Espero bezala, Hego Euskal Herriko lurraldeak konfinamendua arintzeko bigarren fasean sartuko dira datorren astelehenean. Espainiako Osasun ministroak jakinarazi du gaur, ministroen kontseiluaren ondoren. Zehaztasunak eta tokian tokiko egokitzapenak falta dira jakiteko. Nafarroako Gobernuak aurreratuak ditu ezarri nahi dituen baldintzak. Oro har, aukera berrien artean hauek aurreikusi dira: ordutegietan malgutasuna, taberna eta jatetxeetara sartu ahal izatea (edukiera murriztuarekin), hamabost lagunen arteko bilerak egin ahal izatea, zineak, antzokiak, aretoak ireki ahal izatea (edukiera murriztuarekin)...
Arau berriekin, ez dira faltako gorabeherak eta interpretazio arazoak. Ikusi dugu ordutegien desagerpenarekin 10.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan. Neurria joan den astelehenean iragarri arren, gaur arte ez dute agindua argitaratu. Ñabardura berriekin. Biztanle kopuruari erreparatzeaz gain, Espainiako Gobernuak beste aldagai bat gehitu du: 100 biztanletik beherako dentsitatea. Horren ondorioz, soilik udalerri gutxiri eragingo die ordutegien malgutzeak. Baina Hego Euskal Herriko herri guztietan astelehenean bigarren fasean ordutegiak desagertuko direnez, gaurko murrizketak gutxi iraungo du.
Datuak, apal. COVID-19aren izurriaren bilakaeraren datuek zifra txikiekin jarraitzen dute. Hildakoen zerrenda luzea ez da gelditu. Gaurko datu ofizialen arabera, beste 6 pertsona hil dira azken orduetan koronabirusaren gaitzarekin gaixotuta. Bi mila lagunen langa pasatu da: guztira 2.005 pertsona hil dira jada. Kutsatu berrien kopurua ere ez da eten. PCR test bidez 18 positibo atzeman dituzte: Araban, 4; Bizkaian, 8; Nafarroan 5; eta sailkatu gabeko kasu bat. Mota guztietako testen positiboak 239 izan dira. Ospitaleratuen kopurua gutxitzen ari da, baita ZIUan daudenen kopurua ere. Baina beste lau ospitaleratu izan da azken orduetan (hiru EAEn, bat Nafarroan).
Hauteskundeen ajea. Ipar Euskal Herrian ekainaren 28an izango da herriko bozen bigarren itzulia, Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak iragarri duenez. Ipar Euskal Herrian, 18 herritan soilik egin behar da bigarren bozaldia. Lehen itzulia martxoaren 15ean egin zen, izurria zabaltzen hasi zenean, eta bigarrena bertan behera utzi zuten. Ekaineko deialdia atzeratu beharko balitz, udaren ondotik bi itzuliak egin beharko lirateke. Martxoaren 15eko lehen itzulian, abstentzioa hazi zen, eta ikusteko dago zer gertatuko den ekainaren 28an. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak uztailaren 12an izango dira. Parte hartzearen faktorea ikusteko dago. Adituek diotenez, oso zaila da parte hartzea iragartzea egoera honetan.
Agian honek ere merezi du
Ikerketen gaindosia. Ugaritasuna arazo izan daiteke, ikerketa zientifikoan ere. COVID19ari buruzko ikerlan zientifikoak izugarri ugaritu dira. 70.000 artikulu baino gehiago sortu dira. Iragazki egokirik gabe, oso zaila da informazio baliagarria bereiztea. Ixa taldeko ikerlariak konponbide baten bila aritu dira, zientzialariei laguntzeko asmoz. Adimen artifiziala erabiliz, sistema bat sortu dute koronabirusari buruz argitaratu diren milaka artikuluetan zientzialariek egindako galderei erantzunak bilatzen dituena.
Natura babesle. Gaur bioaniztasunaren eguna dela baliatuz, Lorea Flores Greenpeaceko Hego Euskal Herriko koordinatzaileak natura babesteko beharraz idatzi du Pentsaldian atalean. "Natura babestu behar dugu, horrek gu babestu gaitzan". Natura babesteko, hondakinak egoki kudeatu behar direla esan du, eta ekonomia zirkularraren eta erraustegiak eta zabortegiak alde batera uztearen alde egin du.
Oharra: eguneko laburpena zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, harpidetu koronabirusaren buletinera.