Zupiriak esan du litekeena dela Etxarri II hustean gizon bati eragindako lesioak «ertzain baten jokabide desegokiaren» ondorio izatea

Segurtasun sailburuaren esanetan, Aranak aurkeztutako dokumentazioak bat egiten du egindako salaketarekin. Hark barrabil bat galdu zuen ertzain batek foam bala bat jaurti ostean.

Ertzainak, Etxarri II husteko operazioan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ertzainak, Etxarri II husteko operazioan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko maiatzaren 7a
15:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriaren arabera, Ertzaintzak barne ikerketa bat du martxan Iker Aranak apirilaren 3an jasandako erasoa argitzeko, eta hark iradokitzen du Aranak aurkeztutako dokumentazioak bat egiten duela salatutakoarekin: «Litekeena da ertzain batek desegoki jokatu izana». Izan ere, Aranak salatu zuen Etxarri II gaztetxea husteko operazioan ertzain batek barrabiletara tiro egin ziola. Horren ondorioz, ospitaleratu egin behar izan zuten, eta barrabil bat galdu du.

Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean egindako agerraldian, Aranak aurkeztutako salaketaren nondik norakoak gogoratu ditu Zupiriak, eta horiei sinesgarritasuna eman. Izan ere, hark aurkeztutako dokumentazioak salatutako gertaerekin bat egiten duela adieraztearekin batera, esan du deskribatutako foam jaurtigaia Ertzaintzak dituen 40 milimetroko jaurtigailuekin erabiltzen den bera dela. Horiek hala balira, Zupiriak azaldu du tiro egin zuen agentea identifikatu beharko litzatekeela, Ertzaintzaren operazio ororen aurretik ezarri behar baita zein agentek daramatzaten halako armak.

Aranak esanak gogoratu ditu sailburuak. Haren arabera, 21:15 eta 21:45 artean, ertzain talde batek inguruan zen herritar talde bati apuntatu zion, eta horietako batek tiro egin zuen. Salatzailea beso zabalik gerturatu zen, tiro egin izana salatuz, eta, orduan, ertzain batek barrabiletara tiro egin zion. Zupiriak azaldu duenez, gazteak foam bala berriz bota zien agenteei, eta lekutik alde egin zuen barrabiletako minez. Hain zuzen, goizaldean, larrialdietara joan behar izan zuen min horren ondorioz.

Horiek hala, Zupiriak azaldu du Segurtasun Saila martxan jarri zela Aranaren salaketa «gogorraren» ostean, eta barne ikerketan zenbait lan egiten ari direla: gazteak aurkeztutako materiala aztertzea, han zeuden ertzainak identifikatzea, foam jaurtigaiak zituzten agenteak zehaztea, ertzainen irudiak eta inguruko eraikinetako kameretakoak aztertzea, lekukoei adierazpenak hartzea eta erabili ziren armak gordetzea.

Kamerei dagokienez, adierazi du ertzainen berrogei kameratako irudiak aztertu dituztela, eta horietan ez dela gertaera horren irudirik ageri. Halere, adierazi du horrek ez duela esan nahi gertatu ez zenik. «Ez da beti behar den bezala erabiltzen», esan du sailburuak berak.

Era berean, Zupiriak adierazi du Ertzaintzak indarra erabiltzeko «zilegitasuna» duela, baina, era berean, gehitu du horrek exijitzen duela indarraren erabilera hori aztertzea: «Indar legitimoa bai, baina indarkeria inola ere ez». Eta gehitu du sailari dagokiola gertatutakoa argitzeko lan egin eta afera justiziaren esku uztea.

Ikerketaren ingurukoak azaltzearen batera, baina, gertaera haren inguruan indar egin nahi izan du Zupiriak. Azaldu duenez, Etxarri II gaztetxea husteko garaian «istilu larriak» izan ziren. «Ehundaka pertsonak kale istiluak sortu zituzten, eta Ertzaintzari eraso egin», esan du, eta gehitu du ezin direla halakoak «normaltasunez» onartu. Esan du desordena publikoak izan zirela, eta Ertzaintzaren kontra zenbait objektu jaurti zituztela bertaratutakoek.

Hala, Zupiriak bereizi egin nahi izan ditu gaztetxea uzteko «operazio planifikatua» eta Aranak salatutako «planifikatu gabeko» ekintza. Izan ere, adierazi du polizia operazioa beharrezkoa zela, eta gehitu konfiantza osoa duela hura antolatu zuten ertzainburuengan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.