Bilbobusek bertan behera utziko du greba bihar eta etzi

UGTk, CCOOk eta USOk asmo deklarazio bat adostu dute negoziazio mahaian; langileek hori berretsi edo ez erabaki arte, lanuztea eten egingo dute. ELAk «gaitzetsi» egin du adierazpena.

Bilbobuseko langileen protesta, greba mugagabearen lehenengo egunean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Bilbobuseko langileen protesta, greba mugagabearen lehenengo egunean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko maiatzaren 14a
17:55
Entzun

Apirilaren 9an hasitako greba mugagabea bertan behera utziko dute Bilbobuseko langileek bihar eta etzi. UGT, CCOO eta USO sindikatuek deklarazio asmo bat adostu dute Biobide enpresarekin, negoziazio mahaian. Langileak etzi bilduko dira, deklarazio hori berretsi ala ez erabakitzeko. Bitartean, lanuztea etetea erabaki dute.

Halere, Jose Fernandez enpresa batzordeko presidenteak (UGT) argi utzi du oraindik ez dutela aurreakordiorik lortu Biobide enpresa kudeatzailearekin. Nabarmendu duenez, «negoziazioekin» jarraituko dute. «Balizko aurreakordio bat adostu dezakeen negoziazio mahai bat dugu, baina oraindik ez dugu lortu; asko falta da horretarako», erantsi du.

Sindikatu guztiek ez dute egin deklarazioaren alde. Izan ere, ELA sindikatuak «gaitzetsi» egin du sindikatuek eta patronalak adostutako eduki ekonomikoa, ohar baten bidez. Haren ustez, «aurreakordiora eramateko prest dauden edukietan», langileek ez dute erosahalmena bermatuta izango. Are, soldata igoerak «Madrilgo legeek ezartzen duten funtzio publikoko soldata igoeraren araberakoak» izango dira. «Onartezina da», azpimarratu dute. Eta aipatu dute ez dituztela jaso «langileak prekarizatzen dituen» kontratu partzialak amaitzeko neurriak.

ELAren iritziz, «ulergaitza» da 50 greba egun baino gehiago egin ondoren eduki horiek adostea eta greba bi egunez etetea. Izan ere, Bilbobuseko langileak iazko urriaren 23an hasi ziren lanuzteekin, eta, aldaketarik egon ez zela ikusita, greba mugagabera deitzea erabaki zuten duela hilabete bat baino gehiago. ELAk adierazi du azken momentura arte jarraituko duela borrokan langileen erosahalmena bermatzeko eta negoziazio esparrua defendatzeko.

Kontratua deuseztatzeko prest

Bilboko Udala hasi da Biobiderekin duen kontratua deuseztatzeko urratsak egiten. Duela bost urte sinatu zuten bi aldeek Bilbobus zerbitzua eskaintzeko kontratua. 500 milioi euroko kontratua adostu zuten hamar urterako, 2019tik 2029rako. 2021. urtearen amaieran lan hitzarmenaren epealdia amaitu zen, eta, ordutik, langileak hitzarmenik gabe daude. Besteak beste, langileek bi urte daramatzate soldata izoztuekin.

Joan den ostiralean ezohiko bilkura batera deitu zuen udalak, eta orduan eman zioten hasiera kontratua deuseztatzeko prozesuari. Hiru hilabeteko epea ezarri dute horretarako. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak apirilaren amaieran esan zuenez, «errurik gabe kontratua ez betetzeagatik» etengo dute hitzarmena, eta, hartara, udalak ez dio hogei milioi euroko kalte ordaina eman beharko Biobideri. Behin kontratua amaituta, lizitazio berria ateratzeko lanean hasiko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.