Bilboko luxuzko hoteletan eta etxe turistikoetan gehieneko tasa ezartzeko eskatu du EH Bilduk

Turistentzako zerga «progresibo eta sozialak» nahi ditu koalizioak. Dirua turismoaren ondorioak arintzeko erabili behar dela uste du.

Maria del Rio eta Karlos Renedo, gaur, Bilbon emandako prentsaurrekoan. EH BILDU
Maria del Rio eta Karlos Renedo, gaur, Bilbon emandako prentsaurrekoan. EH BILDU
Julen Urrestarazu
2026ko maiatzaren 19a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk tasa turistikoa «Bilboko errealitatera egokitzeko» eskatu du gaur, Bizkaiko hiriburuan emandako prentsaurrekoan. Uste du garaia dela «neurrigabeko turismo hazkundeari mugak jartzeko»; hori dela eta, luxuzko hotelei eta etxe eta gela turistikoei gehieneko tasa turistikoa ezartzea proposatu du.

Maria del Rio EH Bilduko udal taldearen bozeramaileak eta Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziak hitz egin dute prentsaurrekoan, eta tasa turistiko «progresibo eta sozialak» eskatu dituzte. Del Riok uste du tasa turistikoa «tresna argi bat» dela turismoa gobernatzeko: «Turismoak etxebizitzak, eraikinak, auzoak eta hiria bera irensten ditu. Gainera, lanpostu prekarioak sortzen ditu, ezegonkortasun handikoak eta soldata baxuak dituztenak, baita lanaldi irregularrak ere». Azpimarratu du EH Bilduk «aspalditik» eskatu duela tasa turistikoa.

Renedok proposatu du Bilbon baimendutako gehieneko tasa ezartzea luxuzko hotelei eta etxe eta gela turistikoei. Pasa den ostiralean Ahal Dugu-k, EAJk eta PSE-EEk hitzartutakoaren arabera, %50erainoko errekargua aplikatuta, bost izarreko hotelen gehieneko zerga 9,75 eurokoa da eguneko eta pertsonako, lau izarreko hoteletakoa 8,25 eurokoa, eta etxe turistikoetakoa —bai etxe osoak, bai logelak— 9,75 eurokoa.

Maiatzean, Bilboko luxuzko hoteletako gelen batez besteko prezioa 238 eurokoa izan da gaueko, EH Bilduren arabera. «Adituek diote luxuzko turismoak hiriko prezioak garestitzen dituela eta hiria elitizatzen duela», azaldu du Renedok. Etxe turistikoei dagokienez, «kontrol neurriak ezartzea» proposatu du, tasak behar bezala kobratzen direla bermatzeko. Gainera, azpimarratu du etxe turistikoek «ekarpen txikia» egiten diotela enpleguari eta «eragin zuzena» dutela etxeen prezioen garestitzean. Salatu du, halaber, turismoaren eraginez milaka etxe atera dituztela luzarorako alokairuen merkatutik.

EH Bilduren arabera, iaz inoiz baino turismo gaualdi gehiago izan ziren Bilbon: 2,7 milioi, 2024an baino %10,5 gehiago. Datu horietan ez dira agertzen etxe turistikoei dagozkien gaualdiak, «nahiko ostatu eredu opakua» baita, alderdiaren arabera. Gaur egun, Bilboko etxe turistikoetan 5.341 leku daude, «azken bost urteetan ugaritu» egin baitira. 

Halaber, ostatuetan beste 12.554 leku daude, %83 hoteletan eta %17 apartamentuetan. Bizkaiko hoteletan eta apartamentuetan ostatu hartzen duten hamar turistatik zazpi Bilbon geratzen dira. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa kontuan izanda, hirutik bat dira.

2027ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean tasa turistikoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hiru foru aldundiek pasa den martxoan eta apirilean onartu zuten foru arauaren proiektua, eta orain tramitaziorako bidean da hiru lurralde horietako Batzar Nagusietan. Adinez nagusi den turista orori aplikatuko zaizkie oinarrizko tarifak, eta gehienez ere sei gauez aplikatuko dira.

Bildutako diruarekin zer egin

Tasa turistikoen bidez jasotako diruarekin zer egin ere proposatu du EH Bilduk: «Turismoak Bilboko ekonomian, gizartean eta ingurumenean duen eraginari aurre egiteko balio behar du». Horretarako, hau proposatu dute: etxebizitza turistikoei ezarritako tasen bidez bildutakoa etxebizitza politiketara bideratzea. Renedoren arabera, urtean 500.000 pertsonak baino gehiagok egiten dute lo etxe turistikoetan Bilbon: «Horri esker, hiru milioi euro baino gehiago bildu ahal izango genituzke».

Horrez gain, zerga turistikoen bidez bildutako dirua udalaren zerbitzuak finantzatzeko eta ekonomia dibertsifikatzeko erabiltzea proposatu du EH Bilduko zinegotziak. Carlos Urgoiti Bilboko Ogasun zinegotziarekin bildu nahi dute, proposamenak aurkezteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA