ari da Iruñeko 2. instrukzio epaitegia, baina auziak dimentsio politiko sakona du. Azken finean, Izkoren aitortzak erakutsi du Ogasunaren rola erabakigarria izan dela diru mugimendu irregularrak egiteko eta batez ere zorra handitzeko.

Iragan udazkenean jakin zen Osasunak errenta zerga eta BEZ zergen ordainketen atzerapenekin 53 milioi eurora arteko zorra pilatu zuela. Zor handi horren aurrean, bideragarritasun planik onartu gabe, UPNk, PSNk eta PPk iragan azaroaren 27an Osasuna erreskatatzeko foru legea onartu zuten, zorra ordaintzeko baldintzak leunduz eta Osasunaren instalazioak (batik bat Taxoare eta Sadar) bere gain hartuz. Osasunaren ikuspuntua aintzat hartuz, instalazio horien balioa 43 milioi eurokoa izan da, nahiz eta Ogasuneko teknikariek 35 milioi euroko balioa eman. Alde horri Osasunari instalazio horien mailegutik ordaintzea falta zaizkion lau milioi euroak gaineratuz gero, esan nahiko luke lurraldeko talde nagusiari 12 milioi euro inguru barkatu zaizkiola bat-batean.

Erreskatearen eta azken egunetako zurrunbilo judizialaren erdian etorri da orain Izkoren aitortza, eta gobernuari eztanda egin dio auziak. Hasteko, Ekonomia departamentuak informazio espedientea hasi du Ogasunean. EH Bilduk Lourdes Goikoetxearen eta Raul Goñi Ogasuneko zuzendariaren agerraldia eskatu du parlamentuan. Jose Miguel Nuin Ezkerrako eledunak, berriz, ikerketa batzordea irekitzea galdegin du. Alta, legealdia iragan martxoaren 31n amaituko da, eta ez dago denborarik.

«Ez dut informaziorik

Goikoetxeak erantzun du ez duela informaziorik 2008ko ikuskapen espediente horri buruz. «Departamentuan izan naizen aldian, ez dut informaziorik jaso». Goikoetxeak aipatu du Ogasunari dagokiola azalpenak ematea, eta auzia «azkar eta garden» argitzeko eskatu du.

Hitz bera, «gardentasuna», erabili du Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak. Haren esanetan, 2008ko ikuskaritza espedientea igorri zaio jada epaileari: «Gardentasuna eta justiziarekin elkarlan osoa, eta, jakina, erantzukizunik badago, lehenbailehen jakinaraz dezala justiziak». Kontseilari batek 2008an ustez egindako esku hartzeari buruz galdetuta, erantzukizun oro saihestu du: «Nik dakidana esan dezaket eta gobernu honek egiten duena». Haren ustez, Osasunari gertatutakoa «lazgarria da».

Artxanko libre

Osasunak zurrunbilo mediatikoaren erdian jarraitzen du. Atzo goizean Osasunako zuzendaritzako inputatu gisa deklaratu zuten Jose Manuel Purroyk, Sancho Bandresek. Jose Luis Roldanek ere inputatu gisa deklaratu zuen, baina kargurik gabe libre utzi zuen amaieran. Manolo Ganuzak, berriz, lekuko gisa deklaratu zuen. Oraintxe bertan, Txuma Peralta da behin-behineko espetxealdian segitzen duen bakarra.

Atzo arratsaldean, Miguel Artxanko presidente ohiak kartzela utzi zuen 500.000 euroko bermea ordaindu eta gero. Ostegun zein ostiralean atxilotutako gainerakoekin batera inputatuta jarraitzen du, eta guztiei bost delituegozten dizkiete: besteak beste, bidegabeki dirua ebastea, kontabilitatea faltsutzea, kirol emaitzetan iruzur egitea eta dokumentuak faltsutzea.

Kontu asko argitzeko

Auzia hasi besterik ez da egin, eta oraindik kontu asko daude argitzeko. Osasunak salaketa aurkeztu zuenean, 2,4 milioi euro falta ziren, eta Angel Bizkai 24 urtez kudeatzaile izandakoak urtarrilaren 26an Espainiako Futbol Liga Profesionalean (LFP) egindako deklarazioan aitortu zuen 1,6 milioi euro erabili zirela sei partidatako emaitzak saritzeko, horietako batzuk aurkariari galtzen uzteagatik ordaintzeko. Ordainketak bi higiezin agenteri zein Portugalgo Madeira uharteko Flefield sozietateari egindako fakturen bidez ezkutatu ziren. Hala eta guztiz ere, zenbakiek ez dute bat egiten: partidak saritzea egun delitu bada ere, bidean dirua galdu da, eta epaileak ikertu nahi du noren poltsikoan amaitu duen. Epailearen arabera, gainera, falta den diru kopurua 3,7 milioi eurokoa da.

Osasunak oso gaizki amai dezake. Ikusteko dago epaileak taldea inputatzeko urratsa egiten duen. Hala egingo balu, Osasunak LFPn aurrekontuaren %15 (1,75 milioi euro) jarri beharko lituzke berme gisa, baina orain, taldeak ez du dirurik horretarako. Zuzendaritzako kideek erantzun beharko lukete. Gertaeren bilakaera ikusita, gainera, Luis Sabalzaren zuzendaritza okerrenean jarri da, eta Osasunaren balizko desagerpenari nola erantzun aurreikusten ari dira jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.