Bilbobuseko enpresa kudeatzailearekin duen kontratua etengo du Bilboko Udalak, kalte ordaina eman gabe

Aburtoren esanetan, greba mugagabea ez da «bidezkoa», eta langileek lan baldintza «duinak» dituzte.

Bilbobuseko langileen protesta, lan baldintzak salatzeko. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Bilbobuseko langileen protesta, lan baldintzak salatzeko. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2024ko apirilaren 25a
17:15
Entzun

Lan gatazka luzea du Bilbobusek, eta duela pare bat astetik greba mugagabean dira langileak. Egoera konpontze aldera, Bilboko Udalak adierazi zuen enpresa kudeatzailearekin duen kontratua deuseztatuko duela, eta gaur eman ditu horren inguruko xehetasunak Juan Mari Aburto Bilboko alkateak: «Errurik gabe kontratua ez betetzeagatik» etengo du hitzarmena, eta, hartara, udalak ez dio hogei milioi euroko kalte ordaina eman beharko Biobide enpresa kudeatzaileari. Gaurko osoko bilkuran azaldu du erabakia.

Bilboko Udalak duela bost urte eman zion Bilbobus zerbitzua eskaintzeko kontratua Biobide enpresari. 500 milioi euroko kontratua adostu zuten hamar urterako, 2019tik 2029ra. 2019an sinatutako lan hitzarmenaren arabera, langileen soldata igoerak %1,5 gehi KPIa izan behar luke kontratuak irauten duen hamar urteetan. Biobidek %8ko soldata igoera aplikatu zuen 2021ean, baina geroztik ez du soldatarik eguneratu. Enpresak dio ezin diela aurre egin lan hitzarmenean onartutako soldata igoerei.

Egoera salatu eta lan baldintza duinak exijitzeko, iazko urrian lanuzteekin hasi ziren Bilbobuseko beharginak, eta beste urrats bat egin zuten hilaren 9an: greba mugagabeari ekin zioten. Gutxieneko zerbitzuak ematen ari da ordutik. Azkenean, udalak esku hartu du, eta Biobide enpresarekin hartutako konpromisoa etengo du «errurik gabe kontratua ez betetzeagatik», halaxe ebatzita. Behin kontratua bertan behera utzitakoan, udalak behin-behineko kontratu bat egingo du, gero lizitazio berri bat egiteko.

Greba, indarrean

Hala ere, langileen aurkako adierazpenak egin ditu Aburtok. Esan du greba mugagabea ez dela «bidezkoa», eta lan baldintza «duinak» dituztela azpimarratu. Era berean, langileei eskatu die kontuan hartzeko enpresak egindako hobekuntza proposamena.

Joan den astean bildu zen enpresa batzordea Bilboko Udalarekin, eta orduan jakinarazi zien kontratua indargabetzeko asmoa. Hiru hilabeteko epea ezarri zuen horretarako. Greba bertan behera uzteko eskaera ere egin zion udalak enpresa batzordeari, baina ordezkariek, oraingoz, baztertu egin dute.

Alkatearen ustez, 2021eko soldata igoerak egin zuen kontratua «bideraezin», eta udala hasieratik saiatu da egoera konpontzen. Maria del Rio EH Bilduko zinegotziak, ordea, udal gobernuak gatazkaren inguruan izandako jarrera gaitzetsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.