Udazkenarekin batera ailegatu dira Espainiako Gobernuak joan den ekainean onartutako trafikoko arau aldaketak, bihar sartuko baitira indarrean. Madrilen arabera, aldaketa horien helburu nagusia da «errepideetako erabiltzaile zaurgarrienak» babestea: oinezkoak, txirrindulariak, motor gidariak eta patinete elektrikoen gidariak; hots, istripu bat izanez gero, lesioak izateko edo «lesio larriagoak» izateko arrisku handiagoa dutenak.
Neurri gehienak bihar sartuko dira indarrean, baina badira 2027ko urriaren 1ean, urtebete geroago, ezarriko diren bi neurri: patinete elektrikoetan derrigorrez argiak piztuta eraman behar izatea eta motorretako erabiltzaileen kaskoak homologatuta egotea. Bihartik aurrera indarrean egongo diren, eta, hortaz, bete beharko diren arau aldaketak, berriz, hauexek dira:
1
Patinete elektrikoak
Patinete elektrikoetako gidariek kaskoa jantzi beharko dute derrigorrez, eta, gauez edo ikuspen urriko egoeretan, berriz, txaleko islatzailea. Gainera, herrietatik eta hirietatik kanpo, bidegorriak edo bizikletentzako bideak erabili ahal izango dituzte; halere, ezingo dira espaloietan eta oinezkoentzako pasabideetan ibili. 2027ko urriaren 1etik aurrera, berriz, argiak beti eraman beharko dituzte piztuta. Bestalde, halako ibilgailuak erabiltzeko gutxieneko adina 15 urtekoa izango da. Ipar Euskal Herrian gutxieneko adina 14 urtekoa da.
Oro har, lanerako patinete elektrikoak, bizikletak, ziklomotorrak edo motozikletak erabiltzen dituztenek beti eraman beharko dituzte soinean kaskoa eta txaleko islatzailea. Neurriren bat urratuz gero, isuna 200 eurokoa izango da.
2
Txirrindulariak
Herrien eta hirien arteko errepideetan kaskoa jantzi beharko dute txirrindulari guztiek, eta, errepide horietan auto gidari batek txirrindulari bat aurreratu nahi izanez gero, abiadura moteldu beharko du: errepide horretako gehienezko abiadura baino orduko 20 kilometro polikiago joan beharko du gutxienez. Errepideak norabide bakoitzeko lerro bat baino gehiago baditu, autoak ondoko lerroan guztiz sartu beharko du txirrindularia aurreratzeko. 16 urtetik beherako txirrindulariek, berriz, hiri eta herrietako errepideetan ere kaskoa eraman beharko dute.
Herri eta hirietako errepideetan, berriz, txirrindulariek bidearen erditik joan beharko lukete. Motorra duen ibilgailu bat txirrindulari baten atzetik baldin badoa, bost metroko tartea utzi behar du. Norabide bakarreko errepide batean gehienezko abiadura orduko 30 kilometrokoa edo gutxiagokoa bada, udal agintariek baimendu dezakete txirrindulariak bi norabideetan ibili ahal izatea, betiere seinale bidez adierazten baldin badute.
3
Motor gidariak
Bihartik aurrera, motor gidariek eskularruak eta oinetako itxiak jantzi beharko dituzte herrien eta hirien arteko errepideetan, baita gidariekin doazen bidaiariek ere. Araua betetzen ez badute, isuna 200 eurokoa izango da.
Errepideetako jardunari dagokionez, eskuineko bazterbidea erabili ahal izango dute ibilgailu ilara luzeak edo pilaketak badaude, baldin eta orduko 30 kilometroko abiadura baino motelago badoaz, eta seinale bidez adierazten badute. Bestalde, motorren erabiltzaileen kaskoek homologatuta egon beharko dute, ez soilik egiaztatuta.
4
Segurtasuna
Taxietako, merkantzia ibilgailuetako eta auto eskoletako ibilgailuetako gidariek ez dute salbuespenik izango: segurtasun uhala jarrita eraman beharko dute beti. Gainera, bihartik aurrera semaforoak ezingo dira aldi berean oinezkoentzako berdean egon eta ibilgailuentzako seinale horia izan.
Autokarabanek, aparkatutakoan, ezingo dute ibilgailuaren azalera gainditzen duten elementurik jarri.
5
Istripuak, pilaketak eta matxurak
Istripu bat gertatu ostean edo matxura bat izanik ibilgailu bat errepide ertzean geldi badago, horren albotik igarotzean metro eta erdiko tartea mantendu beharko da gutxienez, eta errepide horretako gehienezko abiadura baino 20 kilometro motelago joan beharko da.
Bestalde, elurraren ondorioz ibilgailuak geldi badaude, debekatuta egongo da gainontzeko ibilgailuak aurreratzea, eta errepidearen eskuineko aldetik gidatu beharko dute, larrialdi zerbitzuetako ibilgailuei aurrera egiten uzteko.