Gazarako Mugimendu Globalak antolatu du protesta, gaur eguerdian, Bilboko Plaza Biribilean. Salatu dute CAF enpresa konplizea dela Israel Palestinan egiten ari den genozidioan eta apartheid politiketan. Ekintza sinbolikoa egin dute: Beasaingo (Gipuzkoa) enpresak egindako Bilboko tranbiaren trenbidearen gainean etzan dira hainbat manifestari. Ertzaintza agertu da, eta zutitzeko eskatu die. Ez dute jaramonik egin, eta liskarra hasi da. Horien ondorioak: aktibista bat atxilotuta, lau ertzain kolpez zaurituak, eta zenbait manifestari ubeldurekin.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldutako oharrean azaldu duenez, ekintzaileek itxi egin dute tranbiaren eta Plaza Biribiletik eta Nafarroa eta Buenos Aires kaleetatik zihoazen ibilgailuen pasabidea. «Ertzainek ohartarazi diete bertatik kendu behar zutela». Ezetz erantzun dutenez, «ekitaldiaren arduradunetako bati» eskatu diote identifikatzeko, baina uko egin dio. Ertzaintzaren oharraren arabera, agenteak aktibista atxilotzen ari zirela, «hainbat pertsonak ertzainei aurre egin eta eraso egin diete atxiloketa eragotzi nahian, eta agenteek polizia makila erabili behar izan dute». Erantsi dutenez, «gutxienez lau agentek kolpeak dituzte». Azkenean, manifestaria atxilotu dute desobedientzia eta desordena publikoak egotzita, eta polizia etxera eraman dute.
Gazarako Mugimendu Globalak, ostera, salatu du protestaren kriminalizazioa egin dutela, eta eskatu du atxilo eraman dutena aske utz dezatela. Horretaz gain, mugimenduak jakinarazi duenez, manifestari batzuk ere zauritu dituzte: «Ubeldurak dituzte poliziaren esku hartzearen ondorioz». Hala eta guztiz ere, ez dute protestatzeari uzteko asmorik: «Nahiz eta errepresioa izan, kanpaina egiten segituko dugu CAFek genozidioarekin negozioa egiten jarraitzen duen bitartean».