Etxegabetzeak

Bi adingabe eta bi emakume etxegabetzen ari dira Bilbon

Segizio judiziala eta bi sarrailagile etxera sartu dira jada. Beste bi saiakera eginak zituzten aurretik, baina AZET sindikatuak geldiaraztea lortu zuen.

Poliziak eta etxegabetzearen aurkakoak parez pare, gaur, Bilboko Iturribide kalean. PAULA MARQUES SANCHEZ
Poliziak eta etxegabetzearen aurkakoak parez pare, gaur, Bilboko Iturribide kalean. PAULA MARQUES SANCHEZ
Paula Marques Sanchez - Iñaut Matauko Rada
2026ko azaroaren 18a
08:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badirudi hirugarren saiakeran lortuko dutela: bi emakume eta bi neska adingabe etxegabetuko dituzte Bilboko Iturribide kalean. Azken hilabetean bi bider saiatu dira familia hori etxetik botatzen, baina AZET etxebizitza sindikatuak modua egin du etxegabetze horiek atzeratzeko. Oraingoan, ordea, badirudi etxetik botako dituztela. Goizeko zortzietan atariaren ingurua itxita zeukaten jada poliziek: dozenaka agente zeuden. Gainera, Bilboko Udaltzaingoaren hiru auto eta Ertzaintzaren sei furgoneta ere bazeuden, gutxienez. Segizio judiziala eta aurpegia estalita zeramaten bi sarrailagile etxera sartu dira jada; blokeko atariaren inguruan istiluen aurkako hainbat agente daude, eta polizia lerroaren atzean AZETek deitutako bi dozena lagun, etxegabetzea salatzen.

Urriaren 26an saiatu ziren lehenengoz familia zaurgarri hori etxetik kanporatzen, baina ez zuten lortu. Handik hamar egunera edo, berriro saiatu ziren, baina orduan ere lortu ez. AZET sindikatuak orduan azaldu zuen herri mugimenduaren mobilizazioari esker geldiarazi zituztela bi saiakera horiek. Ikusita zenbat jende dagoen kanporatze prozesu horren aurka, polizia operazioa handitu egin dute gaur.

Jabeak beste bi etxe ditu

AZETek azaldu duenez, etxean bi neska adingabe eta bi emakume bizi dira —nesken ama eta amona—. Amonaren senar ohia da etxearen jabea, eta, bereizi zirenean, epaileak gizonari aitortu zion jabetza. Sindikatuaren arabera, jabeak beste bi etxe ditu, eta, etxearen jabetza agirian agertu ez arren, emakumeak ere dirua jarri zuen etxea erosi eta atontzeko.

Salatu dute «indarkeria patriarkalaren» erakusgarri dela kasu hau, etxearen jabeak emazte ohia «zigortzeko» erabili baitu etxegabetzea. Halaber, gaineratu dute epaileak gizonaren alde egin duela ez zuelako kontuan hartu emakumeak ere ahalegin ekonomikoa egin izana. 

[Informazioa berritzen ari gara]

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA