Bilbo, Gasteiz, Astigarraga eta Usurbil (Gipuzkoa) etxebizitza tentsio handiko eremuen zerrendara batu dira, Espainiako Aldizkari Ofizialean (BOE) gaur argitaratu ondoren. Bilboko eta Gasteizko izendapenaren ostean, Hego Euskal Herriko lau hiriburuak dira jada bizitegi alorreko tentsio handiko eremu. Espainiak 2023an onartutako Etxebizitza Legeak jasotzen duen izendapen horrek zenbait tresna eskaintzen dizkie udalei alokairuaren prezioari mugak jartzeko eta alokairuaren eskaintza handitzeko.
Bilbo eta Gasteizekin batera, Astigarraga eta Usurbil udalerriek ere jaso dute gaur izendapena. Gipuzkoan, beraz, zazpi dira tentsio handiko eremu diren udalerriak: Errenteria, Irun, Zumaia, Lasarte-Oria, Donostia eta gaur izendatu berriak —Astigarraga eta Usurbil—. Bizkaian, bestalde, hiriburuaz gain, Barakaldok eta Galdakaoko bigarren barrutiak dute izendapena.
Arabari dagokionez, Gasteiz da tentsio handiko eremu bakarra, eta salbuespen bat dago: hirigunetik kanpoko toki entitate txikiek osatutako landa eremua. Bertan ez da aplikagarri izendapena.
Nafarroan dago Espainiako Etxebizitza Legearen izendapena duten udalerri gehien. Guztira, 21 udalerri izendatu dituzte, herrialdeko populatuenetakoak: Iruñea, Lizarra, Tutera, Eguesibar, Burlata, Barañain, Zizur Nagusia, Aranguren, Berriozar, Tafalla, Antsoain, Atarrabia, Elortzibar, Corella, Baztan, Altsasu, Uharte, Cintruenigo, Berriobeiti, San Adrian eta Azkoien.
Gasteizen, ia 3.000 etxebizitza berri
Izendapena eskuan dutela, martxan jarriko dituzten neurriak iragartzeko prentsaurrekoa egin dute Gasteizko alkate Maider Etxebarriak eta Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak. Etxebarriaren esanetan, izendapenari esker «posible izango da politika publiko sorta bat aplikatzea, merkatuaren disfuntzioak zuzentzeko eta etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzeko». Alkateak gogorarazi duenez, tentsio handiko eremuaren izendapenak hiru urte iraungo du, eta denbora tarte horretan alokairuko etxebizitzen eskaintza handitu eta alokairuaren prezioak kontrolatuko dituzte. Datozen hiru urteetan 2.975 etxebizitza babestu inguru eraikitzeko asmoa dutela adierazi du Etxebarriak.Â
Bilboko alkate Juan Mari Aburtok —horrek ere Itxaso sailburua alboan zuela— irailaren hasieran eman zuen izendapenaren babesean hartuko dituzten neurri sortaren berri. Orduan esan zuen datozen hiru urteetako epean 1.090 etxebizitza eraikitzea aurreikusten dutela. Horretaz gain, beste asmo batzuk plazaratu zituzten: alokairurako prestazio eta laguntzen sistema indartzea, alokairu kontratuen baldintzak zabaltzea, merkatua aztertzeko behatoki bat sortzea, administrazio publikoek etxebizitzak eskuratzeko lehentasuna izatea, besteak beste.
Jabe handien inguruko neurri sorta bat ere iragarri zuten bi agintariek: jabeak identifikatzeaz gain, lankidetza eta eraberritze akordioak egin nahi dituzte haiekin, eta pizgarriak eman nahi dizkiete etxebizitzak parke publikoan sar ditzaten.
Etxebizitza Sindikatua, kritiko
Etxebizitza Sindikatu Sozialista oso kritiko azaldu ohi da izendapen horrek berekin dakartzan neurriekin, eta orain ere horien mugak nabarmentzeko oharra kaleratu du sindikatu horren Gasteizko atalak. Haren arabera, «erakundeek igoerak geldiarazteko mekanismo gisa aurkeztu duten alokairuaren prezio mugak kontrako efektua du», hau da, haien iritziz, «etxebizitzaren garestitzea normalizatu eta betikotzen du».
Baieztapen hori arrazoitu dute: erreferentziako prezioaren muga urteko prezioen indizearen (KPI) eguneratzeari lotuta dagoela, eta indize hori urtero handituko dela. «Praktikan, horrek esan nahi du alokairuak urtez urte igo ahal izango direla».
Sindikatuak gogorarazi du azken hamarkadan %60 garestitu dela alokairua Euskal Autonomia Erkidegoan, eta azken bost urteetan %21,2 Gasteizen. «Duela hamar urte 560 euro ordaintzen genuen batez beste, eta gaur egun 1.083 euro ordaintzen da; bost urte barru 1.300 eurotik gora izan liteke», azaldu dute.
Ikusi gehiago
Etxebizitza Sindikatua ez ezik, izendapena jaso duten zenbait udalerritako ordezkariek ere agertu dituzte errezeloak eta kexak, neurriak aplikatzeko ezinbestekoak diren erreferentziako prezioak oraindik ez daudelako —Bizkaian eta Araban— edo zenbait hilabete beranduago argitaratu direlako —Gipuzkoan—. Aintzat hartu behar da erreferentziako indize horiek gabe izendapena hankamotz geratzen dela, ezin dietelako mugarik ezarri alokairuei. Nafarroa izan da indize horiek izendapenekin batera plazaratu dituen lurralde bakarra.Â
EH Bilduren proposamenaÂ
Etxebizitza hutsak mobilizatzeko asmoz, OHZ Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren errekargua handitzeko eskatu du EH Bilduk, eta Bilboko Udalak konpromiso hori hartzeko ardura hartu du, 2027ra begira. Halaxe erran du Maria del Rio EH Bilduko bozeramaileak: «Etxebizitza beharra geroz eta handiagoa den garai honetan, onartezina da Bilbon geroz eta etxebizitza huts gehiago egotea». Hori aldatzeko, proposatu du politika fiskalaren «gaitasun eraldatzailea» egoera aldatzeko erabiltzea. Bozeramailea sinetsita dago OHZren errekarguak etxebizitzak mobilizatzen lagunduko duela, eta, hortaz, «berri ona» dela Bilboko Udalak proposamena onartu izana.Â
Halaber, Del Riok jakinarazi du haien helburua ez dela dirua biltzea, baizik eta diru sarrerak udal etxebizitza politiketara bideratu ahal izatea.Â