AEK-k esan ondotik CCOOk euskara eskakizunekin duen jarrera Korrikarekin «bateraezina» dela, sindikatu horrek eta PSE-EEk uko egin diote Korrikan parte hartzeari, eta, horrekin batera, areagotzen ari da euskara eskakizunen inguruko eztabaida. Hori ikusita, EH Bilduk aurrerapauso bat eman du: gaur bertan, CCOOri eta Hego Euskal Herriko gainontzeko sindikatu nagusiei deituko die, ELA, LAB eta UGTri, eta hizkuntza eskakizunei buruzko «konponbide zehatz bat» aukeztuko die. Hala jakinarazi du koalizio abertzaleko Eusko Legebiltzarreko eledun Pello Otxandianok, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean.
EH Bilduk Enplegu Publikoaren Legearen erreformarako proposamena erregistraturik dauka Eusko Legebiltzarrean, eta, horren gainean, progresibitatearen aldagaia «definitu» egin dutela azaldu du Otxandianok, bi hizkuntza ofizialak parez pare egon daitezen, «modu anbiziotsuan, baina pragmatismoarekin». Erantsi du «testuinguruaren edota lanbidearen araberako definizioa» dela koalizio subiranistak egin duena progresibitateaz aritzean, «eskakizunak denborari begira nola gauzatu behar diren zehazteko».
Sindikatuekin batzartu nahi du EH Bilduk, jakin nahi baitu zertan ez dagoen ados CCOO. Azken egunetan, argitara atera da lan eskaintza publikoetan euskara eskakizunen aurkako helegiteetan CCOOk nolako esku hartzea izan duen, baina Otxandianok ziurtatu du CCOO ez dagoela hizkuntza eskubideen aurka, oro har. «Valentzian, EH Bilduk baino posizioa aurreratuagoak dauzka».
«CCOO ez dago hizkuntza eskubideen aurka, oro har. Valentzian, EH Bilduk baino posizioa aurreratuagoak dauzka».
PELLO OTXANDIANO EH Bilduko eleduna
Halaber, adierazi du EAJk eta PSE-EEk ere badakitela zein den EH Bilduk lege proposamenaren gainean egindako definizioa, baina salatu du alderdi bi horiek hizkuntza eskakizuei buruzko eztabaida «bahitu» egin dutela Eusko Legebiltzarrean, eta EAJk esana duela euskararen bizkarrezurra ukitzen duen edukia PSErekin adostuko duela. «Zehaztapenak egin ditugu gure proposamenean, eta uste dugu proposamen inklusiboa dela, guztiok egoteko modukoa», jarraitu du Otxandianok. EAJren barruan ere gaiaren inguruan desadostasunak daudela erantsi du.
Pradalesen zain
Hori horrela, sozialistei eta jeltzaleei EH Bildurekin negoziatzeko deia egin die koalizioko eledunak, «bitartean, kalean, euskararen inguruko eztabaida polarizatzen ari baita». Irtenbidea alderdien esku dagoela gaineratu du, haiena dela «erantzukizuna» egoera arantzatsu hori bideratzeko. «Euskarak zubiak behar ditu, bai, baina zubiak igarotzeko daude, eta adostasunak eraikitzeko».
Batera edo bestera, gaur bertan deituko dio Otxandianok CCOOko idazkari nagusi Santi Martinezi, EH Bilduren proposamena helarazteko eta euskara eskakizunen inguruko auzia bideratzen saiatzeko. EAJrekin eta PSErekin aurrerapausoak ematea zailagoa ikusten du EH Bilduko eledunak, eta «lidergoa» eskatu dio Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, auzi horrek «egitura instituzional osoari» eragin baitio: «Ez dut ikusi lidergo hori orain arte». Euskararen inguruko eztabaida eta negoziazioak aurrera egiten ez badu datozen egunetan, Otxandianok jakinarazi du EH Bilduk egin duen proposamena gizarteratu egingo duela, «jendarteak ezagut dezan».
Bestalde, Maria Txibite Nafarroako presidenteak berriki salatu du Korrikan euskal presoen argazkiekin parte hartu dutela batzuek, eta hori «mingarria» zaiela ETAren indarkeriaren biktimei. Euskararen aldeko ekitaldi batean horrelako gertaerak «zaindu» beharko liratekeela erantsi du Txibitek, eta, eskaera horri erantzunez, Otxandianok azaldu du Korrikan «mundu bat» kabitzen dela, era guztietako aldarrikapenak. «Zerbaiten gorazarrea egiten dela interpretatzen bada, hori ezin da AEKren bizkarrean jarri, banakoek egiten baitute». Edonola ere, Otxandianok eskatu dio pertsona bakoitzari hausnar dezala bakoitzaren aldarrikapenak «besteentzat mingarriak izan ote daitezkeen».