Abstenitu egin da. Eusko Legebiltzarrean gaur goizean Euskal Enplegu Publikoaren Legearen erreformaren lantaldeak bilera egin du, eta bilerara erabaki bat hartuta joan da EH Bildu: jeltzaleen proposamenaren gaineko bozketan abstenitzea. Esan eta egin. Ohar baten bidez eman du EH Bilduk erabakiaren berri, eta zergatia zein den ere azaldu du: erreformaren eztabaidan jeltzaleekin hasita daukan «negoziazioan» aurrera egiten segitzeko giltza izatea nahi dute. EAJrena ez da mahai gainean dagoen proposamen bakarra: EH Bilduk berak ere egina du beste bat. Horrek, ordea, gainerako taldeen kontrako botoak bakarrik jaso ditu gaur.
Oharrean, EH Bilduk gogora ekarri du indarrean daudela proposamenei jarri zizkien zuzenketak, eta horien bidez ahaleginduko dela bere proposamenaren helburuen alde egiten. Hain justu ere, zuzenketa horietan bere erreforma proposamenaren eduki nagusiak biltzen ahalegindu da. EH Bilduko informazio iturriek BERRIAri jakinarazi diote, halaber, gaur EH Bilduren proposamenak gainerako taldeen aldeko botorik jaso ez badu ere proposamenak «formalki» bere bidea egiten jarraituko duela oraindik Eusko Legebiltzarrean.
Zehaztu dute ostiralean egingo dela berriro ere bi proposamenak eta horien zuzenketak aztertzeko bozketa. Erakundeen, Gobernantza Publikoaren eta Segurtasunaren Batzordean izango da, eta esan dute oraindik ez dutela erabaki zer boto emango duten bilkura horretan. Ondoren, ekainaren 25ean, osoko bilkurara helduko da gaia.
Ororen gainetik, akordioaren garrantzia nabarmendu nahi izan dute gaur EH Bilduko kideek. «Euskararen aurkako ofentsiba politiko, mediatiko eta judizial batean, EH Bilduren ustez akordiorik eza ez da aukera bat», adierazi dute gaur atera duten oharrean. «Euskarak eta Enplegu Publikoaren Legeak adostasun zabalak eskatzen dituzte».
Ez da erraza, ordea. Lege erreforma biak mahai gainean jarri zirenetik, desadostasunak agerikoak izan dira. Aurrena, EAJk ahalegina egin zuen PSE-EErekin akordioa lortzeko, baina alferrikakoak izan ziren elkarrizketak, eta gobernu koalizio barruko desadostasun iturrietako bat izan da hizkuntza eskakizunen gaia. Ondoren, EH Bilduren eta EAJren arteko akordio posibleek piztu dute esperantza. EH Bilduk behin eta berriz eskua luzatu duela esan du. EAJk, berriz, maiz esan du bi proposamenak oso ezberdinak direla, eta nekez uztartu daitezkeela. Horiek horrela, bere proposamenaren gaineko zuzenketak aurkeztu zituenean, eskabide zehatza egin zion EH Bilduri: abstentzioa eskatu zion. Gaur EH Bilduk egin duen keinua ordutik hona izan diren negoziazioen ondorioa izan ote den ikusi beharko da orain. Ostiralean argituko da hori.
EH Bilduk, gaur behintzat, berritu egin du elkarrizketaren aldeko deia, eta euskara biziberritzeko prozesu osora eraman behar dela esan du, gainera. «Euskararen estatus juridikoan urrats sendoak egiteko eta eskubide berdintasunean aurrera egiteko unea da», gogora ekarri du.
Aldeak eta zuzenketak
Euskararen normalizazioaren kontrako epai ugari ebatzi dira urteotan, administrazio publikoan ari diren langileei ezarritako hizkuntza eskakizunen kontra horietako asko, eta Eusko Legebiltzarrean aurkeztuta dauden bi proposamenen helburua da halakoei bidea ixtea, eta erakundeek euskara biziberritzeko politikak sustatzen jarraitzea.
Euskararen ezagutza egiaztatzeko derrigortasuna «orokortzea»: hori da EH Bilduren proposamenaren funtsa. Egun, gaztelaniaren ezagutza da orokortuta dagoen bakarra, eta gaztelaniazko arta da, ondorioz, beti bermatuta dagoen bakarra. Hori irauli nahi dute EH Bildukoek, eredu berri batekin. «Legez zuk artikulatu batean esaten baduzu sarbidean bi hizkuntzak eskatu behar direla, epaileak ja hori ezin du interpretatu», azaldu izan du EH Bilduko legebiltzarkide Josu Aztiriak. «Legea bera garbia izango da, eta ez du interpretazioetarako aukerarik emango».
EAJk Eusko Legebiltzarrera eraman duen erreforma proposamena, berriz, zera da: hizkuntza eskakizunen derrigortasun indizea kendu egin behar dela, eta horrek bidea emango duela hizkuntza eskakizunen kontrako epai gehiago ez izateko eta administrazio bakoitzak bere bidea landu ahal izateko euskararen normalizazioan. Zehazki, Euskal Enplegu Publikoaren Legearen 11. artikuluari paragrafo bat gehitzea da jeltzaleen proposamena, eta hor jasotzea hizkuntza eskakizunetan «nahitaez bete beharreko indizeen zehaztapen orokorrik» ez dela aplikatuko.
Zuzenketen bidez findu egin dituzte gero bi taldeek proposamenak. EH Bilduk, adibidez, definitu egin du derrigortasuna geroratzeko indizea. «Progresibotasun indizeak adierazten du entitate bakoitzean eta plangintzaldi bakoitzean derrigorrezko hizkuntza eskakizuna gehienez geroratu daitekeen lanpostuen kopuru osoaren ehunekoa», zehaztu du. Zehaztapen horietan negoziazioetarako bide bat dagoela esan dute maiz EH Bilduko kideek.
EAJk mahai gainean jarri duen aldaketa nagusietako bat, berriz, lan eskaintza publikoetan «derrigortasun geroratuaren figura» orokortzea da. «Zehazki, zuzenketak zera planteatzen du, administrazio publikoek hizkuntza profila duten lanpostuak ezarri ahal izatea, baina profil horren eskakizuna denboran geroratuta». Alegia, euskarazko hizkuntza eskakizuna egiaztatu gabe ere lanpostu publikoetarako sarbidea ematea da horren helburua, baina betiere «epe bat» emanda hori egiaztatzeko. «Administrazioak berak» prestakuntza emateko «konpromisoa» hartu beharko duela ere aipatu dute.