Bigarren etxebizitzak gelditzeko deia egin du Herrian Bizi plataformak, Miarritzen

Alternatiba itzuliaren karietara, ekintza ikusgarria burutu zuen espekulazioaren kontrako herri plataformak atzo, Miarritzeko hondartza nagusitik hurbil.

Herrian Bizi plataformaren ekintza, Miarritzen. HERRIAN BIZI
Herrian Bizi plataformak jarri banderola atzo, Miarritzen. HERRIAN BIZI
Iñaki Etxeleku.
2024ko abuztuaren 19a
10:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Alternatiba itzuliak asteburuan Lapurdin egin egonaldiaren karietara, Herrian Bizi espekulazioaren kontrako plataformak ekintza ikusgarria burutu zuen, igandean, eta, bigarren etxebizitzen ugaritzeari Aski! errateko, banderola bat zabaldu Miarritzeko hondartza nagusiaren ondoan.

Herrian Bizi plataformak zera dio agiri batean: «Etxebizitzaren krisian bigarren etxebizitzen ugaritzeak dituen ondorio larriak agerian utzi ditu». Eta, hala, «lehen ekintza honekin, ataka gaiztotik ateratzeko premiazko aterabideak» eskatu nahi izan ditu.

«Etxebizitzen %20 baino gehiago jadanik bigarren etxebizitzak dira Ipar Euskal Herrian», plataformak oroitarazi duenez. Zenbait herritan, bigarren etxebizitzak etxebizitzen %50 dira; non ez diren gehiago. Herrian Biziko Ainize Butronek bigarren etxebizitzen hedatu izanak eta, besteak beste, Airbnb plataformak egin jokoek «jendeak karrikara botatzen» dituztela salatu zuen, atzo. «Pertsona orok etxebizitza bat izateko duen eskubideak gutiengo batek hainbat ukaiteko eskubidea baino premiatsuagoa izan behar du», gehitu zuen.

Merkatua aberats klase baten esku uzte horrek ingurumenean eta klimaren egoera larritzean ondorioak dituela azpimarratu zuen, bere aldetik, Alternatiba itzuliko antolatzaile Emma Tosinik: «Bigarren etxebizitzen galdeak prezioak igotzen ditu, eta diru sarrera apalak dituzten biztanleak urruntzera behartzen ditu, lanerako bidaia luzeagoak eta, beraz, kutsagarriagoak egitera behartzen ditu. Gehiago eraikitzera, betoiz estaltzera, eta gero eta lur gehiago artifizial bilakatzera eramaten du».

Herrian Bizi plataformak dei egiten die tokiko hautetsiei eta parlamentariei aterabide zuzenak lehenbailehen atzemateko, eta herritarrei dei egin die ohartu orduko «bigarren etxebizitza berrien berri emateko», ondoko ekintzen «helburu» bilaka daitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.