Beste preso bat hil da Zaballako espetxean

Lau dira Zaballan bizia galdu duten presoak, urtea hasi denetik. Urriaren 6an mobilizatzeko deia egin dute.

Zaballako espetxea, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2020ko urriaren 1a
16:19
Entzun

35 urteko gasteiztar bat hil da Zaballako presondegian, Salhaketa elkarteak jakinarazi duenez. Aurten «arrazoi ez-naturalengatik» espetxe hartan hil den laugarren presoa da, eta iraileko bigarrena. Izan ere, irailaren 15ean adierazi zuen elkarteak 32 urteko beste gizonezko bat hil zela. Kasu hartan, presondegiko 4. moduluko kideek topatu zuten, ziegan urkatuta. Aurretik, uztailaren 17an, 23 urteko preso bat agertu zen hilda ziegan, eta apirilaren 7an, espetxe bereko beste preso bat zendu zen ospitalean, Gasteizen. Gauzak hala, hilaren 6an mobilizatzeko deia egin dute, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, 12:00etan.

Salhaketaren datuen arabera, Espainiako Espetxe Erakundeen menpeko presondegietan 125 preso hil dira 2020. urtea hasi zenetik, eta «heriotzak ezkutatzeko politika sistematikoa» salatu du, «COVID-19aren epidemiaren eraginez» azaleratu dena. Izan ere, elkarteak azaldu du espetxe erakundeek ez dutela heriotzen inguruko berri edo informaziorik eman, «inpunitate» jarrera erakutsiz.

Heriotzen inguruan erakunde politiko eta judizialek duten «ekimenik eza» ere salatu dute, eta horiek ikertzeko lanik egin ez izana gaitzetsi: «Egoera onartezina da, nagusiki heriotza gehienak eragotz zitezkeelako, besterik gabe egungo legedia aplikatuta». Horregatik, larri gaixo dauden presoak «berehala askatzeko» exijitu du elkarteak, baita buruko gaixotasunak dituztenak, askotan suizidiora eramaten dituztela argudiatuta. «Pertsona horiek zaintza eta osasun jarraipen batzuen beharra dute, espetxearekin bateraezinak direnak», argudiatu du. Horregatik guztiagatik, Salhaketak uste du gertatutakoa «eragotz zitekeen tragedia bat» dela.

Heriotzen arrazoiak argitzeko asmoz, berriz, elkarteak hainbat eskaera egin dizkie erakunde publikoei. Batetik, fiskaltzari eskatu dio ofizioz iker ditzala heriotzak, «gehienak baldintza arraroetan gertatuak», horien arrazoiak argitzeko. Bestetik, espetxeetako zuzendaritzei exijitu die hildako presoen senideak behar bezala informatzeko, «autopsia ekiditeko asmoz, gorpua erraustea» bilatu beharrean. Ardura zibil eta penalak eskatzerako garaian senideei babesa emateko ere eskatu du, eta laguntza psikologikoa bermatzeko.

Iaz bost

Aurten, oraingoz lau lagun hil dira Zaballako espetxean. 2019. urtean, berriz, bost preso hil ziren presondegi hartan. Bi kasutan, droga gaindosia jo zuten heriotzen kausatzat, eta beste bitan, berriz, presoek bere buruaz beste egin zutela azaldu zuten. Azken kasuaren inguruko informaziorik ez zen argitaratu. Hala, espetxe hartan zendutako guztiak gizonezkoak dira, eta gehienak 30 urtetik beherakoak.

Egun, 700 preso inguru daude han. Horien %80 inguru zigorra betetzen ari dira, eta gainerakoak behin-behinean daude espetxeratuta, epaiketaren zain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.