Osasunak Real Madrilen aurka lortutako garaipen gozoak amaiera gazia izan zuen harmailetan. Atzo, partida amaitutakoan, Espainiako Poliziak zale bat identifikatu zuen hego harmailan —Indar Gorri taldea egon ohi den tokian—, zelaira botila bat botatzea egotzita. Horren ondorioz, istiluak sortu ziren, eta Poliziak eta Sadarreko segurtasun zaindariak zaleen aurka oldartu ziren estadio barruan, baita kanpoan ere geroago. Bi lagun atxilotu zituzten —bat kalean da jada—.
Una victoria empañada por unos hechos muy graves.
— Sadar Bizirik (@sadarbizirik) February 21, 2026
Vamos a exigir responsabilidades por esta cacerĂa contra la aficiĂ³n en nuestro propio estadio.
En breve, anunciaremos iniciativas al respecto.
¡¡Basta de acoso al osasunismo popular!!
6 Marzo, 19:00 horas, Plaza de los Fueros. pic.twitter.com/0hHYH021sf
Zaurituak ere izan ziren, eta bat ospitaleratu egin zuten. Itxuraz, Poliziarengandik ihesi zebilela erori, buruarekin lurra jo eta konorterik gabe geratu zen.
Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzaren arabera, lau lagun zauritu ziren, bi zale eta bi agente, eta zaleak poliziekin «oldarkor» jarri zirelako hasi ziren istiluak.
Final del partido en el Sadar.#osasuna #RealMadrid #LALIGAEASPORTS pic.twitter.com/dnZx6qVmEo
— David Garcia (@_Daviigarcii) February 21, 2026
Bertan ziren askok, sareetan, zaleen aurka erabilitako indarkeria salatu dute; Poliziari egotzi diote «inbutuak» sortzea eta bertatik igarotzen zen oro jotzea. Ez hori bakarrik: kontatu dute identifikatu zuten gaztea adingabea dela, eta zelaira bota zuena taparik gabeko plastikozko botila bat zela, hau da, ia pisurik ez zuen botila bat.
Osasunak jakinarazi du barne ikerketa bat egingo duela gertatutakoa argitzeko. Klubak, gauerdian helarazitako ohar batean, adierazi du estadio barruan gertatutakoa gaitzesten duela, «izua ematen duten eszenak» izan direla, eta sentitzen duela horrek Sadarretik irteten ari ziren bazkideei eragindako kaltea.
Zigorgabetasunaren ondorioa
Indar Gorrik igande arratsaldean plazaratu du gertutakoari buruzko irakurketa. Haien iritziz, atzo Sadarren gertatutakoa Osasunaren estadioan «eta Espainiako Ligako gainerako estadioetan Poliziak duen zigorgabetasunaren ondorioa da». Uste dute irudiek argi uzten dutela Poliziaren abusuzko jokabidea.
«Hau ez zen atzo hasi, eta ez da bihar amaituko. Kolpeen eta atxiloketen ondoren, isunak eta zigorrak iritsiko dira. Dagoeneko aspertu gara zain egoteaz ea klubak noiz emango arazoekin bat datorren erantzun bat, baina Osasunako bazkideek pairatzen duten babesgabetasuna nahikoa arrazoi da arduradunek ordain dezaten», adierazi dute.
Amaitzeko, esan dute euren balioak defendatzen jarraituko dutela «dagokion tokian», eta datozen egunetako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete euren kideei eta jarraitzaileei.
Atzokoa ez da Sadarren azken urteetan Espainiako Poliziarekin izan den lehen istilua. Besteak beste, 2022an Indar Gorrik harmailetan animatzeari utzi zion, zutik egoteagatik jarri zizkioten isunengatik; 2023an protestak eragin zituen estadioko segurtasun zaindariek ikurrin bat eta Nafarroako bandera bat harmailetatik kenarazi izanak; eta iaz, Osasunak betoa jarri zion Barricadaren No hay tregua abestiari, Espainiako Poliziak hala eskatuta.