Nerea Azurmendi

Betaurrekoak

2024ko apirilaren 20a
05:00
Entzun

Gogoetari emandako egunean handiustea barkatuko didazuelakoan, esango nuke politikaz horren gutxi jakiteko dezente asmatu dudala. Hautesleriak ez du kexarako motiborik, ikuskizun nahiko konpletoa eskaini baitzaio. Espero zitekeen moduan, erreklamatu du azkenean iraganak bere pantaila-kuota. Izan ere, ehunenak ere garrantzitsuak direnean, arreta erakartzera bideratutako akrobaziei ekiterakoan hobe zoru ezagunean egitea salto eta brinko, helduleku irristagarriak dituen etorkizunean arriskatzea baino. Iraganetik heldu dira halaber nagusitzen ari zen soinu- eta irudi-monotonia astindu duten bizigarriak, baita lehiakideen gabezia eta beldur nagusiak agerian utzi dituzten izpiak ere. Ibilbidea bazterrean hasi zuten gai eta hautagaiek bazterrean bukatu dute. Erdigunetik are urrunago epizentroan egoteko aukera dutenen arteko lehia, aurreikusi bezala, zakartu den heinean.

Ez naiz harrotuko iragarkizunen betetze-mailarekin. Dezente asmatu izanak ez du esan nahi azti gisa bigarren bizialdi profesional bat izan dezakedanik. Bakar-bakarrik esan nahi du aurreikusteko modukoak garela; aldaketa hainbeste aipatu den kanpainan, finean, gauzak ez direla horrenbesterako aldatu. Emaitzetan ere nekez egongo da gauetik goizera jokoa seko aldatuko duen bolante-kolperik, nahiz eta posible izan photo finish-ean balio sinboliko handiko ñabardurak agertzea. Hala ere, gaur-gaurkoz zifrak baino garrantzitsuagoak direnez letrak, deskalabru ikaragarria beharko litzateke hitz luzeenaren jabetza eskuz aldatzeko.

Onar dezagun 2009an PP eta UPyDren bozei esker Lopez sozialistak Ibarretxe jeltzalea zur eta lur utzi zuenetik —«amaiera zoriontsurik gabeko abentura» hura ere, Andoni Ortuzarren hitzetan—, EAEko Legebiltzarrerako hauteskundeen gidoia ez dela izan bereziki zirraragarria, ez duela ekarri ikusleak aho zabalik utzi dituen efektu berezirik. Hala ere, abestiek diotenez, ezer ez da berdin. Mantso bada ere, eten eta gorabehera handirik gabe doa aurrera azken urteetako emaitzek marrazten duten eraldaketa, bere kabuz hedatzen doan mizelio halako baten modura. Eta ez dakit nik hautesleen erabakiak aztertzeko, ulertzeko, azaltzeko eta ustiatzeko erabiltzen diren tresna klasikoak egokienak ote diren olatua ahalik eta ondoen hartzeko. Batez ere, garaiz, zeren eta astelehenaz harago begiratzen hasita, denbora oso garrantzitsua izango baita uhinaren eragin kaltegarrienak neutralizatzeko zein haren energiari ahalik eta etenik handiena ateratzeko. Betaurreko aproposak aukeratzeko gai denak asmatuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.