Arrakasta baten historia da Bilboko metroarena. Egia da lurpeko garraiobide hori ezartzea egitasmo huts zenean errezelo batzuk piztu zituela zenbait herritarren artean: inor gutxik jartzen zuen zalantzan itsasadarraren bi aldeetako herriak konektatzeko izango zuen garrantzia, baina askok uste zuten Bilboko hirigunea txikiegia zela horrelako azpiegitura bat jartzeko, eta, esaterako, Indautxu eta Zazpikaleak lotzeko lau geltoki eraiki behar izatea bilbotarrei egozten zaien handinahikeriaren adibidetzat jotzen zuten zenbaitek.
Baina metroak lehenengo bidaia egin zuenetik igarotako 30 urteek zalantza guztiak uxatu dituzte. Gaur egun ezinezkoa da Bilbo eta haren ingurua metrorik gabe irudikatzea. Metroak herritarrak leku batetik bestera joateko moduak eta erritmoak aldatu ditu, baina, horrez gain, lorratz sakona utzi du ohituretan, aisialdian, ekonomian eta hiriko paisaian. Haren eragina herritarren egunerokoaren alderdi askotan igartzen da.
«Metroaren garrantziaz jabetzeko, ariketa bat egin daiteke: atera metroa ekuaziotik, eta pentsatu nolakoa izango litzatekeen esparru hau gaur egun metrorik gabe», esan du Bilboko Metroaren zuzendari nagusi Eneko Arruebarrenak. «Nik beti pentsatu dut Bilboko metropoliaren aldaketak hiru zutabe izan dituela: itsasadarra lehengoratzea, Guggenheim museoa eta metroa».
«Badakigu Bizkaiko garraio publikoaren ardatza garela; izan ere, ardatza izateko ametsa buruan izanda sortu ginen, duela 30 urte»
ENEKO ARRUEBARRENA Bilboko Metroaren zuzendari nagusia
Iratxe Garcia Mugikortasun Iraunkorreko eta Logistikako Euskal Erakundeko zuzendaria da. Hark ere nabarmendu du duela 30 urte inauguratutako garraiobideak nolako garrantzia duen: «Metroak benetako intermodalitatea eskuratzeko aukera ekarri du Bizkaira, eta ardatz egituratzailearen rola betetzen du. Haren bidez, eskura dugu mugikortasun jasangarria, kalitate handiko garraio publikoko sistema batekin».
Bilbo Metropoli 30 elkarte publiko-pribatu bat da, eta 1991n sortu zen, Bilboko metropoliaren etorkizunaz gogoeta egiteko xedez. Idoia Postigo zuzendari nagusiak dioenez, metroa «proiekturik estrategikoenetako bat» izan da eskualdea biziberritzeko prozesuan: «Hala garraio publikoaren nola metropoliaren kohesioaren eta egituratzearen aldeko apustua izan zen. Eta 1995ean sortu bazen ere, guretzat epe luzerako proiektua izan da beti. Garraiobide bat baino gehiago, mugitzeko aukeren bizkarrezurra da eskualdean: udalerriak konektatzeaz gain, Bilboko eguneroko bizimodua egituratzen du».
Metroaren eragin nagusiak herritarrak hara-hona ibiltzeko aukerarekin du zerikusia. Egun, Bizkaian garraio publikoan egiten diren bidaien erdiak metroak hartzen ditu; ehun milioi bidaiari izan zituen iaz, eta Bilbo inguruko biztanleek gehien erabilitako garraiobidea da, auto partikularren eta, zenbait kasutan, beste garraiobide publiko batzuen kaltetan.
Bilbo inguruan, ia jende guztiak erabiltzen du metroa; hortaz, erabiltzaileen soslaia beste garraiobide batzuetakoena baino heterogeneoagoa da. 34 eta 44 urte bitartekoa da batez besteko adina, eta emakumeek gehiago erabiltzen dute gizonek baino. Azken joera hori askoz nabariagoa zen duela 25 urte: orduan, erabiltzaileen %66 emakumezkoak ziren, eta gizonak %34 baino ez. Gaur egun, gizonen ehunekoak gora egin du (%41) baina, oraindik ere, emakumeak baino gutxiago dira (%59).
