Bi eguneko jardunaldiak Gasteiz «antirrazistagoa» izan dadin

Arrazakeria eta eskuin muturra gizartean izaten ari diren gorakada ikusita, Gasteiz Anitza ekinaldiak egitarau bat antolatu du azaroaren 14rako eta 15erako. Pluraltasunaren eta bizikidetzaren alde egingo dute jardunaldietan.

Gasteiz Anitza taldearen jardunaldien aurkezpena, gaur goizean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gasteiz Anitza taldearen jardunaldien aurkezpena, gaur goizean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
Gasteiz
2025eko urriaren 28a
13:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arrazakeria eta eskuin muturra gizartean hartzen ari diren indarra ikusita, Gasteiz «antirrazistagoa» eraiki nahi du Gasteiz Anitza taldeak. Maiatzean aurkeztu zuten hiri ekinaldia, eta, zenbait hilabetez lanena aritu ostean, ekitaldi batzuk antolatu dituzte azaroaren 14rako eta 15erako. Antolatutako guztiaren oinarrian «aniztasuna, elkartasuna eta antifaxismoa» egongo dira, taldeko kideek adierazi dutenez.

Gaur egin dute jardunaldien berri emateko agerraldia, Gasteizen. Bertan izan dira taldea osatzen duten elkarteetako ordezkariak, eta horietako lauk hartu dute hitza: Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko Rosabel Arbotek, Arana auzo elkarteko Peio Salazarrek, Sareak Josten taldeko Aitor Andak eta Gasteiz Antirrazista taldeko Kinnarik —ez du abizena eman nahi izan—. Arbotek azaldu du egungo egoerak kezkatuta dituela: «Diskurtso arrazista eta xenofoboek gora egin dute, eskuin muturra geroz eta indartsuago dago, eta gizarte bazterketa areagotu egin da». Horiek horrela, «aniztasunean eta bizikidetzan oinarrituta», hirian zer egin nahi duten erakutsiko dute datorren hilaren erdialdean. Maiatzean esan zuten moduan, tresna berriak ikertu eta sortzeko elkartu dira, «Gasteiz hiri bizigarria izan dadin».

Zenbait hilabetez lanean aritu dira bi eguneko jardunaldiak prestatzeko. Salazarrek nabarmendu duenez, hutsetik antolatu eta egituratu dituzte, eta haiek identifikatutako premiei erantzun bat ematea dute helburu. 

Egitarau oparoa

Azaroaren 14an hasiko da bi eguneko egitaraua, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolan. Bertan, Gasteizko Mugimendu Feministak eta Sareak Josten elkarteak hiriburuan martxan dituzten esperientziak aurkeztuko dituzte. Lehenengoak azken urteetan egin duen ibilbidea azalduko du, eta bigarrenak EHUko Gizarte Langintzaren Fakultatearekin batera egindako ikerketa-ekintza parte hartzailea aurkeztuko du. Elkarteko kide Andak aurreratu duenez, gazte migratzaile adingabeei buruzko ikerketa bat egin dute.

Arratsaldean, berriz, bost mintegi egingo dituzte hiriburuko Ekialde institutuan. Horietan jorratuko diren gaiak askotarikoak dira, hala nola: dekolonialismoa eta pribilegio zuria, antirrazismoa eta feminismoa, polizien identifikazioetan nola jokatu, okupazioaren inguruan sortutako beldurra eta komunikabideen estrategiak pluraltasuna jorratzeko.

Mahai inguru bat eginda emango diote hasiera bigarren egunari, Aldabe gizarte etxean. Gasteiz Antirrazista elkarteak dinamizatuko du saioa, eta bertako kide Kinnarik azaldu du parte hartuko duten kolektiboek beren esperientziak kontatuko dituztela. Aurreratu du, gainera, Euskal Herrirako eta Gasteizerako baliagarriak izan daitezkeen tresnei buruz mintzatuko direla. Mahai inguruan honako erakunde hauek hartuko dute parte: Judimendiko lonjak (Gasteiz), Basoa-Artea (Bizkaia), J'accuse (Ipar Euskal Herria), Exmenas elkartea (Espainia), Top Manta sindikatua (Bartzelona) eta Agharas (Bizkaia).

Egunari eta jardunaldiei amaiera emateko, festa bat antolatu dute gaztetxean. Elh Malikek kontzertu bat egingo du, eta, haren ostean, Asammer Band taldearen txanda izango da. Kinnarik azaldu duenez, lehenengoaren musikan artistak bizi duen «herri mina» senti daiteke; eta bigarren taldeak, berriz, amazig kulturako musika tradizionala eta modernitatea uztartuko ditu.

Egitaraua

Azaroaren 14a

  • 10:00. Gasteizen martxan dauden esperientzien inguruko kontakizunak, EHUko Ingeniaritza Eskolako areto nagusian.
  • 17:00. Mintegiak, Ekialde BHI institutuan.

Azaroaren 15a

  • 10:00. Antirrazismoari buruzko mahai ingurua, Aldabe gizarte etxeko antzokian.
  • 14:00. Pikoteo musikatua, Talka plazan.
  • 20:00. Elh Malik abeslariaren eta Asammer taldearen kontzertuak, gaztetxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.