edurne begiristain

Bihar ospitaleen aurrean hasiko dira

2025eko abenduaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haurdunaldia borondatez etetera kliniketara doazen emakumeei jazartzea ez dago zigortua Hego Euskal Herrian. Horixe ondorioztatu daiteke Gasteizko zigor auzitegiak eman duen ebazpenetik. Epaimahaiak absolbitu egin ditu Askabide klinikaren aurrean otoitz egiteko bildu ziren 21 antiabortistak, argudiatuta «modu baketsuan» aritu zirela eta ez dela frogatu derrigortze deliturik, ezta jazarpenik ere. Elkarretaratzeetan erakutsitako otoitzak eta pankartak «ekintza gogaikarriak» izan daitezkeela dio epaimahaiak, baina hori ez dela delitua.

Abortatzeko eskubidea legez babestua dagoen arren, ahots kontserbadoreak eskubide hori mugatzen saiatzen dira aldian-aldian. Eta auzi honek horixe bera bistaratu du. 40 Dias por la Vida talde ultrakatolikoan antolatuta zeuden Askabide klinikaren aurrean elkartu zirenak, eta akusazio partikularrak frogatutzat jo du «estrategia kolektibo, iraunkor eta antolatu bat» egon zela klinikako langileengan «eragiteko» eta haurdunaldia eteteko eskubidea «oztopatzeko». Epaiketa honetan ez baitira sinesmenak auzitan jarri, baizik jazarpen plan sistematiko bat egon ote den.

Emakumeek modu seguru, libre eta erosoan abortatzeko duten eskubidea ere auzitan jarri du epai honek. Bea Ilardia abokatuak arrisku horretaz ohartarazi zuen epaiketaren azken saioaren ostean: «Gaur klinika pribatuen aurrean otoitz egiten uzten badiegu, bihar ospitaleen aurrean hasiko dira otoitzean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.