«Bilbo Handia kontzeptua inoiz baino egiazkoagoa da. Orain, metroa iristen den lekuraino iristen da Bilbo»
IRATXE GARCIA Mugikortasun Iraunkorreko eta Logistikako Euskal Erakundea
Arruebarrenak ere nabarmendu du metroaren erabiltzaileak askotarikoak direla, eta uste du garraiobide hori «gizartea demokratizatzeko lanabes indartsua» dela. «Metroak jendea eramaten du leku batetik bestera, baina, jendearekin batera, ideiak, esperientziak eta bizipenak ere badabiltza hara-hona, eta horiek elkartu egiten gaituzte. Metroak berdinago egiten gaitu, eta gizartea demokratikoago bilakatu».
Garciaren esanetan, metroaren lehenengo ondorioa izan da herritarren joan-etorriak areagotzea: «Orain, sarriago joaten gara leku batetik bestera duela 30 urte baino, eta metroak eskura jarri ditu lehen iristeko zailak ziren zenbait toki. Lehen, non ikasi erabakitzeko edo lantokia aukeratzeko orduan, zailtasunak zeuden, leku batzuetara ez baitzegoen nola iritsi. Metroari esker, asko zabaldu dira aukerak».
«Metroak bestelako ohitura batzuk sortu ditu lanean, aisialdian eta eguneroko bizimoduan», erantsi du Postigok. «Jendeak joan-etorri gehiago egiten ditu, malgutasun handiagoz, eta, batez ere, auto pribatuaren menpe egon barik».
Aisialdia eta ekonomia
Arruebarrenak ere uste du metroak herritarren ohiturak aldatu dituela, eta orain jende gehiagok erabiltzen duela garraio publikoa lanera edo ikastera joateko, baina, batez ere, aisialdian izandako gorakada nabarmendu du: «Azken bolada honetan bidaiari kopurua handitu izana ez da puntako orduetan, jendea lantokira joan edo lantokitik itzultzen denean, jende gehiago ibiltzearen ondorio; gorakada, batez ere, aisialdiko orduetan izan da. Aisialdian ere metroa erabiltzeko ohitura hartzen ari da jendea, eta pentsatzen dut faktore askok izango dutela eragina horretan, alkoholemia kontrolek ere bai, baina emaitza da ohiturak aldatzen ari direla».
Aisialdiari dagokionez, azken urteotan indar handia hartu duten makroekitaldien fenomenoa nabarmendu du Garciak: «Kirol eta kultur ekitaldi handiak antolatzea ezinezkoa izango litzateke metrorik gabe. Horrelakoak erakartzeko estrategian berebiziko rola betetzen du». Edonola ere, argi utzi du metroa sare publiko oso baten atal bat dela, eta sare horretako gainerako garraiobide publikoen funtzioa balioetsi nahi izan du.
Postigok uste du aldaketa horiek nabarmenagoak direla belaunaldi gazteetan: «Gure garaiarekin konparatuz, oraingo gazteak ez dira auto pribatuaren hain mendeko, eta, adibidez, geroago ateratzen dute gidatzeko baimena. Begitantzen zait pozteko modukoa dela gazteek garraio publikoa erabiltzea aisialdirako».
Metroak ekarri du lehen bazter zeuden zenbait alderdi eraberritzea. Garciaren ustez, Bilboko Bolueta auzoa da horren adibiderik behinena: «Metro geltokia dagoenetik, etxebizitzak eraiki dituzte, jende gehiagok hara joan nahi du bizitzera, eta lehendik han bizi zirenek ez dute alde egin nahi». Horren ondorio ekonomikoak ere agerikoak dira: metro geltoki bat hurbil duten etxebizitzen prezioak garestiagoak dira beste auzo batzuetakoak baino.
Metroak ekarritako aldaketak konplexuak dira, eta ez norabide bakarrekoak. Adibidez: mugitzeko erraztasunak ugaldu egin ditu herritarrek leku batean edo bestean kontsumitzeko eta aisialdia emateko aukerak, eta badago uste duenik horrek apaldu egin duela zenbait herri eta auzotako kaleko giroa, baita tokiko saltokietan kontsumitzeko joera ere.
Postigoren iritziz, metroak baldintzatu egiten du non irekitzen diren saltokiak, eta metro geltokiak «nodo modukoak» dira herri eta auzoetan, eta «jarduera gune» bilakatu dira. Baina ez du uste horren ondorioz periferiako guneak hustu direnik: «Egia da garai batean bazegoela beldur hori, metroaren eraginez mundu guztia hiriburura joango zela erostera. Baina, nire ustez, metroaren inguruan dinamika asko sortu dira, norabide askotarikoak, eta kontrakoa ere gertatu da: Bilboko jendeak aukera du Portugaletera joateko erosketak egitera, edo Basauriko antzokira antzerki lan bat ikustera».
