Bilbokoa zen joan den astean Espainian gizon batek hil zuen andrazkoa

Espainiako Poliziak adierazi duenez, 47 urteko gizon bat atxilotu dute, hilketa matxista leporatuta. Emakumeak Gasteizen egiten zuen lan.

Indarkeria matxistako kasu bat salatzeko manifestazioa Bilbon, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Indarkeria matxistako kasu bat salatzeko manifestazioa Bilbon, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko ekainaren 13a
13:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Joan den larunbatean, hau da, ekainaren 7an Malagan (Espainia) izandako hilketa matxistaren biktima Bilbokoa zen, Espainiako Poliziak BERRIAri baieztatu dionez. Iturri horrek berak jakinarazi duenez, 47 urteko gizon bat atxilotu dute, biktimaren bikotekidea, hilketa matxista leporatuta.

Alea-k argitaratu duenez, emakumeak Gasteizen lan egiten zuen, Ariznabarra auzoko taberna batean. Hain zuzen, Ariznabarrako auzokideek eta hainbat eragilek elkarretaratzera deitu dute iganderako, hilketa matxista salatzeko asmoz.

Espainiako Polizia ikertzen ari da zer gertatu den, eta azaldu dute gizonak Poliziarengana jo eta bere burua entregatu zuela. Zehaztu dute, gainera, gizona ez zegoela Genero Indarkeriako Kasuetarako Jarraipen Integraleko Sisteman alta emanda, baina, halere, emaztekiaren ahizpa 2023an ahalegindu zela gizonaren kontrako salaketa jartzen.

129 hilketa

Azken hilketa matxista kontuan hartuta, denera 129 emakume hil dituzte gizonek 2003tik Euskal Herrian. Haietako lau, aurten: apirilaren 25ean Haron (Espainia) izandako hilketa matxistaren biktima Gasteizkoa zen, eta bikotekideak hil zuen, 46 urteko gizonezko batek, labana sartuta; urtarrilaren 3an, 63 urteko gizon batek bere ama hil zuen Barakaldoko Arrandi kaleko etxebizitza batean (Bizkaia) —biktimak 84 urte zituen—; eta otsailaren 5ean, berriz, Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen Irunen (Gipuzkoa), amari labanaz eraso egitea leporatuta.

Gainera, duela bi aste, 43 urteko gizon batek bere 13 urteko alaba hil zuen, eta, ondoren, bere buruaz beste egin, Bilboko Udaltzaingoak zabaldutako informazioaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.