Iragan larunbat eguerdian istiluak piztu ziren Bilboko Plaza Biribilean, Palestinaren aldeko elkarretaratze batean. Gazarako Mugimendu Globalak deituta, manifestariek salatu zuten CAF enpresa konplizea dela Israel Palestinan egiten ari den genozidioan eta apartheid politiketan. Ekintza sinbolikoa egin zuten: zirkulazioa eten eta bidean etzan ziren hainbat manifestari, tranbia bat geldiarazteko. Horren ostean, Ertzaintza bertaratu eta ekintzaile bat atxilotu zuen. Hain zuzen, istilu horien inguruan orain arte argitaratutakoa gezurtatu eta bere bertsioa eman du Gazarako Mugimendu Globalak, ohar bidez: «Irmo ukatu nahi dugu argitaratutako bertsio ofiziala, ez baitator bat gertatutakoarekin».
Elkartearen arabera, aldez aurretik eta legearen arabera jakinarazi zuten protestarako deialdia, eta elkarretaratzea bera «normal» egin zuten: «Elkarretaratzea amaitu ondoren, ekintzaile talde batek ekintza baketsu eta bortxarik gabekoa egin zuen: trafikoa eten eta tranbia bat geldiarazi zuten, salaketa sinboliko gisa. Ekintza hori ere haien borondatez amaitu zen, inolako gorabeherarik gabe».
Gazarako Mugimendu Globalaren esanetan, liskarrak horren ondoren hasi ziren: «Ertzaintza bi pertsona identifikatzen saiatu zen, eserialdiaren lidertzat seinalatu baitzituen era arbitrarioan». Horietako batek bere burua identifikatu zuen, baina besteak ez: «Pertsona horrek uko egin zion identifikatzeari, horretarako duen eskubidea baliatuz. Une horretan, Ertzaintzak indarkeriaz jokatu zuen bertan zeuden guztien aurka, pertsona hori atxilotzen saiatzean». Antolatzaileek gaineratu dute ertzainek bortizki tratatu zituztela hala identifikatuak nola haien inguruan zeudenak: «Argitaratu denaren kontra, ez zen inolako eraso antolaturik egon, ezta Ertzaintzaren aurkako erasorik ere. Poliziaren erantzun neurrigabea, horixe izan zen, ekintza baketsua jada amaitua zenean».
«Ertzainak aritu ziren bortizki, ez beste inor»
Protestan parte hartutako bi ekintzailerekin hitz egin du BERRIAk —ez dute izenik eman nahi izan—, eta Gazarako Mugimendu Globalak emandako bertsioarekin bat egin dute biek ala biek. «Ordu erdiz egon ginen trafikoa moztuta eta erreien gainean etzanda, eta ez zen ezer gertatu, ez tentsio unerik ez ezer», gogoratu du haietako batek. Protesta amaituta, denak altxatu eta espaloira igo ziren, eta ertzainak hurbildu ziren megafonoa eskuan zutenengana. «Orduan, bultzaka hasi ziren, identifikatuak hormaren kontra jarrarazi zituzten, eta oihuka hasi ziren gugandik gertu egonda ere», kontatu du.
Identifikatutako manifestariari alde egiten utzi zioten, baina, aurretik, «ertzain batek lepotik heldu eta kolpe bat eman zion», beste lekuko baten arabera. Hori ikusita, zenbait pertsona hurbildu ziren protestaka, eta giroa are gehiago berotu zen. Identifikatzeari uko eginiko ekintzailea, aldiz, atxilo eraman zuen Ertzaintzak, eskuburdinak jantzita. «Poliziak urduri zeuden, jendea haserretzen hasia zelako, baina haiek izan ziren bortitz jokatu zuten bakarrak. Inguruan ziren manifestariek oihu eta protesta egiten zuten, bai, baina biolentzia erabili zuten bakarrak ertzainak izan ziren, ez beste inor. Eurek sortu zuten tentsioa, borrak atera eta kolpeka hasi baitziren», esplikatu du.
Atxilotuak polizia etxean igaro zuen larunbatetik iganderako gaua. «Bertan egon zen bitartean tratu iraingarria eta hitzezko umiliazioak jasan zituen», salatu du Gazarako Mugimendu Globalak. «Izugarria da Ertzaintzak halako jarrera izatea komisarian».
Hedabideen jokabidea
Hedabideen jokabidea ere kritikatu dute protestaren antolatzaileek: «Ezinezkoa da modu egokian eta egiazkoan informatzea, bertan egon ezean. Ez zen EITBko, Deia-ko edo El Correo-ko kazetaririk egon; kamerak besterik ez zeuden. Hedabide guztiek Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren iturriek esandakoak errepikatu dituzte». Hedabide horien helburua «fokua desbideratzea» izan dela uste dute Palestinaren aldeko ekintzaileek, «CAFen inplikazioaz eta Eusko Jaurlaritzaren erantzukizunaz ez hitz egiteko; izan ere, Jaurlaritza enpresa horren akzioduna da, eta enpresak Palestinako genozidioarekin negozioa egiten jarraitzen du».
Hori dela eta, protesta «baketsu eta legitimo» ororen kriminalizazioa gaitzetsi du Gazarako Mugimendu Globalak, eta hedabideei galdegin die informazioa kontrastatzea, «gertakariak desitxuratzen dituzten bertsio polizialen bozgorailu izan beharrean».
SIPE: «Ertzainak arriskuan jarri zituzten»
Oso bestelako gogoeta egin du SIPE Ertzaintzaren Lanbide Sindikatuak. Salatu du larunbateko protesta ez zela baketsua izan, eta beharrezkoa izan zela Poliziak esku hartzea, «ordena berrezartzeko eta herritarren eskubideak bermatzeko». Polizia sindikatu horrek uste du Ertzaintzak «legearen arabera» jokatu zuela, manifestarien aurrean «babesgabe» egonagatik ere. Are: SIPEk kritika egin dio Eusko Jaurlaritzari, ertzainak «baliabiderik gabe» bidaltzeagatik: «Arrisku larrian jarri zituzten sei agente, aurreikus zitekeen istilu batera baliabiderik eta errefortzurik gabe bidalita». Erabaki hori «arduragabekeria politikoa eta operatiboa» izan zela esan du sindikatu horrek.