Badago metroaren ingurumarian agertutako beste aldaketa bat, eta identitatearekin du zerikusia. Postigo: «Metroak lagundu du esparru funtzional bateko kide izatearen sentimendua sendotzen. Metro geltoki batean sartu eta, udalerrien arteko mugak igarota, beste batean ateratzeak indartu egin du metropoliaren kontzeptu hori». Beste hitz batzuekin azaldu du hori Garciak: «Bilbo Handia kontzeptua inoiz baino egiazkoagoa da. Orain, metroa iristen den lekuraino iristen da Bilbo».
Matxurak eta arazoak
Urriaren 6an, matxura baten ondorioz, tren bat geldirik geratu zen San Ignazioko eta Sarrikoko geltokien artean, eta goizean etenaldiak egon ziren zerbitzuan. Iluntzean berriro gertatu ziren halakoak, baina arazoak tarte handiago bati eragin zion, eta Bilbotik Ezkerraldeko herrietarako linea moztuta geratu zen, noiz-eta jende askok lanetik etxerako bidea hartu behar zuenean. Ondorioak berehalakoak izan ziren: autobus geltokietan jende ilara handiak eratu ziren, eta Abandoko tren geltokian ere jendetza batu zen, tren bat hartu nahian.
Hori ere ekarri du metroaren arrakastak: Bilboko metropolian gehien erabilitako garraiobidea da, eta garraio sistemaren zutabe nagusia ere bada, baina zutabe horrek huts egiten duenean, arazoak sare osora hedatzen dira.
«Metroak lagundu du esparru funtzional bateko kide izatearen sentimendua sendotzen, eta metropoliaren kontzeptua indartu du»
IDOIA POSTIGO Bilbo Metropoli 30 elkarteko zuzendari nagusia
Bizkaiko garraio sistemak menpekotasun handiegia ote du metroarekin? Arruebarrenak ez du halakorik uste; dioenez, duela zenbait hamarkada, garraio sarea diseinatzen hasi zirenean, horixe zen metroari ezarri zioten funtzioa: «Guk jakin badakigu Bizkaiko garraio publikoaren ardatza garena; izan ere, ardatza izateko ametsa buruan izanda sortu ginen, duela 30 urte. Orain esan dezakegu amets hori errealitate bilakatu dela, baina egia da beharrezkoa izan dela 30 urte pasatzea hori lortzeko. Iaz ehun milioi bezero izan genituen, eta, metroa sortu zenean, horixe zen helburua».
Edonola ere, Arruebarrenak badaki metroaren nagusitasun horrek «erantzukizun itzela» dakarrela: «Ehun milioi horiek batez ere L1 eta L2 lineetan ibiltzen dira, hau da, itsasadarraren bi aldeetatik doazen ibilbideetan, eta badakigu metroa matxuratzen denean arazo larriak sortzen direla hura erabiltzen dutenentzat. Hori da gure eginkizuna: lan egitea ahalik eta matxura gutxien sor daitezen eta sortzen direnean ahalik eta azkarren konpon daitezen. Ez dugu beti lortzen, makinekin lan egiten dugu eta, eta makinak noizean behin matxuratu egiten dira».
«Garraiobidea edozein delarik ere, horrelako arazoek herritarrei sortzen dizkieten eragozpenen larritasuna antzekoa da», azaldu du Garciak, «baina, metroa jende gehiagok erabiltzen duenez, eragin handiagoa du gizartean, eta horri soluziobideak emateko gaitasuna konplikatu egiten da. Leku batera joateko modu bakarra autobusa bada, eta autobus linea horretan arazoak badaude, hori larriagoa da garraiobide hori erabiltzen dutenentzat. Noizean behingo arazoak gorabehera, nik uste dut metroa edukitzearen abantailak balioetsi beharko genituzkeela».
BILBOKO METROA datuTAN
2.281Metroa hasi zenetik zenbat bidaia egin diren, milioitan. Egun bakar batean egindako bidaia kopururik handiena 512.000 da: Athleticek Espainiako Kopa irabazi eta gabarra atera zuten egunean gertatu zen hori, 2024ko apirilaren 11n.
14Zenbat udalerri zeharkatzen dituen metroak. Hiru bizkaitarretik bi udalerri horietan bizi da. Orotara, 42 geltoki daude, eta sareak 45 kilometro inguru ditu.
%40L2 lineak zenbat bidaia hartzen dituen, ehunekotan. L2 linea, hau da, Basauritik Kabiezeserako bidean Ezkerraldeko herriak zeharkatzen dituena da gehien erabiltzen dena: hamar bidaiatik lauk linea horretan dute jatorria edo helmuga.