Beti On zerbitzuak telelaguntza tresna berriak eskainiko dizkie Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 4.400 adinekori

Gaur aurkeztu dute sistema berria Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburu Nerea Melgosak eta Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak.

Melgosa, Beti On zerbitzuko erabiltzaile bat eta Mendoza, sistema berriaren aurkezpenean, Donostian. IREKIA
Melgosa eta Mendoza, Beti On zerbitzuaren sistema berriaren aurkezpenean, Donostian. IREKIA
2026ko uztailaren 22a
15:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak adinekoentzat eskaintzen duen telelaguntza zerbitzua da Beti On, eta, hemendik aurrera, sistema berri bat izango du, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 4.400 erabiltzailerengana zabalduko dena: telelaguntza prediktiboa, zaharrek etxean izan ditzaketen arrisku egoerak identifikatuko dituen sistema. Erloju adimendunen, tableten eta telelaguntza aurreratuko irtenbideen bidez eskainiko dute sistema berria.

Gaur aurkeztu dute Beti On zerbitzuaren nobedadea, Donostiako Martutene auzoan, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak. Bertan, Gipuzkoako Aldundiak eta Adinberrik Gipuzkoan egindako proba pilotuaren ondorioak aurkeztu dituzte, eta jakinarazi dute Beti On zerbitzuko berrehun erabiltzailek parte hartu dutela.

Lehenengo fase honetan, 4.400 erabiltzaileri zabalduko zaie telelaguntza prediktiboaren zerbitzua, eta «lurraldeen arteko oreka» bermatuko dutela ziurtatu dute. Proba pilotuan, 418 irtenbide teknologiko erabili zituzten, batez ere nahi gabeko bakardadea, galera kognitiboa eta etxeko segurtasuna lantzeko.

Probatutako baliabide teknologikoen artean, erorikoen detekzio automatikoa, larrialdietarako botoia eta geolokalizazioa duten 70 erloju adimendun erabili ziren, autoebaluaziora eta estimulazio kognitibora bideratutako 60 tableta baino gehiago, eta etxeko 25 sentsore sistema. Eta 260 proba baino gehiago egin zituzten galera kognitiboaren zantzuak edo bakardadearekin lotutako emozioak detektatzeko.

Hiru tresna

Telelaguntza prediktiboak hiru tresna uztartuko ditu, eta talde profesionalek irtenbide bakoitzaz balia daitezkeen profilak identifikatuko dituzte, haien beharren, arriskuen eta egoeren arabera.

Alde batetik, geolokalizazio gailuak eta erortze sentsoreak dituzten 3.236 TAD erloju banatuko dituzte, erabiltzaileen etengabeko monitorizazioa ahalbidetuko dutenak, bai etxe barruan, bai kanpoan.

Bestetik, 582 tableta jarriko dituzte, galera kognitiboa atzemateko; memoria arazoak dituzten edo bestelako funtzio kognitiboetan galerak dituzten pertsonei emango dizkiete. Estimulazio kognitiboko eta etengabeko monitorizazioko soluzioez baliatu ahalko dira.

Eta, azkenik, telelaguntza aurreratuko 582 irtenbide aplikatuko dituzte; etxebizitzetan jarritako sentsoreei esker, erortzeko edo etxeko beste istripu batzuk izateko arriskua dutenentzako alertak monitorizatu ahal izango dituzte, segurtasuna handitzeko.

Balorazioa

Proba pilotua ebaluatuta, ondorioztatu dute telelaguntza prediktiboa bideragarria dela eta «potentzial sozial handia» duela. Bereziki, erloju adimendunek eta tabletek integrazio «oso handia» lortu zuten Beti ON zerbitzuaren ohiko funtzionamenduarekin, eta jada zabaltzeko prestatuta daude.

Gainera, Eusko Jaurlaritzarena izango den plataforma prediktibo bat sortu ahal izan dute, Beti On zerbitzutik eta gailuetatik datozen datuak integratuta. «Fase berriak aukera emango digu lagina handitzeko, eskura dugun informazioa hobetzeko eta profil bakoitzerako emaitza onenak eskaintzen dituzten irtenbideak ebaluatzen jarraitzeko. Kontua ez da giza arreta ordezkatzea, baizik eta talde profesionalei laguntzeko, zaintzeko eta aurrea hartzeko tresna hobeak ematea», adierazi du Melgosak.

Tresna horrek aukera ematen du ereduak identifikatzeko, aldagaiak gurutzatzeko eta pertsona bakoitzari buruzko erabakiak eta zerbitzuaren plangintza orokorra bultzatzeko.

Gaur aurkeztu duten sistemaz gain, duela zortzi egun iragarri zuten Beti On zerbitzuak ahots mezuen bidezko sistema eskainiko zuela; adinekoei berote, sute eta isurketa abisuak emango dizkiete, baita haiei zuzendutako kanpainen berri ere.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA