EH Bilduk adierazi du «ezinbesteko eragilea» dela «eraldaketa sozial eta politikorako»

Koalizio subiranistak ekitaldi politikoa egin du Iruñean, 2015eko aldaketa politikoaren hamargarren urteurrena ospatzeko.

Joseba Asiron, Laura Aznal eta Pernando Barrena, gaur, EH Bilduk Iruñeko O-ko Andre Mariaren plazan egin duen ekitaldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Joseba Asiron, Laura Aznal eta Pernando Barrena, gaur, EH Bildu-k Iruñeko O-ko Andre Mariaren plazan egin duen ekitaldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2025eko maiatzaren 24a
14:45
Entzun 00:00:0000:00:00

«Aldaketa ez zen jaio bulego batean, baizik eta balkoietan eta leiho irekietan. Plazetan, auzoetan, fabriketan, herrietan... Behetik gora, gauza garrantzitsu guztiak bezala». Joseba Asiron Iruñeko alkateak ez ditu inoiz ahantziko 2015eko udal eta foru hauteskundeak. Horietan mamitu zen aldaketa politiko-instituzionala Nafarroako Gobernuan, Iruñeko Udalean eta beste zenbait erakundetan. Hura gogoratzeko ekitaldi politikoa egin du EH Bilduk Iruñean. Han adierazi dute koalizioa «ezinbesteko tresna» dela «eraldaketa sozial eta politikoa bermatzeko».

Koalizio subiranistaren eledun eta militante izandako dozenaka lagun bildu dira O-ko Andre Mariaren plazara, Aitziber Campion Iruñeko zinegotziak aurkeztutako saioan parte hartzera. Asironek hartu du hitza lehenbizi, eta hamar urteotan eginiko bidea goraipatu: «Hamar urte igaro dira aldaketaren zuhaitza landatu genuenetik, eta, dagoeneko, milaka dira haren gerizpean direnak». Etxebizitzaren, zaintzaren, memoria historikoaren eta tokiko ekonomiaren esparruetan eginiko lana nabarmendu du, besteak beste.

Autoritarismoa eta faxismoa goraldian direla gogorarazi du Iruñeko alkateak, eta «komunitatearen indarra» aipatu du horiei aurre egiteko tresnen artean: «EH Bilduk instituzioetan du hanka bat, eta kalean bestea, benetako aldaketa ertzetan baitago». Bukatzeko, esan du koalizio subiranista ez dela «anekdota hutsa» izanen Euskal Herriko historian: «Zirimiri gisa jaio ginen, baina tsunamia gara orain».

Elkartasuna Palestinari

Laura Aznalek, EH Bilduren Nafarroako bozeramaileak, aipamen berezia egin nahi izan dio Gazako genozidioari. Kufija jantzita igo da oholtzara, eta «babes osoa» adierazi dio Palestinari: «Israelgo Estatua egiten ari den genozidioa salatu behar dugu. Gu beti Palestinarekin bat».

Aznalek ere atzera begiratu du, eta azpimarratu duela hamar urteko aldaketa politikoa «herritarren lorpena» izan zela: «Ezer aldatu nahi ez zuen sektore hori bazterrera mugitu genuen, erabateko irrelebantziara». Gainera, EH Bilduko parlamentariak uste du aldaketa hori «atzera-bueltarik gabekoa» dela.

Hala ere, Aznalek hizpidera ekarri ditu aurrera begirako erronkak ere: «Ez gara konformatzen lortutakoarekin. Gure bokazioa eraldatzailea da: presarik gabe baina etenik gabe, gure indar guztiekin lan egin behar dugu Nafarroa egunetik egunera pixka bat hobea izan dadin, pixka bat justuagoa». Eta gogorarazi du EH Bildu ezinbesteko tresna dela bide horretan: «EH Bildu gabe, ez dago eraldaketarik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.